Aurretik beste askok ere antzeko salaketak egin izan dituzte; alferrik, ordea. NBEko ordezkari berezi Richard A. Falkek, esaterako, gizateriaren aurkako krimentzat jo zuen Israelen politika-ondorioz, sarrera debekatu zion Tel Avivek-. Haren txostena «partziala» eta «asmo txarrekoa» zela esanez erantzun zuen gobernu juduak. Baina Falken baieztapenaren froga da Fidaa Hijji 19 urteko ikaslearen kasua. 2007an minbizia diagnostikatu zioten, eta Israelgo Tel HaShomer erietxera joateko aholkatu, Hamasen kontrolpeko eskualdean ez baitzegoen bera sendatzeko baliabiderik. 2009ko azaroaren 11n hil zen, Gazan. Hurrengo egunean iritsi zen Israelen sartzeko baimena. Halakoak maiz gertatzen dira. OME Osasunerako Mundu Erakundearen arabera, arrazoi medikoengatik Gazatik irteteko baimena eskatzen duten bost palestinarretatik batek ezezkoa jasotzen du erantzun gisa. Iaz, 29 lagun hil ziren baimen horren zain zeuden bitartean; duela bi urte 46. Halakoetan ere segurtasunarekin justifikatzen ditu Tel Avivek erabakiak. Izan ere, haren esanetan, «gaixotasunaren aitzakia» erabiltzen dute «terroristek» Israelen sartu eta atentatuak egiteko.
Azalpenik ez
Palestinarren mugimenduak ez ezik, baina, Gazara bidalitako laguntza ere estatu juduak kontrolatzen du. Eraikuntzarako materiala erabat debekatuta dago, baita eztainuzko ontziak ere, «armak egiteko» erabil daitezkeen aitzakiarekin. Aldiz, txokolatea, zukuak edo kontserbako frutak «luxuzko produktu» dira. Arazoa da, ordea, Netanyahuren gobernuak maiz aldatzen dituela onargarri direnen eta ez direnen gaineko arauak, horien zergatien inguruko inolako azalpenik eman gabe. Bi urte baino gehiagoan, esaterako, errefuxiatuentzako NBEren erakundeak ezin izan du paperik sartu lurraldean dituen eskoletarako. Duela gutxi, giza eskubideei buruzko liburuak sartzen utzizieten, baina aurretik kortxet guztiak kenduta. «Arriskutsuak omen ziren», azaldu du erakundeko ordezkari Raquel Martik. «Ez naiz aditu bat, baina ez dut ulertzen zer zerikusi duten haurrentzako jostailuek eta lehengaiek Israelen segurtasunarekin. Zentzugabea da», salatzen du Sari Bashik, Gisha giza eskubideen aldeko erakundeko buruak. Talde horrek debekuen inguruko azalpenak eskatu zizkion Tel Avivi auzitegietan. Erantzuna, betikoa: «Blokeoa oinarrizkoa da Hamasen aurkako borrokarako».
Genevako Itunaren arabera, Israelen erantzukizuna da okupatutako lurretan bizi diren zibilen ongizatea. Haren esanetan, ordea, 2005ean amaitu zen Gazako okupazioa, alde bakarreko erabaki baten ondotik, tropak erretiratu zituenean. Horretaz gain, 2007an eskualdea eremu etsai izendatu zuenetik, haren eginbehar bakarra «giza krisia eragoztea» dela dio. Eta Netanyahuren iritziz, Gazan ez dago krisirik.
Erantzuleak
Egitateek gezurtatzen dituzte gobernuburuaren hitzak. NBEren datuen arabera, Gazako bost herritarretatik lau giza laguntzaren menpe bizi dira. Ondorioz, bost urtetik beherako haurren eta emakume gazteen heren batek anemia dute. Edateko ura lortzeko eta ur zikinak garbitzeko ere arazo larriak dituzte. Egunero tratatu gabeko edo gutxi tratatutako 69 milioi litro ur isurtzen dira itsasora. Jimmy Carterrek, Israelen aliaturik handiena diren AEBetako presidente ohiak, ez du zalantzarik egin erantzuleak seinalatzeko orduan: «Eskubideen aurkako krimen izugarri horien errudunak Jerusalemen, Kairon, Washingtonen eta nazioarteko komunitatean bilatu behar dira».
Hildakoen gorpuak itsasora jaurti zituztela salatu dute
Turkiako Giza Laguntzarako Fundazioa (IHH) elkarteak salatu zuen atzo Askatasunaren Flotillan zihoazen hiru ekintzaile desagertuta daudela, eta hilda egon daitezkeela. «Antolatzaileek hamasei eta hogei hildako artean zenbatu dituzte. Gorpuak itsasora jaurti zituztela esan digute. Guk odolez betea ikusi genuen ontzia... Zodiac ontzietatik egiten zuten tiro», azaldu du Manuel Tapialek Istanbulen egindako agerraldian. Ekintzaile espainiarrak salatu du ere tratu txarrak jasan zituztela armadaren esku zeuden bitartean.Bestalde, asteburuan da heltzekoa Rachel Corrie ontzia Gazako kostaldera. Israel dagoeneko hasi da hura gelditzeko ahaleginak egiten.