Ia estatu juduarekin baterasortu zen Benjamin Netanyahu; bera da Israelen sorrera aldarrikatu eta gero jaiotako lehen buruzagia. Eta bera da gaur egitekoak dituzten bozetan faborito. Israelgo lehen ministro izandakoa (1996-1999), kargu hori bete dutenen artean gazteena da. Israeldarrek ez dute haren agintaldiari buruz oroitzapen onik, baina Ehud Olmerten gobernuak egindako hanka sartzeei esker, jokaleku politikoan lehen lerroan da berriro. Gobernuburu zela ustelkeria eta iruzurra egitea leporatu zioten.
Haren agintaldi polemikoagatik galdu zituen Likudek 1999ko bozak. Alderdikideek buruzagitzatik kendu zuten, eta Ariel Sharon aukeratu zuten haren ordezko. Alabaina, hainbat urtez itzalean egon ondotik, 2005ean alderdiaren kontrola berreskuratu zuen, Sharonek eta horren jarraitzaileek Kadima eratzea erabaki zutenean.
Netanyahu politikari kontserbadorea da. Adituek populistatzat daukate, nahiz eta oraingo arrakasta bere merituei esker baino gehiago, Olmerten ospe faltarengatik dela dioten.. ixiar Zubiaurre
Tzipi Livni
Sharoneneskuin eskua
KadimaAriel Sharonen begiko izan zen Tzipi Livni. Harekin batera utzi zuen Likud, ildo politiko moderatuagoa xede zutela, alderdi berria eratzeko: Kadima. Iazko urrian eskuratu zuen Livnik alderdi horretako buruzagitza, Ehud Olmerten lekukoa hartuta. Koalizio gobernua eratzeko Shas alderdiaren baldintzei men egin izan balie, bera izango zen Israelgo lehen ministro berria.
Mossad zerbitzu sekretuetako kide izana da Livni. Bera izan da, gainera, Gazaren aurka Tel Avivek egindako azken erasoaldia sutsuen defendatu duena. Hala ere, palestinarren eta israeldarren arteko gatazkaren inguruan gainerako politikariek baino jarrera moderatuagoa azaldu du. Bi estatu sortzearen aldekoa da, izan ere.
Gurasoak Irguneko kide izan ziren. Horregatik, segur aski, muturreko nazionalismoaren eskutik egin zituen lehen urrats politikoak. 1999an hasi zuen ibilbidea, Likudek Parlamenturako aukeratu zuenean. Eskuin muturreko joerak alboratuz eta sionismotik aldenduz, baina, azken urteetan joera moderatuagoen alde egin du. i. z.
Ehud Barak
Estratega militarra
Alderdi LaboristaLehen ministro karguan zela (1999-2001) «harroputz eta despotatzat» zeukaten Ehud Barak. Bere buruari bakarrik entzutea leporatu zioten orduan. Horrek izango zuen zerikusirik Alderdi Laboristak 2001eko bozak galdu izanarekin, bai eta Barakek politikatik aldentzeko erabakia hartu izanarekin ere. Sei urtez enpresaburu gisa aritu zen Barak, harik eta 2007an bere alderdiak hauteskundeak irabazi zituen arte; Defentsa ministro izendatu zuen orduan Ehud Olmertek.
Barakek gobernuburu zela hartutako zenbait erabaki gogor kritikatu zituzten israeldarrek. Horietako askok Palestinaren auziarekin zuten zerikusia. Hala, besteak beste, Camp Davideko goi bileran (AEBak), Jerusalemgo ekialdea palestinarren esku uzteko prest agertu zen, eta horrekin iritzi publikoa asaldatu zuen.
Kibbutz edo nekazari elkarte batean jaio zen, 1942an. Ehud Brog izena jarri zioten, baina deitura aldatu zuen gero, eta abizen judua aukeratu. Politikagintzan 1995ean hasi zen. Barne ministro gisa aritu zen, Yitzhak Rabinen gobernuan. i. z.
Avigdor Lieberman
Arabiarrenetsai sutsua
Yisrael BeiteinuEztabaida gehien sortu duen politikaria da Avigdor Lieberman, Yisrael Beiteinu alderdiko hautagaia. Eskuin muturreko nazionalista horrek arabiarrak Israeldik kanporatu behar dituztela aldarrikatzen du. Eta Sobiet Batasuna erori zenean Israelera egin zuten milioi bat juduren sostengua du.
Hala ere, palestinarrekin negoziatzeko saioa egin duenean ere aski kritikatu dute Lieberman. Hamasekoekin mahai berean eseri zenean, hala nola nazien kolaboratzailea izatea egotzi zioten. Berak, ordea, interes politikoak zirela-eta epaitu zutela salatu zuen orduko hartan.
Palestinan dituzten kokaguneen gainean, berriz, jarrera irmoa agertu izan du, eta haien babesa eskuratu. Kokaguneak bere hartan mantentzearen aldekoa da, izan ere, Lieberman hautagai nazionalista. Eraisten badituzte trukean ezertxo ere ez dutela jasoko argudiatu du. Ariel Sharonek 2005ean Gazako kokaguneak hustea erabaki zuenean, oposizio gogorra egin zuen Liebermanek. Ez zuten askorako balio izan haren ahaleginek, guztiak eraitsi baitzituzten. i.z.