Ali Khamenei Irango aiatola nagusi eta estatuburuak indarra hartu du parlamenturako hauteskundeetan. Behin betiko bozak gaur jakinaraziko badituzte ere, lehen kontaketek agerian utzi dute kontserbadoreen arteko erronkan Khamenei izango dela garaile, Mahmud Ahmadinejad presidentearen kalterako.
Legebiltzarreko 290 eserlekuak aukeratzeko bozak ostiralean egin zituzten. Parte hartzea %64,2koa izan dela jakinarazi dute agintariek, aurretik esperotakoa baino handiagoa, hain justu. Erregimenaren aburuz, parte hartze handiak agerian uzten du gobernuak Mendebaldearekiko duen jarrera babesten dutela herritarrek.
Ahmadinejaden eta Khameneiren jarraitzaileen artekoa zen lehia bozetan. Datorren urtean egingo dituzten presidentetzarako bozetarako indarrak neurtzeko balioko baitie bozketaren emaitzek. Behin-behineko emaitzen arabera, muturreko elizgizonek indarra hartuko dute datorren urteko lehiarako, eta Ahmadinejadi agintean geratzen zaion azken urtea ere zaildu diezaiokete Khameneiren aldeko emaitzek. Datorren astean, hain zuzen, legebiltzarraren aurrean agertu beharko du presidenteak, gobernuaren ustezko ustelkeria kasuengatik erantzuteko.
Khameneiren garaipenak gizartearen kontrola handitzea eta ekonomian esku hartze handiagoa izatea ekarriko duela diote adituek. Dena den, petrolioaren esportazioan eta programa nuklearrean jarrera bertsua dute bi bandoek.
AEBen eskuhartze militarra
AEBetako presidente Barack Obamak ohar bat igorri dio Irani: esan dio esku hartze militarra ez duela baztertzen. Teheranek bonba atomikoa lortzea onartezina dela dio Obamak, eta hori saihesteko eraso egiteko prest dagoela. «Ez nabil txantxetan». Dena den,argi utzi du hori azken aukera litzatekeela eta oraingoz zigorren bideari eutsiko diola. Astelehenean, Benjamin Netanyahu Israelgo lehen ministroarekin bilduko da Iranez hitz egiteko.
Irango Parlamenturako bozetan indarra hartu du Khameneik
Behin-behineko emaitzen arabera, %64koa izan da parte hartzea, esperotakoa baino handiagoa
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu