Nazio Batuen Erakundearen Batzar Nagusian demokraziaren balioaz hitz egin dio Obamak munduari, eta AEBek balio horiek zabaltzeko dituzten asmoez. Irakeko eta Afganistango gerrak atzean utzita, aurrera begira jarri da, esanez, orain, AEBen indar diplomatikoak Israelen eta palestinarren arteko elkarrizkak gauza daitezen jarriiko dituela, eta Irango auzi nuklearra konpontzen.
Hain zuzen, Iranen eta AEBen harreman ezari aurre egiten hasteko gogoa islatu nahian, hainbat keinu egin dituzte bi herrialdeetako mandatariek, eta, Obamaren ustez, Teheran azken asteotan ematen ari den mezuak oinarri behar luke irtenbide negoziatu batentzat. Ez duela arma nuklearrik egingo esaten aritu da Hassan Rahini Irango presidentea; bere herriaz beste ikuspegi bat erakutsi nahi duela ere bai.
Horretarako Obamak John Kerry Estatu idazkariari agindu dio Irango Gobernuarekin akordio bat bultza dezan, eta lehen bilera etzi egingo du Kerryk Atzerri ministro Javad Zarifekin. Bilera horren aurretik ere, baina, hainbat mugimendu diplomatiko izaten ari dira auzi nuklearraz. Atzo Zarifek saio batzuk egin zituen Mendebaldeko hainbat Atzerri ministrorekin eta Europako Batasuneko goi mandatari Catherine Ashtonekin.
Iranen eta AEBen arteko gerturatzearen isla liratekeen keinuak ikusi nahi ditu nazioarteak, eta Obamaren eta Rohaniren arteko zer edo zer ikusteari adi begira daude; elkarri hitz gutxi batzuk nahikoa lirateke mundu osoan zabaltzeko albistea, ez baita horrelakorik gertatu 1979ko iraultza islamikoa gertatu zenetik. Komunikabideetan zabaldu denez, nazio batuen batzarraren aurreko egunetan eskutitzen bidez elkarri jakinarazi diote programa nuklearrari buruzko jarrera ezberdinei irtenbidea emateko duten beharra. Nazioartearen eta AEBen zigor ekonomiko gogorrez ere aritu dira.