Kataluniako prozesu subiranista

Iratxe Garciaren «nerbio krisia» Europako Parlamentuan

Jean Quatremer kronistak Libération-en kontatu du PSOEko eurodiputatuak presio egin ziola Sassoliri Junquerasi immunitatea aitortu ziotela ikusirik, «Espainiari ezin diozue hori egin!» oihuka.

Iratxe Garcia eurodiputatua, Ursula von der Leyen Europako Batzordeko presidentearekin, asteazkenean. PATRICK SEEGER / EFE
2019ko abenduaren 23a
21:37
Entzun

Ostegunean, Europako Justizia Auzitegiak ebatzi zuen Oriol Junquerasek immunitatea zuela europarlamentari aukeratu zutenetik. Orduan, David Sassoli Europako Parlamentuko presidenteak Espainiako agintariei hitz egin zien hemizikloan, eskatzeko bete dezatela ebazpena. «Nik dagoeneko eskatu diet gure lege aholkulariei azter dezatela epaiak zer ondorio dituen Europako Parlamentuaren osaketan», esan zuen. Gainera, Europako justiziari eskatu zion azter zezala Carles Puigdemont eta Toni Cominen egoera. Europarlamentari batzuek ez zituzten gustura aditu Sassoliren hitzak, baina PSOEko Iratxe Garciaren erreakzioak zeresana eman du. «Espainiari ezin diozue hori egin!», egin zion garrasi.

Jean Quatremer kronista ezagunak kontatu du gertatutakoa Libération egunkarian. Nerbio krisi espainiarra Estrasburgon izena jarri dio kronikari, eta Garcia bera da protagonista. Barakaldon (Bizkaia) jaioa den arren, Espainian ibilbide politiko luzea egina da, PSOE alderdian. Egun, Europako Alderdi Sozialistako presidenteordea da. Quatremerrek kontatu du Garcia eta beste zenbait «eurokrata espainiar» saiatu zirela Sassoliren hitzaldia eragozten. Parlamentuko presidenteak argi hitz egin zuen, nahiz eta Espainiako funtzionarioak saiatu ziren agerpena atzeratzen, kazetariaren esanetan. Sassolik kontra egin zien guztiei, eta adierazi zuen ebazpen hori berri ona zela Europarentzat, europarlamentariei zegokien izaera aitortu zietelako.

Quatremerrek idatzi duenez, horren ikusirik, Garciak eskatu zuen Sassolirekin elkartzea, parlamentuko saioari berriz ekin baino lehen. Hango bilera gela batean elkartu ziren, «eurokrata gorte» batekin. Garcia saiatu zen Sassoliren iritzia aldatzen, baina konturatu zen hark tinko jarraitzen zuela. «Orduan, Garcia bere onetik atera zen, eta garrasika hasi zen: 'Ezin diozu hori egin Espainiari!', 'ba al dakizu zer egin behar duzun?'». Quatremerren arabera, haserre betean, Garciak lurrera bota zituen eskutan zituen paperak. Hark ere mezu argia zabaldu Libération-eko kronikan: «Espainiarra indarkeriaz aritu arren, [Sassolik] ez du etsiko».

Hurrengo egunean, Puigdemontek eta Cominek europarlamentari akreditazioa jaso zuten. Quatremerren arabera, Madrilek presio egiten jarraitu zuen buruzagi independentista katalanen aurka. Haien nahiaren mesedetan, erabaki zuten egun bakarreko behin-behineko txartela ematea bi politikari erbesteratuei, baina, akats baten ondorioz, urte osoko sarbidea eman zieten azkenean.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.