ISLANDIA. LEGEBILTZARRERAKO HAUTESKUNDEAK. Krisiak behartutako bozak

Inkesten arabera, behin-behineko gobernua osatzen dutenek eskuratuko dute boto gehien gaur, sozialdemokratek eta berdeek

Leire Ventas - Lore Cubero-Lopez
Reykjavik
2009ko apirilaren 25a
00:00
Entzun
«Europako eta Ameriketako Estatu Batuetako onena konbinatzea lortu dugu». Geir Haardek harro bezain patxadaz hitz egin zion John Carlin kazetariari, Reykjavikeko bainu-etxean topo egin zutenean. «Bateko ongizatearen gizartea eta besteko enpresa espiritua lotu ditugu Islandian». Iazko apirila zen, eta zer etorribehar zuen usaindu ere ez zuen egiten lehen ministro kontserbadoreak, orduan lehen ministro zenak.

Haardek ez zuen susmatzen urtebeteren buruan -gaur, alegia- Legebiltzarrerako hauteskundeak egingo zituztenik; ezustekorik ezean, islandiarrek ez baitzuten 2011 arte botoa ematera joan behar. Ziurrenik burutik pasatu ere egin ez zitzaiona, baina, zera da:hauteskunde aurreratuetara deitu aurretik, dimisioa ematera behartuko zutela. Urtarrillaren 23an utzi zuen kargua Haardek, eta politikari sozialdemokrata batek heldu zion lekukoari: Johanna Sigurdardottirrek. Horren alderdiak gutxiengoen gobernua osatu zuen Ezker Berdearen Mugimenduarekin. Lehen aldia zen, 1944an Danimarkatik independizatuzenetik Islandian ezkerrak agintea eskuratzen zuena; behin-behinean bazen ere.

Eta behin betiko aldaketa handirik ez da espero. Gaurko bozetarako Alderdi Sozialdemokrata da faborito. Morgunbladid egunkariak herenegun argitaratutako inkestaren arabera, botoen %30,5 eskuratuko ditu hark. Eta gobernukide dituen berdeek, berriz, %25,9. Hedabideak iragarritakoa betetzen bada, Legebiltzarreko 66 eserlekuetatik hogei eta hamazazpi izango dira, hurrenez hurren, sozialdemokratenak eta berdeenak. Eta Haarde lehen ministro izandakoaren alderdia hirugarren indarra izatera igaroko da. Botoen %22,9 iragartzen dizkio inkesta berrienak Independentziaren Alderdiari; 2007ko bozetan baino hamahiru puntu gutxiago. Itxura guztien arabera, beraz, Sigurdardottik eutsiko dio lehen ministro postuari.

Munduko zoriontsuenak

Lehen ministroarekin saunako lurrun artean berriketan jardun zen hartan, islandiarren bizimodu ezin hobeari buruzko erreportaje bat zuen esku artean John Carlinek. Herrialdeko goraldiak- 40.112 euroko per capita errentak, munduko seigarren altuenak, bereziki - txundituta zeukan Europa. Eta islandiarren zorionari buruzko artikuluak argitaratzen zituen Europako prentsak, egun batean bai eta hurrengoan ere bai. «Islandiarrak dira zoriontsuenak, eta beren herria, munduan ondoen bizitzen den lekua», idatzi zuen Carlinek ere.

Izan ere, PNUD Garapenerako Nazio Batuen Programaren sailkapenean lehen postuan ageri zen Islandia iazko apirilean. Aberastasunak, osasuna eta hezkuntza kontuan hartuta, herrialderik onena zen, beraz. Munduan liburu gehien saltzen zen nazioa zen; gizonezkoak urte gehien bizi zirena; armadarik gabeko NATO Ipar Atlantikoko Itunaren Erakundeko kide bakarra -duela 700 urte debekatu zuten-. Zortzi unibertsitate daude 304.000 biztanleko herrialdean, eta ikasleen %99k sistema publikoan ikasten dute. Era berean, osasun sistema sendoa da oso, eta islandiarrek ebakuntza estetikoetarako baino ez dute pribatura jotzen.

Baina ekonomiak egiten zuen desiragarri Islandia. Nazioartean azkarren zabaltzen ari zen banku sistema zuen: hogei herrialdetan zituzten aktiboak Islandiako bankuek. Iazko urrian, baina, izugarrizko zuloa utzi zioten herrialdeari: BPG barne produktu gordina baino hamar aldiz handiagoko zorra. Berehala hasi ziren protestak, eta Gobernuko krisia.

Hilabeteetako presioaren ostean eman zuen dimisioa Haardek. Eta Gobernu berriak bankuak nazionalizatu zituen. Neurri horrekin, beherakada gelditzen hasia dela dirudi. Hala azaldu du, behinik behin, Sigurdardottirrek kanpainan. Krisitik aterako bada, Islandiak Europako Batasunean sartu behar duela ere defendatu du.Berdeak aurka ditu, baina. Islandiarren %39,7 daude batzearen alde.



Johanna Sigurdardottir

ZORDUNEN SALBATZAILEA

Salbatzaile moduan heldu zion lehen ministro karguari Johanna Sigurdardittir sozialdemokratak; aurreko gobernu kontserbadoreek eragindako kalteak konpontzeko. Behin-behineko kargua onartu artean, Gizarte Gaietako ministroa zen, 1999tik. 1978an izan zen legebiltzarkide lehen aldiz. Ordutik hiru alderdi ordezkatu ditu Parlamentuan, sozialdemokratak hirurak.



Bjarni Benediktsson

IRAGARRITAKO GALTZAILEA

Erronka ezin zailagoa dela onartu du Bjarni Benediktssonek. Ez dira Independentziaren Alderdiarentzat garai onenak. Eta berak islandiarrek Gobernutik kenarazi duten alderdiko politikarien perfila oso-osorik betetzen du: familia elite ekonomikokoadu, gaztetatik da alderdikidea, 2005. eta 2008. urtee artean enpresaria izan zen, eta neoliberalismoa babesten du.



%8,9

Langabezi tasa. Islandiako langabezi tasa zero izatetik %8,9 izatera pasatu da denbora gutxian. Langabeziak sektore guztiei eta maila guztiko herritarrei eragin die. Hilabete honetan, esaterako, bankuetan lan egiten zuten mila gazte kanporatu dituzte.



Lehen Europako aberatsena, orainmaileguen mende

6.000 milioi euroko mailegua. Europako herrialde pobreena izatetik aberatsena izatera igaro zen mende erdian Islandia. Egun, alta, maileguei esker egiten du aurrera. FMI Nazioarteko Diru Funtsak eta nazioarteak 6.000 milioi euroren maileguak eman behar izan dizkio. Inflazioa %15ekoa da egun.



Islandiako herritarrak luxuan bizitzen ohituta zeuden; krisi ekonomikoak, hala, bizitzan premiazkoa zer den ikasteko aukera eman diela uste dute; pentsamoldea ere aldatzen ari da.

Premiazkoa versus luxuzkoa

Lore Cubero-Lopez. Reykjavik

Luxuzko bizimodura ohitzen hasia zen jendea, eta zaila da handik itzultzea... Krisi honek begiak irekiko dizkie batzuei, eta orain ikusiko dute zer egiten ari ziren; zeren premia zeukaten eta zeren ez». Oli Gisli 40 urteko sukaldaria ari da hizketan. Islandiako panorama astindu zuen krisia darabil ahotan bera ere. Urrian hasi zen krisiaz baino ez dute hitz egiten herritarrek. Glitnir, Landsbanki eta Kaupthing bankuak nazionalizatu behar izan zituzten eta, ondoren, urtarrilean, gobernu osoa erori zen. Aurrenekoa izan zen.

Islandiako enpresek zor handien oinarrietan eraiki zituzten negozioak, eta jende askok ere, luxuzko bizimoduak itsututa, izugarrizko maileguak eskatzen zizkien bankuei. Bakarrik orainari erreparatzen zitzaion, etorkizuna kontuan hartu barik. Egun batetik bestera jende askok dirua galdu zuen. Gunnar H. Guomundsson (59 urte) dago horien artean: «Egia esanda, zorte handia izan dut. Aurrezki batzuk bakarrik galdu ditut krisiaren ondorioz».

Emigrazioan eragin handia izaten ari da krisia. Gunnarren ustez, arriskuan dago herrialdea: «Pentsatzen da biztanleen %20joan litezkeela. Dagoeneko jende asko joan da, immigranteak batez ere».

Islandiarrak, bizimodu oparoa zela tarteko, nahiko pasiboak izan dira politikan. Egoera berri hau, alta, jendearen pentsamoldea edo ikusmoldea aldatzen ari da. Gunnarrek aitortzen duenez, krisiak gizartearekiko ikuspuntuak eta sinesmeak aldarazi dizkio. «Lehen islandiarra izateaz harro nengoen; orain, ordea, ez nago horren harro. Uharteko jendea baikorra izan ohi da; aurrerakuntzan eta nazioan zeukan fedea... Dena ondo zegoela ematen zuen, baina dena gezurrezkoa zela agerian gelditu da orain...». Gaztea zenean aktibismo handiagoa zegoela dio -«bakoitza oso leiala zen bere alderdiarekin»-, baina gutxinaka herritarrak politikatik urruntzen hasi ziren.

Jertseak trikotatzen

Krisiak, hartara, politikarekiko interesa piztu du berriro. Anna K. Gunnarsdottirrek (29 urte), ordea, ez du uste gizartea asko aldatu denik. Euskal Herriko Arantzazuko Artzain Eskolan izandakoa da eta, haren ustez, garai txarrena pasatu eta jendea berriro hasi da kontsumitzen. «Gizarte hau kontsumista da oso; dena erosi behar da, dena eduki behar da. Urritik, hala ere, pixka bat aldatu da; jendea hasi da premiazkoak diren hainbat gauza erosi beharrean bere kabuz ekoizten: jendea trikotatzen, haziak ereiten eta odolkiak eta ogia egiten hasi da».

Islandiako Iraultza urtarrilaren 20an hasi zen. Urritik giroa berotzen hasi zen, eta jendearen haserrea nabarmena zen. Horren zioetako batzuk ziren politikarien pasibotasuna eta ordurako hauteskundeak egiteko egunik jarri ez izana. Manifestazioetan istiluak izan ziren orduan. Gunnarrek gizon kontserbadoretzat dauka bere burua, baina manifestazioetan parte hartzen hasi zela aitortu du: «Larunbatero egiten ziren manifestazioetara joaten nintzen; arratsaldeko hiruretan hantxe nintzen, baina istiluak hasi ziren: Reykjavikeko erdialdeari su eman zioten ia».

Islandian manifestaziorik egiteko ohitutarik ez dagoela dio Annak, eta, horren ustez, horretan nabaritu da zerbait aldatzen ari dela; horretan eta Poliziaren jokabidean. «Hemen ez zen normala manifestaziorik egitea, ezta gasa erabiltzea ere, urtarrilaren 21ean gertatu zen bezala; orduan poliziek negar gasa erabili zuten lehendabiziko aldiz azken 60 urteetan. Aste osoan hainbat istilu izan ostean, urtarrilaren 26an lehen ministroak jakinarazi zuen koalizio gobernua amaitzear zegoela».

Uhartean gauza asko aldatzen ari dela uste dute herritarrek. Horren erakusle da, adibidez, lehendabiziko gaztetxe ofiziala sortu izana. Viktor O. Dietersson da etxea okupatu zuenetako bat. Haren hitzetan, denbora luzean, jendea hutsik zeuden etxeetan bizi izan da, baina ez zen ezer ofizialik. «Lehendabiziko gaztetxea sortzean horixe egiten saiatu ginen; okupazioa ofizial egiten». Krisia hasi baino lehen, bere ustez, inork ez zuen pentsatzen sisteman zerbait gaizki zegoenik, baina orain gauzak aldatu dira: « Lehen jabetza pribatua sakratua zen, nahiz eta pertsona batek erabiltzen ez zituen ehun etxe eduki; orain zerbait aldatu bada, premiaren eraginez izan da».

Reykjavik erdialdeko etxe zaharrak lortzen hasi ziren eraikuntza enpresak horiek botatzeko. Baina hori debekatuta dago. Orduan jendea eramaten zuten etxe horietara, honda zitzaten eta ondoko etxeetan bizi zen jendea uxa zezaten. «Jendea haserre zegoen egoera horrengatik -dio Viktorrek-, eta horrek mesede egin zigun; auzokideek etxea zaharberritzen ari ginela eta auzolana egiten ari ginela ikusi zutelako».

Gaztetxeak, alta, astebete baino ez zuen iraun. Hutsarazteko agindua apirilaren 14an eman eta Polizia biharamunean sartu zen; orduan ere negar gasa erabiliz.

Politikan federik ez

Konponbide batez galdetzen zaienean, agerian gelditzen da herritarrek ez dutela fede handirik Gobernuan. Olik, irtenbide modura, enpresa txikiak sustatzea proposatzen du: «Burokraziak berrikuntzak hiltzen ditu, eta berrikuntza negozio txikiek ekarri ahal dutelakoan nago ni... Txikia ere baliotsua da». Politikariengan baino gehiago, herritarrengan sinesten du: «Ez dut inoiz ezagutu konponbidea aurkitzen duen politikaririk, jendeak aurkitzen ditu konponbideak». Eta etorkizunari baikor begiratzen dio:«Egoera honetatik ateratzen garenean sendoagoak izango gara; egoera honek nolabait galduta zegoen bizitzeko ikuspegia berriz erakutsiko digulakoan nago. Beraz, azkenean krisia gauza ona izango dela uste dut. Batzuetan su eman behar zaio basoari zuhaitz txikiak haz daitezen...».

Islandia lurralde txikia da eta natur baliabide ugari ditu. Horrek errazago egingo du, herritar askoren iritziz, krisitik ateratzea. Gunnar, alta, ez da hain baikor ageri: «Aldaketak gauzatzeko urteak behar dira; denbora luze-luzea beharko dugu krisi ekonomiko honetatik ateratzeko, nolako dimentsioa duen ere ez baitakigu. Baina batzuek jarraitzen dute ezer gertatu izan ez balitz bezala». Anna eta Viktorren, iritziz, egoera ez da hain larria. «Bizitza hemen oso oparoa zen eta oraino ere bada. Nahiz eta izugarrizko krisia egon, ez dugu ahaztu behar oraindik gizarte pribilegiatu batean bizi garela».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.