Israel abenduaren 27tik ari da Gazan (Palestina) erasoa egiten, eta gaur egin du lehen eten ofiziala: hiru ordukoa du -eguerdi partean-, palestinarrek oinarrizko laguntza humanitarioa jaso zezaten (osasun produktuak, elikagaiak...). Euskal Herriko arratsaldeko lauak aldera hasi da berriro erasoan, airez eta lurrez. Rafa herriko tunel batzuk bonbardatu ditu, esaterako.
Hamas Palestinako erakundeak haren eten garaian ez du Israelera koheterik bota. Ondoren berriro ekin dio, ordea.
Peter Lerner Israelgo Gobernuko Defentsa Ministerioko bozeramaileak esan du egunean-egunean aztertuko dutela halako eten egin edo ez. Gaur Gazan gutxienez beste bi palestinar hil dituzte, eta lurralde osoan hedatzeko asmoa daukala agertu du Israelek.
Dagoeneko Gazan 650 lagunetik gora hil dituztela-eta, sarraski hori geratzeko asmoz plana aurkeztu dute gaur Egiptok eta Frantziak, Bernard Kouchner Frantziako Kanpo Harremanetarako ministroak esan duenez, eta Simon Peres Israelgo presidenteak azaldu du "hurrengo egunetan serio" aztertuko dutela.
Hamas Palestinako erakundeak ere esan du Egiptoren eta Frantziaren plana aztertu egingo duela -Hamas da nagusi Gazan-. Hala ere, ez da oso ados azaldu, ezer baino lehen Israelen erasoa bukatu behar dela exijitu baitu.
Elkarrizketari ekin behar zaiola adierazi du Kouchnerrek eta Gazak bizi duen blokeoa bukatu egin behar dela. Bi parteek -Israelek eta Hamasek- su-etena eman beharko lukete, planaren arabera, eta Gazako muga ireki egin beharko litzateke, hango palestinarrek oinarrizko laguntza jaso dezaten. Horretaz gain, Israeli eta palestinarrei gonbitea egin diete "premiazko bilera egiteko".
Egiptoko presidente Hosni Mubarak-ek eta Frantziako Nicolas Sarkozyk aurkeztu diote plana Nazio Batuen Erakundeko (NBE) Segurtasun Kontseiluari -Frantzia da bertako buru urte hasieratik-. Mahmud Abbas Palestinako Aginte Nazionaleko presidenteak oniritzia eman dio proposamenari. Ban Ki-moon NBEko idazkari nagusia ere alde agertu da.
MunDUA
Israel berriro hasi da erasoan, hiru orduko etena egin ondotik
Hamasek koheteak botatzeari ekin dio, berak ere etena egin ostean. Egiptok eta Frantziak su-eten plana aurkeztu dute Gazarako, eta Israelek eta Hamasek diote aztertu egingo dutela. Israelek eta Hamasek su-etena eman beharko lukete, eta Gazako muga ireki egin beharko litzateke. Mahmud Abbas Palestinako Aginte Nazionaleko presidentea eta Ban Ki-moon NBEko idazkari nagusia alde agertu dira.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu