Irani presio egiteko estrategian, EB Europako Batasunak bete-betean egin du bat AEBekin, Irandik inportatutako petrolioari betoa paratuz, Teheranek bere programa nuklearraren izaera zibila erabat ziurtatu ez duela argudiatuta. «Programaren inguruko negoziazioekin konpromiso serioa hartzen badu, atea irekia izanen du», erran dute Nicolas Sarkozy Frantziako presidenteak, Angela Merkel Alemaniako kantzilerrak eta David Cameron Erresuma Batuko lehen ministroak, adierazpen bateratu batean. Hori egin ezean «neurri gogor» gehiago hartuko dituztela jakinarazi dute. EBko hiru estatu boteretsuenak izan dira zigorren sustatzaile nagusiak, baina gainerako 24 kideen oniritzia behar izan dute, eta horietan Grezia izan da azken ordura arte zalantza handienak eduki dituena, Iranen petrolioarekiko behar handiena baitu. Zigorrek Teheranen jarreran zer eragin izanen duten ez dago argi, errepublika xiitak Asian baitu merkatu nagusia.
Iran garatzen ari den programa nuklearraren ustezko arlo militarra «berehala» eteteko exijitu diote Sarkozyk, Merkelek eta Cameronek Teherani, eta programa finantzatzeko gaitasuna «baldintza» dezaketen neurri gehiago hartzeko mehatxua egin diote Teherani. «Ez dugu deus Irango herriaren aurka, baina hango agintariek programa nuklearraren asmo baketsuen inguruan ez diote behar bertze berme eman nazioarteari». «Irango herriak» EBk eta AEBek ezarritako zigorrei otsailaren 11n erantzunen diela jakinarazi du Mohamed Kusari parlamentuko Segurtasun Nazionalerako eta Atzerri Politikarako Batzordeko presidenteordeak. Ormuzko itsasartea ixteko mehatxua ere egin du berriro. Iragan urte amaieran Teheranek maniobra militarrak egin zituen Ormuzen, eta orduz geroztik tentsio handia dago eremu horretan, bereziki AEBekin. Washingtonek atzo jakinarazi zuen hegazkinontzi bat eta Erresuma Batuko eta Frantziako gerraontzi bana igaro zirela itsasartetik. Zigorrei dagokienez, berriz, AEBetako Gobernuak EB zoriondu du, hartutako neurriengatik. Irango Parlamentuko Energia Batzordeko presidente Ali Adyanik, ordea, garrantzia kendu die zigorrei. EBko herrialdeei saldutako petrolioa «bertze edozeini» salduko diotela erran du.
Uztailaren 1era arteko epea
Irango petrolio gordina edo petroliotik eratorritako produktuak EBko herrialdeek inportatzea, garraiatzea edo jasotzea galarazi du Bruselak, baita industria horrekin zerikusia duten finantza harreman oro ere. Jada itxita dauden kontratuak bertan behera uzteko uztailaren 1erako epea eman du, eta maiatzaren 1ean zigorren garapena aztertuko du. Petrolioari zuzenean eragiten dioten zigorrez gain, bertze hainbat neurri ezarri ditu EBk: Irango Banku Zentralak 27 estatuetan dituen aktiboak izoztu ditu, eta Irango erakunde publikoekin urrearen, diamanteen eta metal baliotsuen tratuan aritzea debekatu du; industriaren arloan, berriz, EBko herrialdeek ezin izanen dute Iranera esportatu energia sektorean erabilgarria den teknologiarik, eta sektore petrokimikoan EBko enpresek ezin izanen dute ez inbertsiorik egin, ez Irango enpresekin elkarlanean aritu; esportazioen debekua «erabilera bikoitza» izan dezaketen gaiei ere zabaldu die, hau da, Poliziak edo armadak erabil dezakeen materialari.
EBk inportatutako petrolioaren %5 inguru da Irangoa. Herrialdeka duen garrantzia, ordea, ezberdina da. Zigorren sustatzaile nagusientzat, Frantziarentzat, Alemaniarentzat eta Erresuma Batuarentzat, Irango petrolioak ez du garrantzi handirik haien ekonomian. Inportatzaile nagusiak Grezia, Espainia eta Italia dira, guztiak krisi ekonomikoak larri jotako herrialdeak. Erregaiaren prezioa neurrigabe ez igotzeko, Iranen alternatiba bila hasi dira. Espainiako eta Italiako agintariek lasai agertu nahi izan dute, baina Grezian egoera bertzelakoa da. Azkenean zigorrak ezartzearen alde agertu bada ere, zalantzak azken unera arte izan ditu. Iranen esportazioek sortutako hutsunea betetzeko bermea exijitu dio Bruselari. Berri agentzien arabera, Saudi Arabiarekin eta Libiarekin harremanetan paratu da EB, akordioren bat egiteko.
Panorama, ordea, ez da erraza Greziarentzat. Krisi ekonomikoa dela eta, petrolio konpainia anitzek bizkar eman diote Atenasi, ordainketak egiteko dituen zailtasunengatik. Greziak SESB Sobietar Errepublika Sozialista ohiko herrialdeetatik inportatzen zuen petrolio gehiena, nagusiki Errusiatik. Bankuen finantzaketarik ezak, ordea, bide hori garestitu zion Greziari, eta ordezko merkea topatu behar izan zuen: Iran. Hain zuzen, Grezia da EBko herrialdeen artean Irandik petrolio gehien inportatzen duena; EIA AEBetako Energia Informazio Administrazioaren arabera, iazko lehen sei hilabeteetan Atenasek inportatu zuen kopuru osoaren %14 jaso zuen Irandik. Argitaratu diren azken datuen arabera, ordea, menpekotasun hori handiagoa da, eta inportazioen herena ere gainditu lezake. Harreman horren arrazoia argia da: konpainia handientzat Grezia ez da bezero fidakorra, baina Iranek baldintza onean eskaini dio petrolioa —bertzeak bertze, ordaintzeko 60 eguneko atzeraldiak onartuz eta finantza bermeak ezarri gabe, EBko iturrien arabera; Iranek, berriz, ahalik eta bezero gehien lortzeko beharra du AEBen presioari aurre egiteko.
Asiako herrialdeen jarrera
Irandik inportatzeak Greziarentzat eragin nabarmena izanen du, baina Iranentzat esportazioen zati txiki bat baino ez da. EB osoa kontuan hartuz gero, baina, ia %20 da Iranek galduko duena. Zailtasun ekonomikoak areagotuko zaizkion arren, bere merkatu nagusia, Asiako ekialdea, mantenduko du Teheranek. Txina da Iranen lehenbiziko bezeroa, eta Japonia, India eta Hego Korea zerrendaren puntan daude. AEBak Japonia eta Hego Korea konbentzitu nahian ari dira horiek ere zigorrak ezar ditzaten. Oraingoz ez dute erabaki argirik hartu. Txina zigorren aurka dago, baina Mendebaldeko hedabideen arabera Persiako Golkoko gainerako herrialdeekin harremana estutzen ari da, Iranen sor litekeen krisiaren eragina saihesteko.
Argi dagoena da EBk zigorrak ezarri arren, Teheranek ez duela bertan behera utziko programa nuklearra. Horrek erabilera zibila duela aldarrikatu dute behin eta berriz errepublika islamikoaren agintariek, argindar eskasiari aurre egiteko; AEBek, ordea, helburu militarrak izatea leporatzen diote. Auzi nuklearraren harira sortutako krisian kontuan hartzeko data hil honen amaieran izanen da, IAEA Energia Atomikoaren Nazioarteko Agentziak Iran bisitatuko baitu, heldu den igandetik asteartera.
Iran eta Siria nazioartearen jomugan
Irango petrolio inportazioei betoa paratu die Bruselak
Teheranen programa nuklearra dela-eta AEBek ezarritako zigor neurriak babestu ditu EB Europako BatasunakGreziak zigorrak onartzeko zalantzak izan ditu, Iranen bezero nagusia baita EBn
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu