Israelek etxe gehiago egingo dituela iragarri du Jerusalemen Egunean

1967ko Sei Eguneko Gerran Jerusalem ekialdea konkistatu izana ospatu dute israeldarrek

Erredakzioa
2011ko ekainaren 2a
00:00
Entzun
Israelek Jerusalemen Eguna ospatu zuen atzo, eta segurtasun indarrak larrialdi egoeran jarri zituzten. Guztira 3.000 agentek zaindu zuten hiria egun osoan, inongo istilurik gerta ez zedin. 1967an, Sei Eguneko Gerraren ostean, Jerusalem ekialdea konkistatu zuen Israelek, hiri zaharra barne hartzen duen lekua, eta hori ospatzen dute Jerusalemen Egunean.

Palestinarren eskariari uko egin eta 2012an Jerusalemen etxebizitza gehiago eraikitzeko plan berriak onartuko dituela aurreratu du Benjamin Netanyahu lehen ministroak ospakizun egunean. Gainera, hiria ez dela bitan banatuko eta ez dela aldi berean israeldarren eta palestinarren hiriburua izango berretsi du. «Jerusalemen aurkitutako harri eta elementu arkeologikoek argi uzten dute juduek hiriburuarekin duten harreman sakona», Netanyahuren ustez.

Eskuin muturreko taldeen manifestaldiek eta Banderen desfileak zeharkatu zituzten Jerusalemgo hiri zaharreko kaleak. Gutxi gorabehera, 30.000 lagunek parte hartu zuten hiriaren ekialdea eta mendebaldea bereizten dituen lerro berdetik harresitutakozitadela zaharrera joan zen desfilean.

Palestinarren hiriburua

Sei Eguneko gerran, Jordania, Siria eta Egiptoren kontrakoan, Jerusalem ekialdea okupatu zuten, eta, han, judaismoaren, kristautasunaren eta islamaren leku sakratu nagusiak daude: Deitoreen Harresia, Meskiten Zelaigunea eta Hilobi Santua. 1980an Jerusalem Legea onartu zuen Israelek, eta hiriaren ekialdea anexionatu zuen. Jerusalem estatu juduaren «hiriburu betierekoa eta banaezina» izendatu zuen.

Egun 240.000 arabiar inguru bizi dira Jerusalem ekialdean, eta nazioarteak ez du Israelgo hiriburu gisa onartu: Tel Aviven daude atzerriko enbaxada guztiak. PAN Palestinako Aginte Nazionalak behin eta berriz esan du Jerusalem ekialdean izan behar duela etorkizuneko estatu palestinarraren hiriburuak. Eta Israel kontra badago ere, nazioartean babes zabala jasotzen ari da PAN.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.