'Iraultza laranja' ahulduta inkestetan

Viktor Janukovitx lehen ministro ohia da gaurko Legebiltzarrerako hauteskundeetarako faboritoa

Erredakzioa
2006ko martxoaren 26a
00:00
Entzun
Hamasei hilabete bakarrik pasatu dira Viktor Justxenkok eta Julia Timoshenkok zuzendutako koalizioak agintea hartu zuela. Alabaina, presidentetzarako hauteskundeetan aurkari izan zutena da gaur Legebiltzarrerako bozak irabazteko faboritoa: Viktor Janukovitx, lehen ministro ohia.

Janukovitx eman zuen garailetzat Hauteskunde Batzordeak 2004ko presidentetzarako bozetan, baina irregulartasunak izan zirela salatu zuen Justxenko-Timoshenko bikoteak, eta milaka lagun mobilizatu zituzten Kiev hiriburuko kaleetan. Protestei esker, bigarren txanda berriz egitea lortu zuten eta garaile atera ziren. Hala sortu zen Iraultza laranja kanpainan erabilitako kolorea zen laranja. Aliantzak, ordea, ez zuen luze iraun. Timoshenkok zortzi hilabeteren buruan utzi zuen lehen ministro kargua, Justxenko presidenteak berak nahi baino erreforma gutxiago egin zituelako. Zatiketa horrek jarraitzaileak desmobilizatzea eragin du eta, bide batez, Janukovitx aurkaria indartzea. Azken inkesten arabera, botoen %30 eskuratuko ditu gaur; Justxenkoren Gure Ukrainak, %18; eta, Timoshenkoren blokea geratuko da hirugarren. Aurreikuspenak betetzen badira, ordea, Janukovitxek ez du gehiengo osorik izango eta koalizioren bat sortu beharko da. Aditu batzuek bi Viktorren artean koalizio bat osatzeko aukera aipatu dute aspalditik, nahiz eta bakoitzaren helburuek urrun diruditen. Justxenko Europako Batasunarekin eta Ameriketako Estatu Batuekin harremanak indartzearen aldekoa da; Janukovitx, aldiz, Errusiarekiko aliantza sendotzearen aldekoa. Beraz, beste aditu batzuek diote Justxenko-Timoshenko bikotea berriro elkartuko dela. Horrek Timoshenko indartuko luke.

Lehian

Janukovitxek 2004an herritarrak engainatu izana egotzi die Justxenkori eta Timoshenkori: «Boterea hartzeko iruzurra egin zuten eta begira zer egin duten! Krisiak sortzen aritu dira etengabe eta Ukrainako herria krisi horiek gainditzen saiatzen ari da». Justxenkok 2004ko kanpainako lelo bera erabili du jarraitzaileak erakartzeko; «iraganaren [Janukovitx] eta geroaren artean [Justxenko]» aukeratzeko eskatu die. «Tamalgarria da atzo hauteskundeetan iruzur egin zutenek eta herritarrak umiliatu zituztenek gaur egun mendekua eskatzea», adierazi du presidenteak, aurkariari zuzenduta.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.