«Herriko eraikin guztiak egoera berean daude. Suntsitzekotan dira eskola, haurtzaindegia, mezkita, klinika eta etxe guztiak», dio kezkatuta Othman al Guri irakasleak. Ikasturtea hasi aitzin eman zion Israelgo armadak eskola suntsitzeko agindua erakusten duen papera. Akkaba herriko eraikin publiko asko britainiar, estatubatuar eta norvegiarren laguntzarekin altxatu izana bost axola zaio Tel Avivi. Baita herritarren patua ere.
Zisjordania iparraldean, 1949ko Armistizioa finkatzen duen Lerro Berde-tik gertu dago Akkaba. Israelek dio «eremu militarrean» dagoela, eta plangintza baimenik gabe eraiki zutela. Alabaina, Sami Sadek alkateak dio belaunaldi ugari bizi izan direla herrian, Israelek 1967an hura okupatu aitzin.
Soldaduen presentziaz gain, herritarrek ur gabezia pairatu behar dute. Izan ere, ez dute argindar nahiz ur horniketarik, eta ura kamioi batek ekartzen die aldiro. Ondorioz nekazaritza lurrak ezin dituzte behar bezala ureztatu. Ezta horretatik bizimodua atera ere. Gazteek emigratu behar izaten dute. Egoera berean daude Zisjordaniako beste hainbat herritan.
500 HERRI ETA HIRI ARABIAR TXIKITUTA.NBEk 1947an Palestina historikoa zatitzea ebatzi zuenean palestinar arabiarrak populazioaren %70 ziren, lurraren %92ren jabe; palestinar juduak zein etorkin berriak %30 ziren. Halere, NBEk estatu judurako Palestinaren %52 finkatu zuen, eta estatu arabiarrerako %47. Jerusalem eta Belen nazioarteko eremu izendatu zituen.
Talde paramilitar sionistek palestinar arabiarren garbiketa etnikoari ekin zioten, Britainiarren Agintea bukatu eta NBEren zatiketa gauzatu aitzin (1948ko maiatza) ahalik eta hiri, herri eta lur arabiar gehienak eskuratzeko. Horretarako hilketa eta sarraski ugari egin zituzten, esaterako, Jerusalemdik mendebaldera zegoen Deir Jassin herrian: 250 zibil hil zituzten. Erasoen eta 1948-1949ko gerraren ondorioz -ondoko bost estatu arabiarri nagusitu zitzaien Israelgo armada- 750.000 bat palestinar arabiarrek ihes egin behar izan zuten, erbestera edota Gaza eta Zisjordaniara.
1948an palestinar arabiarren 500 bat herri eta hiri hutsarazi eta txikitu zituzten sionistek. Gero horietako batzuk berreraiki zituzten, baina soilik juduentzako bizileku gisa. Zenbait palestinar beren herrietara itzultzeko gai izan ziren; beste batzuek, aldiz, herri berriak eraiki zituzten, behin-behineko aterabide gisa, egunen batean etxera itzultzeko esperantzarekin.
Egun Israelen bizi diren palestinarrak 1.400.000 bat dira. Israelek kopuru horretan sartzen ditu Eki Jerusalemgo palestinarrak. Batez ere Jaffa, Ramle-Lydda, Haifa, Akka, Galilea eta Nakab basamortuan bizi dira israeldar-palestinarrak, bigarren mailako herritar gisa tratatuak eta baztertuak.
Tel Avivek ofizialki onartzen ez dituen 100dik gora herri palestinar daude egun Israelen, HRA Giza Eskubideen Elkarte Arabiarraren arabera. Horietan 100.000 israeldar-palestinar bizi dira, halamoduz; suntsitzearen mehatxupean, garapena eragotzita eta mapa ofizialetan agertu gabe. Herri gehienak Israelgo estatua baino lehenagokoak izan arren, lege urratzailetzat ditu estatuak herritar haiek.
Israel, Akkaba akabatzen
Zisjordanian Akkaba herri osoa birrintzekoa da Israel, «eremu militarrean» eta plangintzarik gabe eraikita dagoela argudiatuta. 1948an 500 bat herri suntsitu zituen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu