IEAE Energia Atomikoaren Nazioarteko Agentziak txosten batean salatu du Iranek arma atomikoak egiteko «azpiegitura eta teknika propioak» dituela eta programaren barruan badaudela «militarrekin erlazioa duten ekintzak». Israelen eta AEB Ameriketako Estatu Batuen Irani erasotzeko mehatxuaren ostean, IAEAk txosten bat argitaratu du Teherango programa nuklearra argitzeko. Israelen eta AEBen arabera, Iranek bonba atomikoak eraikitzeko beharrezko material eta langileak ditu, eta eraso prebentiboa egitea hausnartzen ari dira. Mehatxuari erantzunez, IAEAk ikerketa txostena idaztea erabaki zuen, arma atomikoak aurkituz gero zigorrak ipintzeko.
IAEAren txostenaren arabera, Irango programa nuklearrak erabilera militarrak eduki ditzake. Dena den, Irango presidente Mahmud Ahmadinejadek adierazi du ez duela arma atomikorik egiteko asmorik eta programa nuklearra «erabilera baketsu eta zibiletarako» dela.
Ehud Barak Israelgo Defentsa ministroak esan du nazioarteak zigorrak ipini behar dizkiola Irani. Barakek gaineratu du Israelek ez duela erasorik hasiko oraingoz: «Israelek oraindik ez du erabaki inolako operazio militarrik egitea. Hau da nazioartearen zigorrek Iran geldiarazteko duten azken aukera». Dena den, Defentsa ministroak adierazi du ez duela uste nazioarteak Iran geldiaraztea lortuko duenik: «Geure burua gerra egitera beharturik ikusten badugu, hildakoak ez dira milara ere iritsiko».
Israelen eta AEBen mehatxuei erantzunez, Ahmadinejadek adierazi du ez duela bonba atomikorik behar Iran babesteko: «Washingtonek mehatxuak betetzen baditu, erantzun bortitza izango du, eta damutu egingo da». Irango presidenteak herrialdeko aberastasunak hartu nahi izatea leporatu die AEBei. Horrez gain, Ahmadinejadek azaldu du Iranek 181 milioi euro erabiltzen dituela urtero ikerketa nuklearrak egiteko: «AEBek, ordea, 59.000 milioi euro gastatzen dituzte urtero, eta jada 5.000 bonba nuklear dituzte». Irango presidenteak gaineratu du Israelek adierazi gabeko 300 bonba atomiko dituela.
IEAEren txostenaren ondorioz nazioarteak zigorrak ipintzea erabakitzen badu, Errusia eta Txinaren babesa beharko du. Izan ere, bi herrialdeek beto eskubidea dute NBEn, eta orain arte ez dira agertu Irani zigorrak ipintzearen alde. Errusiako Atzerri ministro Serguei Lavrovek adierazi du Irani eraso egitea «huts larria» izango litzakeela: «Eraso horrek aurreikusi ezin diren ondorioak ekar ditzake». Dena den, Txinak Irani eskatu dio «IEAErekin elkarlanean aritzeko». Txinako bozeramaile Hong Leik esan du «herrien arteko elkarrizketak bideratzea» dela arazoa konpontzeko bide bakarra.
Horrez gain, Alemaniak zigor gehiago jartzeko mehatxua egin dio Irani. Alemaniako Atzerri ministro Guido Westerwellek adierazi du posible dela Europak bere kabuz zigorrak ipintzea Irani IEAEk txostenean argitzen baduprograma nuklearrak helburu militarrak dituela.
Uranioaren beldur
NBE Nazio Batuen Erakundearen Segurtasun Kontseilua 2006an hasi zen Irango programa nuklearra ikertzen. Orain arte lau aldiz jarri zaizkio zigorrak Irani, jarduera nuklearrak bertan behera utz ditzan. Irangoprograma nuklearraren ekintza nagusia uranioa aberastea da, horrekin zentral atomikoentzako erregaia egiteko. Dena den, Segurtasun Kontseiluaren arabera, Iranek aberastutako uranio kopurua oso handia da, bonba atomikoak eraikitzeko nahikoa. Iranek dio uranio hori minbizia sendatzeko erabili nahi dutela.
Irango programa nuklearrak jarduera militarrekin loturak dituela salatu du IAEAk
Mahmud Ahmadinejad Irango presidenteak adierazi du ez duela asmorik arma atomikorik egiteko
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu