Israelek mezu garbia igorri zuen astelehenean: «Dignite Al Karama Gazarantz badoa, atzeman egingo dugu». Esan eta egin. Israelgo armadak Askatasunaren II. Flotillako ontzi frantziarra atzeman du, eta Israelgo Ashdodeko portura eraman dute. Igal Palmor Israelgo Atzerri Ministerioko bozeramaileak adierazi duenez, «ahal bezain laster» deportatuko dituzte ekintzaileak. Dena den, Palmorren arabera, epaiketa eskatzeko eskubidea dute, herrialdean geratzeko baimena eskatuz.
Dignite Al Karama Gazarantz abiatu zen astelehenean, hainbat aste Greziako Kastellorizo uhartean blokeaturik pasa ondoren. Greziak ontziei itsasoratzeko jarritako debekua saihestea lortu zuen Askatasunaren II. Flotillak, eta haien hasierako helburuari ekin zioten ontziko hamasei kideek: Gazara itsasoz giza laguntza eramatea, Israelek ezarritako blokeoa salatu asmoz.
Israelek, ontzia Gazara zihoala jakin bezain laster, esan zuen «blokeoa hausteko edozein saio etengo zuela». Hala, Gazako kostatik 50 bat miliara zeudenean, Israelgo Itsas Armadako ontziak Dignite Al Karama gertutik jarraitzen hasi ziren, ontzia inguratu zuten arte. Israelen bertsioaren arabera, euren helmuga zein zen eta ontzian armarik ote zuten galdetu zieten. Ekintzaileek argi erantzun zuten Gazara zihoazela eta ez zutela inolako armarik. Israelek bi aukera eskaini zizkien orduan ontzian zeudenei: Ashdodeko portura edo Egiptora joatea. Ekintzaileek, ordea, ez zuten helmuga aldatzeko zantzurik agertu, eta armadakoek ontziaren kontrola hartu zuten. Ekintzaileek ez zuten erresistentziarik jarri.
«Erabat beharrezkoa izan da ontzia atzematea», dio armadak igorritako komunikatu batean; «bide diplomatiko guztiak agortu zirelako eta ontziak gure aginduak betetzen ez zituelako jokatu behar izan dugu horrela». Komunikatu horren arabera, militarrek beharrezko neurriak hartu zituzten ekintzaileei minik ez egiteko eta, aldi berean, soldaduak babesteko. Horrez gain, ontzian zeuden lagunak osasun egoera onean zeudela egiaztatu zuten, eta jatekoa eta edatekoa eskaini zizkieten.
Israelek moztu egin zien satelite bidez zuten komunikazioa, eta ezinezkoa da eurekin harremanetan jartzea. «Ez dugu bidaiarien berririk, eta kezkaturik gaude», adierazi du Frantziako delegazioak komunikatu batean; «ekintza horrek komunikazio eta informazio eskubideak urratzen ditu».
Bestalde, Israelek atzeman dituen momentuan nazioarteko uretan zeudela salatu dute. «Nazioarteko uretan dagoen ontzi zibil bat atzematea legez kanpokoa da, Israelek Gazari ezarritako blokeoa bezalaxe», adierazi du Julien Rivoire Frantziako delegazioko bozeramaileak.
Frantziak begi onez ikusi du
Frantziako Gobernuak ontzat jo du Israelek ontzia atzematea. «Ekimen horiek tentsioak handitzea baino ez dute eragiten», adierazi du Alain Juppe Frantziako Atzerri ministroak; «Gazarako giza laguntza lehorretik eraman behar da, hori baita modurik eraginkorrena eta arduratsuena». Dena den, Gazako blokeoa gaitzesten duela berretsi du Frantziak, eta ekintzaileekin «arduraz» joka dezan eskatu dio Israeli. Askatasunaren II. Flotillak ekintzaileak babesteko erantzukizuna har dezan eskatu dio Frantziako Gobernuari, eta, inkomunikaturik daudenez, radar bidez ontzia aurkitzeko.
Arabiar Ligak eta Hamasek Israelen ekintza «pirateria» dela salatu dute. Nabil al Arabi Arabiar Ligako idazkari nagusiak «halako ekintzen aurrean jarrera tinkoa» azaltzeko eskatu dio nazioarteari.
Israelek 'Dignite' ontzia atzeman eta Ashdodeko portura eraman du
Ekintzaileak «ahal bezain laster» deportatuko dituzte; Israelek satelite bidezko komunikazioa eten dio ontziariFrantziako Gobernuak ontzat jo du Israelek ontzia atzematea, baina blokeoa gaitzetsi du
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu