siria

Iritsi dira Damaskora NBEko lehen behatzaileak

Misioaren lehen fasea 30 kidek osatzen dute; su-etena betetzen dela egiaztatzea dute helburu. Oposizioak salatu du behatzaileak iritsi ondoren erasoak izan direla hainbat hiritan. Sei behatzaile gobernuarekin eta oposizioarekin biltzekoak dira gaur. Ban Ki-moon NBEko idazkari nagusiak "alde guztien babes osoa" eskatu du gaur.

2012ko apirilaren 16a
20:24
Entzun

Dagoeneko heldu dira Damaskora Nazio Batuen Erakundeak su-etena betetzen den egiaztatzeko bidali dituen lehen behatzaileak. Misioaren lehen fasean 30 kidek parte hartuko dute.

Misioko lehen fasean parte hartuko duten kideetako sei Siriako Gobernuko ordezkariekin eta oposizioarekin bilduko dira gaur, NBEko behatzaileen egitekoa azaltzeko.

Ban Ki-moon NBEko idazkari nagusiak gaur ohartarazi du su-etena "oso hauskorra" dela, eta prozesuak "alde guztien babes osoa" behar duela. Haren arabera, "edozein arazo txikik edo nahi gabeko arazok" bertan behera utz dezake prozesua.

Gaur bertan oposizioak salatu du Idliben, Hamasen eta Homsen gobernuko segurtasun indarren erasoak izan direla, eta hamar lagun baino gehiago hil dituztela.

Kofi Annan NBEko eta Arabiar Ligako mandatari bereziaren bakerako sei puntuko plana ezartzeko baldintzak bermatzea dute helburu. Su-etena mantendu eta egiaztatuz gero, aurrerago beste 200 behatzailez osatutako misioa bidaltzeko asmoa du NBEk, gobernuaren eta oposizioko taldeen arteko elkarrizketa politikoa abiarazteko.

Su-etena oraindik indarrean badago ere, indarkeria salaketak egin dituzte bai Damaskok eta bai oposizioko taldeek. Egoitza Londresen duen Siriako Giza Eskubideen Behatokiak salatu duenez, Al-Assaden armadak Homs bonbardatu zuen atzo, eta hamasei lagun hil zituen Alepon. Bestalde, koronel bat bahitu dutela eta Daraan, Idliben, Sarakeben eta Latakian armadak "talde terroristen erasoak" jasan dituela salatu du Damaskok.

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.