Ipar Irlandako Legebiltzarrerako hauteskundeak egingo dituzte gaur. 2003ko azaroan hautatutako legebiltzarra, prozesuaren gorabeherak zirela eta, apenas bildu ondoren kale itsu batera iritsi zen, eta hura eta gobernu autonomoa berriz abian jarri nahi dituzte Londresek eta Dublinek, baita alderdiek ere. Ia 250 hautagai lehiatuko dira, 18 barrutitan, 108 eserlekuak eskuratzeko. Bake prozesuak aurrera egin dezan funtsezkotzat jotzen dute, eta bozen ondoren, martxoaren 26an boterea partekatuko duen kabinetea osatzea espero dute Londresek eta Dublinek. DUP Alderdi Unionista Demokratikoa eta Sinn Fein (SF) dira faborito nagusiak. Azken inkestek botoen %25 ematen diote DUPeri, %22 Sinn Feini, %20 SDLP alderdi nazionalista moderatuari, %16 UUP Ulsterko Alderdi Unionistari eta %9 AP Aliantzaren Alderdiari.
Aurreikuspen eta inkesta guztiak betez gero, bi alderdi horiek osatu beharko lukete gobernua, orain arte lortu ez dutena. Orain arte DUPek jarritako baldintza oro bete ditu SFk, azkena Polizia Batzordea onartzea, baina DUPeko buru Ian Paisleyk oraindik ez du esan gobernu autonomoa SFko bigarren buruarekin, Martin McGuinnessekin -lehen ministro eta lehen ministrorde gisa, hurrenez hurren-, zuzenduko duen.
Irlandako lehen ministro Bertie Ahernek atzo berriz ohartarazi zuen martxoaren 26rako gobernua osatzen ez badute, Londresek eta Dublinek gobernatuko dutela Irlanda iparraldea. Londresek autonomia eten zuenetik izendatutako ministroek lanean segituko lukete, baina Dublinen esku-hartze handiagoarekin. Bi gobernuok larrialdi plana prestatu dute. Baina Ahernek esan du espero duela «oraingo aukera ez galtzea».
BOZKETARAKO GOGO BEREZIRIK EZ. Behatzaileek eta hedabideek herritarren artean bozketarekiko gogo gutxi antzeman dute, eta alderdiak ere kezkatuta daude. Lan eguna izateak eta beste eragile batzuek -eguraldia, telebistak futbol partida bat eskaintzea eta beste- bozkalekuetarako bidea patartsu bihur diezaieke askori.
Futbolaren deia indartsua da Irlandan ere, eta Sinn Fein beldur da gaur Glasgowko (Eskozia) Celtic taldeak Italiako AC Milanen aurka eta Ingalaterrako Manchester Unitedek Frantziako Lilleren aurka Europako Txapeldunen Ligan jokatuko duten partidek ez ote dituzten errepublikano asko etxean edo tabernan atxikiko, telebista aurrean. Izan ere, Irlandan jarraitzaile pila bat ditu etorkin irlandarrek 1888an Glasgown sortutako taldeak, baita Manchesterrek ere. Horiek bozkatu gabe gera ez daitezen, Belfasteko Black Taxiak (taxi beltzak) erabiliko ditu SFk, partidaren aurretik eta atsedenaldian jendea bozkalekuetara eramateko. Black Taxi-en gidari gehienak IRAko preso ohiak dira, eta asko SFren jarraitzaileak.
Bitartean, AEBetako senadore ohi George Mitchellek esan du bozen ondoren «saihestezina» izango dela boterea partekatuko duen gobernua eratzea. Mitchellek rol garrantzitsua jokatu du prozesu politikoan, 1998ko Ostiral Santuko Akordioa lortu zuen elkarrizketa sorta berak zuzendu baitzuen.
Irlandako iparraldeko bake prozesua jokoan gaurko bozetan
Alderdiak kezkatuta daude, herritarrei ez dietelako bozketarako gogo handirik antzeman
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu