Juanma Sarasola
Alderdi islamista moderatu bat, PJD Justizia eta Garapenaren Alderdia -oposizioan-, da faborito nagusia gaur Marokon egingo dituzten hauteskunde orokorretan garaile ateratzeko. Ia 16 milioi marokoarrek bozkatu ahal izango dute gaur, Legebiltzarreko 325 diputatuak hautatzeko. 33 alderdi politikok aurkeztu dituzte hautagaiak, eta Gobernuak espero du 2002ko bozetako parte-hartzea (%51,6) gainditzea. Halere, alderdi batzuek boikoterako deia egin dute, hauteskundeek deus ez dutela aldatuko nabarmenduta, eta demokrazia gabeziaz kexatuta. PJDko idazkari nagusi Saad Eddin Othmanik esan du espero duela egungo 42 eserlekuetatik 70 lortzera igarotzea. Adituek diote islamista moderatuen igoerak moteldu egingo duela muturreko islamisten indarra.
Lehenbiziko hauteskundeak 1963an egin zituzten, baina 1965ean izandako gizarte matxinada zela-eta orduko errege Hassan II.ak larrialdi egoera ezarri, eta Legebiltzarra bertan behera utzi zuen. 1971n monarkia erorarazteko eta errepublika ezartzeko saioak huts egin zuen. 1983an, krisi politiko eta ekonomikoa zela-eta, egitekoak zituzten bozak bertan behera utzi zituen erregeak.
Azken urteotan Kutla (Blokea) koalizioa egon da boterean, USFP Herri Indarren Batasun Sozialista eta Hizb al Istiklalen (Independentziaren Alderdia) gidaritzapean. Eta betiere monarkiaren agintepean. Nolanahi ere, 2002ko irailaren 27ko bozetan PJDko islamista moderatuak igoera nabarmena izan zuen, lehengo 14 diputatuen aldean 42 izateraino. Hirugarren indarra bilakatu arren, ez du koalizio gobernua parte hartu nahi izan.
Bozak boikotatzeko deia
Adl Ua Ihsan (Justizia eta Karitatea) elkarte islamista, VD Bide Demokratikoa eta talde berbereek ere hauteskundeei boikota egiteko deia egin dute, nork bere arrazoiak argudiatuta.
Adl Ua Ihsanen ustez, Marokoko gazteen artean dagoen askatasun eta aukera gabeziak «lehertzear dagoen egoera soziala» eragin du. Hala, Rabateko gobernuari ohartarazi dio bazter utzi behar duela «herritarrek onartzen ez duten politika». Abuztu erdialdean Meknes (Marokoko iparraldeko herri berberea) herrian izandako eraso suizida saioa aipatu, eta hura kasu bakartua ez dela nabarmendu du elkarteko eledun Fatala Arsalanek. Poliziaren arabera, elkarte islamistarekin lotura duen ingeniari batek egin zuen erasoa, eta larri zauritu zen aldean zeraman bonba leherrarazita. Arsalanek, ordea, ukatu egiten du ekintzailearen eta taldearen arteko lotura. Taldea erdi klandestinoa da; ez dago legeztatuta, baina agintariek hein batean onartzen dute.
«Askatasuna falta da, geroa ez dago argi eta erabateko elkarrizketa gabezia dago. Mundu guztiak daki gizartearen sektore batek herriaren aberastasuna bere esku duela», salatu du Arsalanek.
«Marokoko iparraldeko kostaldeko uretara ausartzen diren gazteak daude, eta beste batzuek beren buruaz beste egin nahi dute Legebiltzarraren aurrean; honelako kasu gehiago izango dira». Adl Ua Ihsan elkarteak Gobernuari eskatu dio egungo ildo politikoa aldatzeko, «lehertzear dagoen egoerari» aurre egiteko.
Oraingo bozen haritik, elkarteak dio herritarrek bozak boikotatuko dituztela: «Ez dugu behar bozak boikotatzeko deia egitea, jendeak dagoeneko hori egiten duelako. Egitate bat da. Mundu guztiak daki Marokon jendeak ez duela bozetan parte hartzen». Horrez gain, Marokon Legebiltzarra eta Gobernua soilik itxurazkoak direla nabarmendu du: «Legebiltzarra esparru formala da, Gobernuak ezin du gobernatu; lehen ministroak ez ditu botereak, aitzitik, erregea da botere osoa beretzat hartzen duena. Ez PJDk, ezta beste ezein indar politikok ere, ezin dute inola ere beren programa garatu, boterea ez dutelako».
Berbereen salaketak
Era berean, berbere edo amazighak kexu dira Marokoko Gobernuak baztertuta dituela, eta boikoterako deia egin dute hainbat elkartek.
«Konstituzioak eta estatu sistemak ez du inola ere onartzen amazighen kultura, hizkuntza eta zibilizazioa. Estatuaren helburuetatik baztertuta gaude, eta horrexegatik ezin dugu [bozetan] parte hartu», azaldu du Amazighen Munduko Kongresuko ordezkari Mohammed Ajghoughek. Honen iritziz, «alferrikakoa» da bozkatzea.
«Gu pobreak gara, eta hala izango. Hauteskundeek ez digute deus ekartzen, aberatsen interesetarako egiten dituztelako. Jendea, egun, horren jakitun da, eta parte-hartzea ahula izango da». Gainera, jende asko hauteskunde txartela saltzen dabilela nabarmendu du: «Bereziki emakumeen kasuan ematen da salmenta hori; jendeak ez du promesa politikoetan sinesten eta salmenta horretan diru pixka bat irabazteko modua ikusten du».
USFP, Hizb al Istiklal, PPS eta PJD alderdiek, besteak beste, Konstituzioaren erreforma eskatu dute, erregeak horrenbeste botere izan ez dezan. Alabaina, alderdi horiek erregearekin hitzartuta egin nahi dute erreforma. Komunitate berbereak, ordea, kritika zorrotzagoak egiten dizkio egungo sistemari. «Konstituzioaren erreforma exijitzen dugu, Legebiltzarrak benetan legeak egin ditzan eta Gobernuak goberna dezan, erregeak, haren kontseilariek, Munduko Bankuak, Nazioarteko Diru Funtsak, Frantziak edo Ameriketako Estatu Batuek hori egin beharrean».
Horrez gain, berbereak kexu dira Gobernuak ez zituelako iazko abenduan eginiko promesak bete. Izan ere, orduan Atlas mendizerran dagoen Anfgou herrixkan 24 ume eta bi ama nerabe hil ziren hotzak akabatuta. Herri horrek eta beste batzuk bakartuta, errepide txarrekin eta mediku artatzerik gabe segitzen dute gaur egun.
Askatasun gutxi
Marokoko Giza Eskubideen Aldeko Elkarteko presidente Khadia Riadiren iritziz, egungo konstituzioa da Marokon benetako demokrazia egoteko oztopo nagusia. «Konstituzioak botere banaketa finkatu behar du; egun, erregearen esku daude botere horiek».
Parisen egoitza duen eta AEBen diru laguntza jasotzen duen RSF Mugarik Gabeko Kazetariak erakundeak «aldaketa positiboak» ikusi dituen arren, Prentsa Legea erreformatzeko eskatu dio Rabati. Ildo berean, AEBetan egoitza duen HRW Human Rights Watch erakundeak dio Prentsa Legeak «tresna zapaltzaile sorta zabala» eskaintzen diola Monarkiari. Hain justu, Monarkia, ustelkeria eta Mendebaldeko Sahara gai delikatuak dira komunikabideetan jorratzeko, eta zentsura eta zapalkuntza ez dagoenean «autozentsura» dagoela diote giza eskubideen aldeko hainbat taldek. Alderdi batzuek, ezkerrekoak zein eskuinekoak -islamistak barne- salaketa horiekin bat datoz.
Emakumearen egoera
Marokon, hainbat herrialde arabiar eta nagusiki musulmanetan bezala, emakumeak ere joera politiko zein ideologiko ezberdinetan lerratzen dira. Alabaina, haien egoera eta estatusa hobetzeko bide luzea dago oraindik egiteko.
Marokoko agintari nagusia, Mohammed VI.a erregea -inork hautatu gabea- zinismoaren uretara hurbildu zen 1999an eginiko hitzaldi batean, emakumeen egoeraz mintzo: «Nola lor daitezke aurrerapena eta joritasuna, emakumeek -gizartearen erdia- ikusten dutelarik beren interesei irain egiten dietela?».
2002an, orduko bozak egin aurretik, agintariak iragarri zuen emakumeek Legebiltzarraren %10 (30 diputatu) osatuko zutela aurrerantzean. Halere, ordutik ez dute emakumeen kuota handitu.
Bozetara aurkezten diren 33 alderdietatik 28k aurkeztu dute emakumeak hautatuak izateko moduko zerrendarik. Alabaina, tokiko hauteskundeak egiten direnean, zerrendetan %90 dira gizonezkoak.
Mundua
Islamista moderatuak dira faborito gaur Marokon egingo diren bozetan
Itxura guztien arabera, PJD alderdiak aurrea hartuko die koalizio gobernuan diren sozialista eta nazionalistei.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu