Egoera okertuz doa lurralde okupatuetan. Gaur, tiroketa izan da, Beit Hagai eta Otniel kokaguneetatik igarotzen den Route 60 errepidean. Ondorioz, gizonezko israeldar bat hil egin da eta autoan zihoazen familia bereko hiru kide larri daude. Iturri ofizialen arabera, beste auto batek aurreratu du familia zihoan ibilgailua eta 20 tiro egin dizkio. Handik gertu, egun bat lehenago, 13 urteko nerabe israeldar bat hil zuen labankadaz, gazte palestinar batek. Erasotzailea tiroz hil zuten segurtasun indarrek.
Istilu gehiago saihesteko aitzakian, Hebron inguruko errepide guztiak itxi ditu Israelgo armadak.
Bestalde, negar gasa arnastearen ondorioz hil egin da 63 urteko palestinar bat. Israelgo iturrien arabera, hura eta beste 40 bat lagun Zisjordaniako Ramala hiritik Jerusalemera sartzen ahalegindu dira, Kalandiako kontrol gunetik, baina segurtasun indarrek negar gasa bota diete.