Alderdi politikorik gabe baina Legebiltzarrean gehiengoa duen Abadgaran talde kontserbadorearen babesarekin iritsi da Presidentetzara Mahmud Ahmadinejad. Dena den, ibilbide politiko luzea eta eskarmentu handia du.
1956an jaioa, Teheran ondoko Garmsar herri langilean; aita errementaria zuen. Teherango Unibertsitatean Garraio eta Trafiko Ingeniaritza ikasi zuen Ahmadinejadek. Artean ikasle zela, 1979an, AEBen enbaxada hartu zuen Basij ikasle taldearekin. Harro dago ekintza hartaz. Gertaera horrek Washingtonek Teheranekiko harremanak moztea eragin zuen, eta Ahmadinejadek dio ez duela harreman horiek leheneratzeko asmorik, ez oraingo egoeran. «AEBak libre izan ziren Iranekiko loturak mozteko, baina orain Iranen erabakia izango da AEBekin harremanak berriz hasi edo ez», adierazi izan du.Irango Guardia Iraultzaileko komandante izan zen, eta, zenbait iturriren arabera, Iraken kontrako gerran operazio sekretuetan parte hartu zuen auzoko herrialdean. Nolanahi ere, iturri ofizialei erreparatuz gero, gerrak iraun zuen urteetan (1980-1988) Ardabil probintziako gobernadore aritu zela ikusiko dugu. Gero kutsu atzerakoi eta kontserbadoreko erakundeetan jardun zuen, hala nola Iraultza Islamikoaren Fidelen Elkartean eta Batasuna Sendotzeko Bulegoan. 2003ko udaberrian Teherango alkate izendatu zuten, eta egin zuen lehen gauza hiriburuak zituen trafiko arazo larriak konponduko zituela agintzea izan zen. Jarraian, janari lasterreko jatetxeak itxi, kultur zentroen ekinbidea murriztu eta islamaren balioak irakatsi eta zabaltzeko zentroak sustatu zituen. Halaber, hiriko gizonezko langileei bizarra eta mauka luzeak eramatea galdegin zien.Aurreko alkateek abiatutako hainbat erreforma eten izanak lehengo presidente Mohammed Khatamiren haserrea eragin zuen, eta horrek Teherango alkateek Ministroen Kontseiluan parte hartzekoduten ohorea kendu zion.Ildo populista eta bizimodu xumea darama, eta ustelkeriaren kontra aritu da. Bere webguneak Mardomyar du izena (Herriaren Laguna). Bestalde, programa nuklearraren defendatzailea da. -Juanma Sarasola
IRANGO HAUTESKUNDEAK. SOSLAIA. Kontserbadore eta populista
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu