Iragan urte amaieratik Mendebaldeko herrialdeek presio diplomatiko, ekonomiko eta militar kanpaina bat abiarazia dute Iranen aurka, haren programa nuklearra dela eta. Erasotzeko mehatxua ere egin diote, eta horretan aktiboen Israel agertu da. Benjamin Netanyahu lehen ministroak berriz ere halako adierazpenak egin ditu, Haaretz egunkariak argitaratu duenez. Horren arabera, hurrengo hilabeteetan jo nahi du erasoa Netanyahuk, eta horren «ondorio guztiak» bere gain hartzeko prest dago. Gobernuko kideekin egindako bilera batean adierazi du hori lehen ministroak. «Iturri ofizial anonimoak» aipatu ditu egunkariak. Bileraren bezperan, Haaretz-ek argitaratu zuen gobernuaren bilkuretan urriaz geroztik ez zutela Irani buruz hitz egin, eta hor ere iturri ofizial bat aipatu zuen.
Atzo argitaratutakoaren arabera, Netanyahuren adierazpen horiek hark eta Ehud Barak Defentsa ministroak abiarazitako «gerra psikologikoaren» barnean daude, AEBak Iranen aurkako erasoaldira batzeko helburuz. Izan ere, Washingtonek azken hilabeteetan mehatxu zuzenak egin baino, nahiago izan du «aukera guztiak zabalik» daudela errepikatu, hainbatek eufemismotzat hartu arren. Horixe bera erran zuen Leon Panetta AEBetako Defentsa idazkariak iragan asteazkenean Tel Aviven.
Iranen misilaren proba
Iranen aurkako zigor ekonomikoak are gehiago estutu dituzteAEBek —Kongresuak iragan asteazkenean onartu zituen azken neurriak, petrolioen irabaziak zigortzeko—, eta Persiako golkoan, bereziki Ormuzko itsasartean duten presentzia militarra areagotu dute urte hasieratik.
Iran, ordea, ez da geldirik egon bere aurkako mehatxuak hasi zirenetik, eta erakustaldi militarrak egin ditu. Azkenaren berri Ahmed Vahidi Defentsa ministroak eman zuen, atzo. Fateh-110 misila probatu du armadak, eta, Teheranek dioenez, 300 kilometrora iristeko ahalmena du, Persiako golkora edo Omango itsasora ailegatzeko adina.
Irani erasoz gero, «ondorio guztiak» bere gain hartuko ditu Netanyahuk
'Haaretz' egunkariak argitaratu duenez, hurrengo hilabeteetan jo nahi du erasoa Israelgo gobernuburuak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu