Zenbaketa bukatu eta kaleratutako datu ofizialen arabera, botoen %60,3a Europako Itun Fiskalaren aldekoa izan da. Hala, 955.000 irlandarrek baiezkoa eman diote itunari. Huatesleen gainontzeko %39,2ak ezezkoa bozkatu du —629.000 lagunek—.
Parte hartzea, baina, oso baxua izan da, %50 ingurukoa. Oro har, 43 barrutitatik bostek bakarrik bozkatu dute Europako Itun Fiskalaren aurka. Kontserbadore eta laboristen gobernua pozik agertu da emaitzarekin; Sinn Fein alderdiak, ordea, ezezkoa atera izana sentitu du.
Herman Van Rompuy Europako Kontseiluko presidentea ere erantzunarekin kontent gelditu da. "Erabaki horrekin irlandarrek Europako integrazioarekiko konpromisoa berretsi dute, eta emaitza aurrerapauso bat da berreskuratze eta egonkortasunaren bidean", azaldu du Van Rompuyk.
Defizit publikoak praktikoki debekatuko dituen Europako Itun Fiskala onartzen ala arbuiatzen zuten erabaki zuten atzo Irlandako Errepublikako 3,1 milioi hauteslek. Bozketa egin aurreko inkestek, jada, baiezkoak irabaziko zuela aurreratzen zuten. Irlanda finantzaketarik gabe geratuko den, aukera horrek bultzatzen ditu herritarrak baiezkora.