Irango armadako flotilla batek Siriako Tartus portuan bota du aingura

Siriara itsas indarrei prestakuntza emateko helburuarekin joan dela azaldu du telebista kate batek

Erredakzioa
2012ko otsailaren 19a
00:00
Entzun
Irango armadako hainbat itsasontzik osatutako flotilla batek Suezko kanala igaro eta Siriako Tartus portuan bota du aingura. Flotilla hori Jark hornidura ontziak eta Shanid Nadqi gerraontziak osatzen dute. Hispan TV Irango telebista kateak jakinarazi duenez, Damaskoko gobernuarekin iaz egindako akordio baten baitan, ontzidi horren helburua Siriako itsas indarrei prestakuntza ematea da. Bigarren aldia da Irango itsasontzi talde bat Mediterraneoko uretara sartzen dena. Aurreneko aldia 2011ko otsailekoa izan zen.

Tartusko Portua Siriako garrantzitsuenetan bigarrena da, Latakiakoaren ondotik, eta hiriburutik 160 kilometrora eta Libiako mugatik 30 kilometrora dago. Errusiak ere itsas basea du han.

Habibola Sayari Irango armadako kontralmiranteak adierazi duenez, bi itsasontziek Egiptoko indar armatuek emandako baimenarekin igaro dute Mediterraneoa. Aurretik, berriz, Arabia Saudiko Yedako portuan egon zirela azaldu du, bi herrialdeen arteko harremanak onenean ez dauden arren. Haren esanetan, nazioarteko uretan presentzia handitzeko agindu bat betetzen baizik ez ziren ari.

AEBetako Gobernuari ez dio kezka berezirik eragin Irango armadaren maniobrak, haren itsasoko «gaitasun mugatuagatik».

Gerra hotzaren beldur

Iranen asmo nuklearrek Ekialde Hurbila gerra hotzera bultza dezaketela ohartarazi du Willian Hague Erresuma Batuko Atzerri ministroak, Daily Telegraph-i emandako elkarrizketa batean. Iranek arma nuklearrak garatzen baditu gainontzeko herrialdeek ere gauza bera egin dezaketela uste du. «Horrek sekulako desegonkortasuna eragingo luke».

Haguek nabarmendu du Errusiaren eta AEBen artean ere badagoela lehia arma nuklearren esparruan, baina aldea segurtasun mekanismoetan dagoela. «Ekialde Hurbilean beharrezko segurtasun neurririk gabe gerra hotzerako mehatxu berri bat indartzea hondamendia litzateke».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.