Islandiako presidenteari dimisioa eskatu dio Gunnlaugsson lehen ministroak, hura eta bere emazte Sigurlaug Palsdottir Panamako agirietan agertu ondotik, ustez paradisu fiskalak erabili dituztelako milioika euroren inbertsioak ezkutatzeko. Astelehenean, agiri horien berri jakin ostean, esan zuen ez zuela dimitituko. Gaur, ordea, koaliziokideen presioari ezin eutsirik, parlamentua desegiteko eskatu du.
Sigurour Ingi Johannsson Nekazaritza eta Arrantza ministroak ordezkatuko du, Ragnar Grimsson presidenteak eta Independentziaren Alderdiak oniritzia ematen badiote. AEBetatik etorri berria dela kudeatu behar izan du gobernu krisia presidenteak. Ez du, ordea, berehala disolbatuko parlamentua. "Denbora behar dut argitzeko ea parlamentua desegiteko nahikoa babesik badagoen. Lehen ministroak ezin izan dit baieztatu, eta, horrenbestez, ez nago hauteskundeetara deitzeko prest".
Bjarni Benediktsson Finantza ministroa eta Independentziaren Alderdiko buruzagiak adierazi du ez duela orain arteko koaliziokidea babestuko, eta Gunnlaugsson eroriaraziko duela. "Filtrazioak kolpe bortitza dira gobenuarentzat". Haatik, Benediktssonen izena ere azaldu da Panamako paperetan, orain urte batzuk Seychelleetako Errepublikan sozietate baten jabetzaren herena zuelakoan.
Kolpe handia da filtrazioa Gunnlaugssonentzat. 2013an izendatu zuten lehen ministro herrialdeko bankuen aurkako protesta uholde baten ondotik. Finantza gehiegikeriek herrialdea krisian hondartu zuten; Islandiako hiru banku nagusiek hondoa jo zuten bata bestearen atzetik egun batzuen tartean 2008an.
Panamako agirien arabera, krisiak herrialdea astindu zuenean Gunnlaugssonek dagoeneko ezkutatzen zuen dirua Birjina Uharte Britainarrean, Witris izeneko sozietate baten bidez. Gunnlaugssonek eta Sigurlaug Palsdottir haren emazteak 2007an erosi zuten sozietatea, eta 2008an parlamentuan sartu zenean Gunnlaugssonek ez zuen hori deklaratu. Zortzi hilabete geroago saldu zion sozietatearen haren %50eko partea emazteari, dolar baten truke. Birjina Uharteko banko nagusien bonuetan lau milioi dolar —3,5 milioi bat euro— gorde dituzte hor, zergak sahiesteko.
Zerga paradisu bat erabili izanak oposizioa sumindu du, eta protestak itzuli dira Reykjavik hiriburura, finantza gehiegikeriekin honezkero nazkatuta zegoen herrialde batean. Astelehenean oposizioak zentsura mozio bat aurkezteko asmoa iragarri zuen, eta milaka herritar bildu ziren parlamentuaren inguruan protesta egiteko. Gaur beste bilkura batera daude deituta herritarrak.