Iranekin trabatuta

Annanek Siriarako proposatutako harremanetarako taldean Teheran egotea nahi du, baina horren aurka daude AEBakErrusiak Siriari buruzko nazioarteko konferentzia bat egin nahi du

mikel rodriguez
2012ko ekainaren 9a
00:00
Entzun
Bakerako sei puntuko bere plana betetzen ari ez dela eta, Kofi Annanek Siriarako harremanetarako talde bat sortzea proposatu du gatazka blokeo egoeratik ateratzeko. Proposamena bera, ordea, eztabaidagai bihurtu da gatazkan inplikatuta dauden herrialdeentzat. Mendebaldean, taldearen sorrera ontzat jo dute, baina ez dute nahi Iran bertan egotea, Annanek proposatutakoaren kontra. Errusia, berriz, Iranen parte hartzearen aldekoa da, baina harremanetarako talde bat sortzearen ordez, nazioarteko konferentzia bat egin nahi du. Adierazpenetan gehienek Annanen planarekiko konpromisoa agertzen duten arren, agerian utzi dute alternatibak bilatzen ari direla. Mendebaldetik eta Persiako golkoko herrialdeetatik gerrarako aukera aipatu dute, baina Errusiak eta Txinak hori saihestu nahi dutela diote.

«Batzuk diote plana hilik dagoela. Zein da orduan arazoa, plana bera, edo hura betetzea? Betetzea baldin bada, nola lor dezakegu hori? Eta plana baldin bada arazoa, ze bertze aukera ditugu? Galdera horiei erantzuna bilatu behar diegu», adierazi zuen Annanek atzo Washingtonen, Hillary Clinton AEBetako Estatu idazkariarekin izandako bileran. «Trantsiziorako estrategia bateratu bat» diseinatzea zuen helburu bilerak, Victoria Nuland Estatu Departamentuko bozeramaileak jakinarazi duenez.

Iran, «soluzioaren parte»

Mandatari bereziaren eta AEBen artean desadostasunerako elementu nabarmen bat agertu da: Iran. «Guretzat zaila da imajinatzea indarkeria laguntzen hain muturreko jarrera izan duen herrialde bat harremanetarako talde batean edukitzea eraikitzailea izan daitekeenik», adierazi du Nulandek. Iranen parte hartzea ukatzeak haren programa nuklearraren auziarekin loturarik ez duela erran du, gainera. Annanek bezperan Iranek balizko harremanetarako taldean egon behar zuela defendatu zuen, «hagitz rol garrantzitsua» duelako Sirian. Horregatik, mandatari bereziak nahiko luke Teheran «gatazkaren soluzioaren parte» izatea.

Errusiak ere, noski, Iranen parte hartzea nahi du, baina bere proposamena nazioarteko konferentzia bat egitea da, harremanetarako talde bat beharrean. Hala jakinarazi zion atzo Sergei Lavrov Atzerri ministroak Annani, telefono bidez. Moskuren aburuz, konferentzia horretan parte hartu beharko lukete Segurtasun Kontseiluko bortz herrialdeek —AEBek, Erresuma Batuak, Errusiak, Frantziak eta Txinak— eta Siriaren ingurukoek. Mikhail Bogdanov Atzerri ministrordeak jakinarazi du «kontsulta intentsiboak» abiarazi dituztela konferentziako balizko parte hartzaileekin. Horien artean Iranek egon behar duela defendatu du, «denek onartzen dutelako eremu osoan duen eragina, eta zehazki Sirian». Washingtonek Teheranen presentzia onartzen ez duela eta, hori AEBekin eztabaidatuko dutela erran du Bogdanovek. Hain zuzen, Clintonek Siriarako duen aholkulari Fred Hof eta Errusiako Atzerri Ministerioko ordezkari Gennadi Gatilov elkartu ziren atzo, baina ez zuten bileraren inguruko xehetasunik argitu. Soilik «eraikitzailea» izan zela erran zuen Clintonen bozeramaile Nulandek.

Yemengo plana Sirian

AEBek herenegun erran zuten Errusiak proposatutako konferentzia egitekotan, baldintza bat izan beharko litzatekeela Baxar al-Assad Siriako presidenteak boterea uztea —Annanen sei puntuko planak biltzen ez duen baldintza—. Clintonek erran zuen Siriaren inguruko konferentzia bat antolatzeko asmoz NBEko Segurtasun Kontseiluko herrialdeekin elkarlanean aritzeko «gogotsu» daudela, «Errusiarekin barne».

Al-Assadek boterean jarraitzea, ordea, Errusiarentzat ez da ezinbertzeko baldintza. Hala erran du Bogdanov Atzerri ministrordeak, Interfax agentziaren arabera. Yemenen aplikatutako plana Sirian sostengatuko al luketen galdetu diote Bogdanovi, baina hori «Siriako herriari egin beharreko galdera» dela erantzun du. «Yemengo eszenatokia yemendarrek eztabaidatu zuten. Eszenatoki bera siriarrek eztabaidatzen eta erabakitzen badute, ez gaude horren kontra». Yemengo presidente Ali Abdullah Salehek kargua presidenteordearen esku utzi zuen urte hasieran oposizioarekin ala hitzartu ondotik. Salehen aurkako auzibiderik ez dute ireki, eta politikan parte hartzen segitzen du, Herriaren Kongresu Nagusia alderdiaren buruzagitzan.

Mendebaldearen jarreraren aurka lerratuta dagoen bertze potentziak, Txinak, Annanen planari sostengua agertu dio bertze behin, baina ez du zehaztu azken proposamenekiko eta Iranen eztabaidaren inguruan duen jarrera. Aste honetan Pekinen elkartu dira Lankidetzarako Shanghaiko Erakundea osatzen duten herrialdeak. Errusia eta Txina dira talde horren sustatzaile nagusiak, eta Asiaren erdialdeko herrialdeek osatzen dute. Iran ere kidea da, behatzaile estatusa duen arren. Hala ere, Pekingo bilkuran izan zen Mahmud Ahmadinejad presidentea. Siria izan zuten mintzagai nagusietako bat, eta han militarki esku hartzeko aukeraren aurka egiteko konpromisoa berretsi zuten.

Atentatuak bonba autoz

Siriatik bertatik, berriz, indarkeria ekintza gehiagoren berri eman dute bertze egun batez. Hainbat atentatu egin zituzten atzo estatuko indarren aurka, eta gutxienez hamar hildakoren berri eman dute. Bi eraso Damaskotik gertu izan ziren: Qudssaya barrutian hiru polizia hil zituzten bonba auto baten bidez, Sana agentzia ofizialaren arabera, eta Rif Dimaxqen bertze hiru, metodo berberarekin. Ipar-ekialdeko Idlib probintzian, berriz, bertze bonba auto batekin bortz lagun hil zituztela dio Sanak —bi polizia eta hiru zibil—.

Al-Qubeir hirian, berriz, NBEko behatzaileak sartu ziren atzo, duela egun batzuk han gertatutako sarraskiaren ondorioak ikusteko. Oposizioko talde batzuek 80 zibil hiltzea egotzi zioten gobernuari, baina Damaskok adierazi du armada harat ailegatu baino bortz ordu lehenago egin zituztela hilketak ondoko herri batetik joandako «gizon armatuek».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.