Iruzurraren oihartzuna, ozen

Bozetako emaitzak salatzeko protestak hedatzen ari dira; oposizioko 800 lagun baino gehiago atxilotu dituzte igandetikMikhail Gorbatxov SESBeko buruzagi ohiak hauteskundeak errepikatzeko eskatu du

2011ko abenduaren 8a
00:00
Entzun
Igandeko bozetan Errusia Batuak izandako gainbeherari garrantzia kendu nahi izan dio alderdiko buru Vladimir Putinek,eta presidentetzarako hauteskundeetara begira jarri da. Lehen ministroak bere hautagaitza aurkeztu du ofizialki, Dimitri Medvedev egungo presidentearekin kargua trukatzeko lehen urratsa eginez. Herrialdean, baina, igandeko emaitzek istilu ugari sortu dituzte, eta protestek ez dute etenik. Iruzurra salatzera kalera atera diren oposizioko 800 lagun baino gehiago atxilotu dituzte igandeaz geroztik, eta manifestazioak herrialdean zabaltzearen beldur dira agintariak. Izan ere, gero eta gehiago dira Medvedevek agindutako«hauteskunde libreak» zalantzan jarri dituztenak.

Igandekoa, Putinen eta Errusia Batuaren aurka urteetan egin den manifestaziorik jendetsuena izan zen. Ondorengo egunetan ere jendetza atera da kalera, eta Poliziak indarrez sakabanatu ditu oposizioak antolatutako protestak. Hauteskundeetan iruzurra egon dela salatzeko jo dute kalera, baina Moskun Putinen aurkako leloak izan dira gehien entzun direnak. Larunbaterako protestak iragarri dituzte Errusia osoan, 60 hiritan baino gehiagotan.

Oposizioak aho batez salatu ditu iruzurrak. Guennadi Ziuganov buruzagi komunistak salatu egin du Putinen alderdiari eskuratutako bozak baino %15 gehiago eman dizkiotela. Europako Kooperaziorako eta Segurtasunerako Erakundeak igorritako behatzaileek ere ondorioztatu dute iruzur «nabarmenak» egon direla.

Mikhail Gorbatxov SESB Sobietar Batasuneko azken presidente izan zenak dio hauteskundeak berriz egin beharko liratekeela. «Herrialdeko agintariek iruzurra egon dela onartu behar dute, eta emaitzek ez dutela herritarren nahia ordezkatzen», adierazi du. Era berean, herritarren protestei kasurik ez egiteak agintearen prestigioari kalteegiten diola nabarmendu du, eta ezegonkortasuna areagotzen duela.

Nazioarteak, berriz, herritarren eskaerei erantzuteko eskatu dio Moskuri. EBko diplomazia buru Catherine Ashtonek kezkatuta hitz egin du, kazetari eta manifestarien aurkako indarkeria dela eta. Era berean, Europan Kooperaziorako eta Segurtasunerako Erakundearen ondorioak babestu ditu, eta iruzur salaketei erantzuteko eskatu die Errusiako agintariei. Hillary Clinton AEBetako estatu idazkariaren arabera, berriz, Errusiako bozak ez dira askeak izan, eta ezta bidezkoak ere.

Eserlekuei uko egiteko deia

Gregori Javlinski Jabloo alderdi liberaleko hautagaiak Legebiltzarreko eserlekuei uko egiteko deia egin die oposizioko alderdi guztiei, iruzurra salatu eta berriz ere hauteskundeetara deitzeko exijitzeko. Javlinskiren alderdiak, baina, ez du ordezkaritzarik lotu parlamentuan, ez baitu horretarako beharrezkoa den bozen %7aren langa gainditu.

Oposizioko komunistek eta sozialdemokratek, berriz, uko egin diote liberalen proposamenari. «Legebiltzarra geldiarazteko bermerik ba al dugu eserlekuei uko eginda?», galdetu du Ivan Melnikov komunisten buruak. Proposamenak egin aurretik ondorioetan pentsatzeko eskatu du, eta Legebiltzarrean orain duten botereaz baliatzeko Errusia Batuaren aurka egiteko. Hain justu, haren alderdiak, kasik bikoiztu egin du 2007an jasotako babesa. Oraingoan kasik herritarren %20k bozkatu dute euren alde. Bidezko Errusia alderdiak dio liberalen proposamena «erokeria politikoa» dela.

Presidentetza helburu

Emaitzen dramatikotasuna ukatu dute, bestalde, Putinek eta Medvedevek. Baina 1999an agintera heldu zenetik lehen ministroak lortu dituen emaitzarik kaxkarrenak izan dira igandekoak. Legebiltzarraren hiru laurden kontrolpean zituen 2007tik, eta orain, berriz, ozta-ozta eskuratu du gehiengo absolutua. Hori horrela, ezingo du orain arte bezala konstituzioa nahi eran aldatu. Baina Putinek argi dauka hemendik aurrerako helburua: martxoan presidentetza eskuratzea. Datozen hamar urteetan herrialdearen agintaritzan egon nahi du. Oraindik babes handia badu ere —herritarren %67 alde du, inkesten arabera—, Putinekiko eta alderdiarekiko atsekabea gero eta handiagoa da Errusian.

Hainbat ustelkeria kasutan nahastuta daude Errusia Batua alderdiko kide ugari, eta hori da babesa galdu izanaren arrazoietako bat. Oposizioak, hain justu, horixe baliatu du alderdiaren aurka egiteko kanpaina osoan, eta agintariekiko haserrea handitu egin da. Are gehiago igandeko iruzur salaketen ondotik. Horrez gain, ekonomia ez da lehengo maila berean hazten ari, eta Errusia Batuak jada ez du goraldia islatzen. Putin boterean betikotuko den irudipena ere badute askok, bestalde.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.