IRLANDA

Irlandaren batasuna ardatz Sinn Feinen batzarrean

Ostiralean hasiko da alderdiaren urteroko batzarra Dublinen.

Sinn Feineko ordezkariak otsaileko hauteskunde gauean. AIDAN CRAWLEY / EFE
2016ko apirilaren 21a
12:10
Entzun

Irlandaren batasunaren inguruko eztabaida "zintzoa" irekitzeko garaia dela azpimarratu du Sinn Feinek batzarraren atarian. Alderdiko milaka ordezkari elkartuko dira bihartik larunbatera bitartean Dublinen, eta, urteroko batzarra izanagatik, berezia izango da aurtengoa, 1916ko Pazko asteko altxamenduaren hasieraren mendeurrena beteko baita.

120 gai eta mozio baino gehiago izango dituzte eztabaidagai, David Cullinane alderdiko parlamentariak batzarraren aurkezpenean esan duenez. Horien artean izango dira, irlaren batasunaz gain, bake prozesua, ingurumena eta osasungintza. Nazioarteko ordezkaritza bat ere izango da bertan; tartean, Arnaldo Otegi Sortuko idazkari nagusia.

Irlandaren batasunaz galdetuta, eztabaida zabaltzearen alde agertu da Cullinane: "Irlandar errepublikanoak gara, lotsarik gabe. Izan dezagun eztabaida sakona, ezkontza berdintasunarekin gizartean egin den bezala". Gogora ekarri du hainbat azterlanek ondorioztatutakoa: Irlandaren batasuna ekonomikoki mesedegarria litzatekeela Irlandako Errepublikarentzat nahiz Ipar Irlandarentzat.

Brexit-aren ondorioak

Bestalde, Irlandako Gobernuak ohartarazi du Erresuma Batuak Europako Batasunetik ateratzea erabakiko balu, horrek eragina lukeela errepublikaren eta Ipar Irlandaren arteko mugan. Mugako kontrolak berriro ezar litezkeela adierazi du Charlie Flanagan Irlandako Kanpo ministroak azaldu duenez.

 

Erresuma Batuko Gobernuko Ipar Irlandarako ordezkari Theresa Villiersi erantzunez egin ditu adierazpenok Flanaganek. Ekainaren 23ko erreferendumean Erresuma Batua Europako Batasunetik irtetearen aldekoa da Villiers.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.