Irlandako hamarkada gorabeheratsua

Gaur hamar urte bete ditu Ostiral Santuko Akordioak, Irlandako bake prozesua bultzatzeko 1998an sinatutakoak. Alabaina, hainbat arlotan hobetu arren, oraindik britainiarren menpe daude iparraldean.

2008ko apirilaren 10a
00:00
Entzun
Irlandako gatazka konponbidean jartzeko urrats sendoa izan zen gaurko egunarekin, duela hamar urte, izenpetutako hitzarmena, Ostiral Santuko Akordioa deitua. Irlanda iparraldeko alderdi gehienek sinatutako akordioak hainbat egoera hobetu ditu urteotan, bereziki ekonomikoa, baina oraindik lan ugari geratzen da egiteko: komunitateen elkar ulertze eta adiskidetzea, langileen baldintzak hobetzea, eraso sektarioak bukatzea, uharteko hizkuntzarik zaharrenaren -gaelikoa- erabiltzaileen eskubideak bermatzea eta beste. Akordioaren sinatzaile unionisten hitzetan, «Ipar Irlanda Erresuma Batuaren zati dela» bermatzen du hark, eta errepublikanoen arabera, «Irlanda berriz batzeko aurrerapausoa» da. Errepublikano kritikoen ustez, ordea, «atzerapausoa» da.

Gaur alderdi gehienek ez dute ospakizunik egingo, ez nagusi diren DUP Alderdi Unionista Demokratikoak eta Sinn Feinek ere. Haatik, bake prozesuan rol garrantzitsua jokatu zuen atzerriko agintari bat, AEBetako presidente ohi Bill Clinton, Belfasten egingo duten konferentzia ekonomikoan egotekoa da, enpresaburu eta agintariekin batera.

Paradoxikoki, Belfasteko akordioa sinatzera eraman zuen prozesua eta akordioa bera gehien errefusatu zituena, Ian Paisley, da hitzarmenaren ondorioz berriz abian jarri zuten gobernu autonomoko lehen ministroa, 2007ko maiatzetik. Halere, 1998tik hona orain bai, orain ez lanean aritu den kabineteak-Londresek hainbat bider bertan behera utzi ditu instituzio autonomoak- badu alde handia britainiarrek 1922an uhartea zatitu zutenetik 1972 arte indarrean egon zenarekin. Lehengoa ez bezala, oraingo gobernua partekatua da, bi komunitateetako ordezkari politiko nagusien artean, hala agintzen baitu 1998ko apirilaren 10ean, Ostiral Santuarekin, sinatutako akordioak.



AKORDIOAREN PRINTZIPIOAK. Hitzarmenaren oinarri nagusi batek polemika eragin zuen. «Ipar Irlandak Erresuma Batuaren zati izaten segitzen du, eta egoera hori ez da aldatuko Ipar Irlandako herriaren gehiengoak bozketan emandako oniritzirik gabe». Errepublikano kritikoek salatu zuten horrek autodeterminazioaren subjektu artifiziala sortzen zuela; «subjektu naturala uharte osoko biztanleak dira, Ipar Irlanda 1922ko zatiketaren ondoko asmakizuna besterik ez da», nabarmendu zuten.

Gainera, akordioaren ondorioz Irlandako Errepublikak bere konstituzioko 2. eta 3. artikuluak aldatu behar izan zituen; haietan zioen «lurralde nazionalak uhartearen osotasuna» hartzen zuela. Hala, hitzarmenaren ondorioz Dublinek ezingo zituen iparraldeko sei konderriak beretzako eskatu.

Akordioaren beste oinarri nagusi batzuk hauek izan ziren: Stormonteko legebiltzarra berriz martxan jartzea, honek Ipar Irlandako Gobernua hauta zezan; Ipar-Hegoa Ministro Kontseilua osatzea, Belfast eta Dublingo gobernuen arteko elkarlana bultzatzeko; Britainiar-Irlandar Kontseilua eratzea, «bi uharteetako herritarren arteko harreman harmoniatsuak izateko»; indarkeriaren biktimen sufrimendua aintzat hartzea eta adiskidetzea bultzatzea; su-etenean zeuden talde armatuetako presoak bi urteko epean askatzea; talde armatuen desarmea; eta Polizia eta Justizia batzordeak eratzea eta Polizia erreformatzea, komunitate guztiek onar zezaten. Halaber, akordioa uharteko biztanle guztiek erreferendumean onartu beharra zegoela ebatzi zuten.

Bozketa banatan onartu zuten uhartearen bi zatiek hitzarmena. Ondoren, eta aurreikusia zutenez, Londres eta Dublingo gobernuek beren legeetan aldaketak egin zituzten, akordioaren atal guztiak eragingarriak izan zitezen.

Presoek, bai errepublikanoek bai loialistek, rol garrantzitsua jokatu zuten Akordioa sinatu aurreko prozesuan. Akordioaz geroztik bizitza politikoan lanean dihardute askok. Baina badira akordioak errefusatu zituzten taldeetako preso politikoak: Continuity IRA, Benetako IRA (RIRA), eta UDA Ulsterren Defentsarako Elkartekoak, besteak beste. INLA Irlandako Nazio Askapenerako Armadak hitzarmena errefusatu arren, su-etena eman zuen 1998ko abuztuan, eta zenbait kide preso ditu.

Talde paramilitar loialistarik zaharrenak, UVF Ulsterko Boluntarioen Indarrak, ekinbide armatua utziko zuela iragarri zuen iazko maiatzean, baina buruzagitzak armak atxikiko zituela.

Halere, loialista multzoek oraindik eraso sektarioak egiten dituzte katoliko eta etorkinen kontra.

DUP eta Sinn Fein boterea partekatzen eta bi alderdiotako buruzagiak eta behialako etsaiak, Ian Paisley eta Martin McGuinness, lehen ministro eta lehen ministrorde gisa elkarrekin lanean -eta argazkietan barrez lehertzen- ikustea izan da garaiak aldatzen ari direnaren adierazgarrietako bat.

Argi fokuen itzalean geratu dira beste batzuk. UUP Ulsterko Alderdi Unionista -bere buruzagi David Trimble Ipar Irlandako lehen ministro izan zen tarte batez- eta SDLP Alderdi Sozial Demokrata eta Laborista behiala nagusi izan ziren nor bere komunitatean, baina 2003ko hauteskunde autonomikoetatik bigarren postuan daude haien etxeetan. Gainerako alderdiek (AP, WC, PUP, UKUP...) ere jaitsiera pairatu dute urteotan.



BIDE PATARTSUA. Akordioa gauzatzea latza eta gorabeheratsua izan da. Paramilitar loialisten ekinbide armatua IRArena baino handiagoa izan den arren, azken hau erabili izan dute argudiotzat unionistek eta Londresek, Sinn Feini instituzioetan parte hartzea eragozteko eta prozesua blokatzeko. Nolanahi ere, IRAk 2005eko udan borroka armatuaren bidea bukatutzat jo, eta armak erabiltezin utzi izanak -behaketa batzordeek baieztatuta- argudiorik gabe utzi zituen hala unionistak nola Londres.

2006ko urriko Saint Andrewsko Akordioak instituzio autonomoak berriz abiatzen lagundu zuen. Iazko martxoan bozetan nagusitu ziren alderdietako liderrek, DUP eta Sinn Fein buru, gobernu partekatuko karguen zina egin zuten.

Kritikak ez dira falta izan. Unionisten aldetik, etsai porrokatuarekin, Sinn Feinekin, gobernua osatzea «unionismoaren kausa saltzea» dela egotzi diote Paisleyri. Gauza bera egin dute alderdi errepublikano txikiagoek Sinn Feinekin. Horrek «britainiarren administrazioan parte hartzea» onartu duela eta horrekin okupazio britainiarra iraunarazten duela salatu dute. Badira langile klaseaz ahaztu izanaz akusatu dituenak ere.

Oraindik zenbait transferentziaren zain dago Stormonteko gobernua, batez ere Polizia eta Justizia arloei dagokiena. PSNI Polizian hainbat aldaketa egin dituzte, komunitate katolikoaren aurrean onargarriagoa izateko, baina martxa orangistetan eta bestelako protestetan lehengo RUCek bezala jokatu du, gogor, eta bereziki nazionalisten aurka.

Presentzia militarrari dagokionez, kaleetatik ia desagertu dira soldadu britainiarrak eta tanketa zein helikopteroak, eta hainbat behaketa dorre eraitsi dituzte.



PROZESUAREN ONURAK. Belfasteko Queen's Unibertsitateko irakasle Richard Englishek kaleratu berri duen ikerketaren arabera, komunitate katolikoko kideak dira bake prozesutik onura gehien ateratzen ari direnak, komunitate protestanteko kideek baino gehiago.

«Gaur egun katoliko gehiagok lortzen dute diplomatura bat, eta protestanteek baino bizkorrago gutxitzen ari dira pobrezia beren komunitateetan. Bereziki klase ertain katolikoa da onura gehien jasotzen ari dena», dio Englishek.

Alabaina, 1990eko hamarkada arte Stormonteko gobernu unionistak herritar katolikoak baztertzen zituen hainbat eremutan, hala nola etxeak alokatzeko, lanpostuak emateko eta abar. Arrazoi horregatik sortu zuten 1960ko hamarkadan eskubide zibilen aldeko mugimendua. Bazterkeria zela eta, langabezia tasa izugarria pairatu behar izan zuten katolikoek, adibidez %70-80koa Belfasteko Ballymurphy auzoan, 1980ko hamarkadan. 1986an %17 ingurukoa zen iparraldeko batez besteko tasa. Egun %4,4 ingurukoa da.

Horiek horrela, iturri ofizialek diote azken hamar urteotan 100.000 lanpostu sortu dituztela.





Auzo zatituak,

oraindik
Ostiral Santuko Akordioakez du lortu Belfastekoauzo batzuen arteko murruak desagerraraztea etabi komunitateak osoki elkarrekin bizitzea.
j.M. sarasola

Belfast mendebaldeko Falls auzoan zaude -komunitate katolikoaren eremu nagusietako bat, eta oso errepublikanoa-, eta oinez joan nahi duzu beste auzo katoliko batera, New Lodgera (hiriaren iparraldean). Tartean Shankill auzoa dago, protestante eta loialista sutsua. Beste edozein hiritan, ez legoke arazorik bide zuzena hartzeko, eta Belfasten ez du zertan derrigorrez arazorik izan, baina... Baina Belfasten eta Irlanda iparraldean, oro har, gauzen atzetik dauden azalpen garrantzitsuetara daraman hitza da. Fallsetik New Lodgera bidea badago, baina itxia.

Belfasteko auzo ugaritan porlan nahiz metalezko hesiek banatzen dituzte hainbat eremu. Gainera, murru horiek, 1998ko Akordioarekin murriztu eta ezabatu beharrean, zabaldu eta areagotu egin dira. Gatazkak auzo askoren izaera mistoa bukatu zuen, eta bereziki 1969an loialistek, RUC Poliziaren laguntzarekin, katolikoen aurka eginiko erasoek bultzatu zuten familien desplazamendua eta auzo batzuk ghetto bilakatzea.

Shankill, Springmartin, Black's Road, Ballymacarret, Duncairn eta White City auzo protestanteen eta Lower Falls, Clonard, Springfield, Suffolk, Short Strand, New Lodge eta Whitewell auzo katolikoen artean, besteak beste, errepide eta kaleak ixten dituzte murruek. Batzuek ateak dituzte, baina soilik egunez irekitzeko.

SDLP alderdi nazionalista moderatuak Belfasteko iparraldean duen zinegotzi Alban Maginessen esanetan, egun 40 hesik banatzen dituzte auzo protestante eta katolikoak; 1994an bederatzi hesi zeuden. «Gorrotoaren eta mesfidantzaren legatua da. Tenorea da hesi horiei aterabidea aurkitzeko».



GUTXI NAHASTEN DIREN BI KOMUNITATE. Irlanda iparraldeko -eta hegoaldeko- komunitate protestantea Londresek uhartera bereziki XVII. mendean eramandako kolono ingeles eta eskoziarren ondorengoek osatzen dute. Nagusiki loialista eta unionista da, hau da, Erresuma Batuan segitzearen aldekoa.

Komunitate katolikoa protestantea baino zaharragoa da uhartean -protestantismoa katolizismotik sortu zen-, eta batik bat nazionalista edo errepublikanoa da. Bi komunitateetan salbuespenak daude politikari dagokienez.

Hiri eta herri askotan banatuta bizi da jendea, bere jatorrizko komunitatean, batzuk ghetto izaera dutelarik. Badaude egon, auzo mistoak, batez ere erdiko eta goiko klase ari dagozkienak.

Herritarrak hirietako erdiguneetan nahasten dira, erosketak edo gestioak egitera joaten direnean. Baina hiri batzuek, bereziki Belfastek eta Derryk, banatuta segitzen dute. Hezkuntzak ere hala jarraitzen du, banatuta eta erlijioak kutsatuta. Biztanleen oso portzentaje txikiak (%6 inguru) eramaten ditu beren seme-alabak ikastetxe misto edo integratuetara.

Fallsetik New Lodgera joateko bi aukera daude: oinez berez 20-30 minutuko ibilaldia dena 50-60 minututan egitea, hiriaren erdigunera jaitsita eta handik berriz igota, edo, bestela, egunez hesian zenbait orduz irekitzen duten atean barrena igaro, autoz ahal bada. Zeren eta hesiaren bi aldeetako herritarrak apenas ausartzen diren beste aldera joaten. Urteetan jasandako erasoek -gehienbat loialistek katolikoen aurka eginak- beldurra eta mesfidantza sakon errotu dituzte jendearen gogo-bihotzetan. Belaunaldi berriek, gainera, beste komunitatearekiko aurreiritzi franko mamitu dituzte.

Harold Good artzain protestanteak uste du mesfidantzak irauten duen bitartean iraungo duela herritarren arteko zatiketak. Dena den, ez du uste berez txarra denik bakoitza bere komunitatearen baitan bizitzea, «beste aldekoa etsaitzat hartzea» baizik.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.