Israel eta PANen arteko bake prozesua blokeatuta

Abbasek uko egin dio Olmertek eskainitako «behin-behineko» bake akordioa hitzartzeari

ERREDAKZIOA
2008ko irailaren 2a
00:00
Entzun
Orain arteko bilerarik motzena izan zen asteburuan PAN Palestinako Aginte Nazionaleko presidente Mahmud Abbas eta Israelgo lehen ministro Ehud Olmerten artekoa. Ordubete baino gutxiago egin zuten elkarrekin, eta ez zuten bake elkarrizketekin aurrera egitea lortu. Bi aste geratzen zaizkio Israelgo lehen ministroari agintean, izan ere, irailaren erdialdean dimisioa emango duela iragarria du. Baina, kargua utzi aurretik nolabaiteko akordioa lotu nahi du buruzagi palestinarrarekin, izan ere, urtea amaitu aurretik hitzartu behar dute, berez, estatu palestinarraren sorrera ahalbidetuko duen akordioa. Abbas, ordea, ez dago «behin-behineko» hitzarmenik onartzeko prest, eta halaxe ohartarazi zion herenegun Olmerti. Ondorioz, bake prozesuak geldirik jarraitzen du.

«Okupazioa amaituko duen eta Jerusalem hiriburutzat duen estatu palestinar independentea ahalbidetuko duen akordioa nahi dugu. Edo puntu guztietan ados jartzen gara, edo ez dugu akordiorik onartuko», azaldu du PANeko Negoziazio arduradun Saeb Erekatek. Olmerten eledun Mark Regevek baikorrago hitz egin duen arren, onartu du hitzarmena lortzeko asko geratzen dela oraindik. «Urratsak egin ditugu, baina bien arteko aldea oraindik handia da».

Annapolisko (AEB) Akordioen arabera, datorren urteko urtarrila arteko epea dute bi aldeek bake akordioa adosteko. Baina ez Mahmud Abbas ez Ehud Olmert ez daude beren onenean: lehenak Gazaren gaineko kontrolik gabe jarraitzen du; eta bigarrenari, berriz, soilik bi aste geratzen zaizkio agintean. Ondorioz, behar-beharrezkoa dute elkarrizketetan nolabaiteko aurrerapausoak ematea.

Zibilen aurkako erasoak

Israelgo armadako ontzi batek bi arrantzale palestinar zauritu zituen atzo Gazan. Beit Lahia herritik gertu izan zen erasoa. Husam Sultan eta Muhammad Sultan arrantzan ari ziren soldaduek tiro egin zietenean. Husan larri eraman zuten erietxera, buruan tiro bat zuela; Muhammadek, berriz, hainbat tiro jaso zituen gorputz osoan. Tel Avivek ez du azalpenik eman.

Ez zen hori izan, ordea, atzoko eraso bakarra. Zisjordanian, Nalin hirian, buruko gaitz bat zuen palestinar bat larri eraman zuten erietxera lau tiro jaso ostean.Iturri ofizialek adierazi dutenez, 40 urteko Auas Srur da zauritutakoa. Horien arabera, soldadu israeldarrak haren anaia atxilotzera sartu ziren etxera, baina Srurrek aurre egin zien, eta tiro eginez erantzun zioten. «Militarrek araudia bete dute. Beren burua defendatzeko egin zioten tiro. Ondoren, laguntza medikua eskaini zioten zaurituari», adierazi dute armadako iturriek. Haien arabera, palestinarra izan zen erasotzen lehena.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.