Iran

Iranen programa nuklearraren inguruko auzia NBEko Segurtasun Kontseilura eramatea onartu du IAEAk

Kide diren herrialde gehienen babesa jasota, IAEA Energia Atomikorako Nazioarteko Agentziak Iranek abiatu duen programa nuklearraren inguruko auzia NBE Nazio Batuetako Segurtasun Kontseilura eramatea onartu du. Onartu ahal izateko, hasierako proposamena leundu egin behar izan dute IAEAren gobernatzaileen batzordean, eta zigor neurririk ez da proposatzen Iranen aurka. Era berean, "Ekialde Hurbilak suntsipen handiko armetatik libre" behar duela esate da ebazpenean, zeharka bederen Israelek ez lukeela arma nuklearrik izan behar adieraziz. Iranek "berehala" uranioa aberasteko programa "errendimendu betean" jarriko dutela erantzun du. Agintaritza batzordeko 35 herrialdeetatik 27k bozkatu dute auzia Segurtasun Kontseilura eramatearen alde, bost abstenitu egin dira, eta Siriak, Kubak eta Venezuelak aurka bozkatu dute.

2006ko otsailaren 4a
17:58
Entzun
Mendebaldeko herrialdeek hasieran egindako proposamena errezeloz hartu zuten Lerrokatu Gabeko Herrialdeek, eta azken orduetan lan diplomatiko handia egin da, adostasuna lortzeko. Finean, hasierako proposameneko testua leuntzeko eskatzen zuten Lerrokatu Gabeko Herrialdeek, eta, era berean, arma nuklearrak izateko debekua Israeli ere zabaltzeko.

Azkenean, Iranen aurka zigor eskaririk egiten ez duen testua onartu da NBEren Segurtasun Kontseilura eramateko, nahiz eta uranioa aberasteko programa bertan behera uzteko eta IAEArekn gardenago izateko exijitzen zaion. Era berean, onartu den proposamenak helburua "suntsipen handiko armarik gabeko Ekialde Hurbila" dela esaten du, hala Israelen zeharkako aipamena eginez.

Proposamenaren aldeko IEAEko gobernatzaileen batzordeko 35 herrialdeetatik 27k bozkatu dute. Zortzi abstenitu egin dira (Aljeria, Hego Afrika, Indonesia, Libia eta Bieloerrusia), eta Siriak, Kubak eta Venezuelak aurka bozkatu dute.

Irango Gobernuak segituan erantzun dio IAEAren erabakiari: uranioa aberasteko programa "berehala errendimendu betean" jarriko duela iragarri du, eta, gainera, IAEArekin elkarlanean aritzeko programa bertan behera uzten duela.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.