Israelek Gaza bonbardatuz erantzun die eraso sortei

Gutxienez sei palestinar hil ditu Israelek Gazan; Israel hegoaldean ustezko zazpi ekintzaile eta beste zazpi lagun hil dituzteNetanyahu Israelgo lehen ministroak mendekua iragarri, eta gutxira bete du

Maite Alustiza.
2011ko abuztuaren 19a
00:00
Entzun
Israelek ez du abagunerik galdu Gazari erasotzeko. Israel hegoaldean izandako hainbat erasok hamalau hildako utzi zituzten atzo, eta ekintza horiek «Gazako mugako terroristei» egotzita, Gaza bonbardatu zuen Israelek arratsaldean. Gutxienez sei lagun hil zituen; tartean, Abu Auat Nairab Palestinako ekintzailea eta haur bat daude. Gazako larrialdi zerbitzuen arabera, Israelgo Aire Indarren hegazkinek Abu Jamil Shaat milizianoaren etxeari eraso zioten; harekin batera, Herri Erresistentzia Batzordeko hainbat kide zeuden. 2008-2009ko negutik ez dute gogoratzen halako erasorik Gazan. Berun Urtua operazioan Israel Gazara sartu zen, eta hegazkin eta tankeek etengabe bonbardatu zituen palestinarrak. Hiru astean 1.400 pertsona hil zituzten, eta beste 5.300 zauritu.

Atzo eguerdian Israel hegoaldean izandako atentatuek piztu zuten sua. Gutxienez hamalau lagun hil eta 30 zauritu ziren hiru erasotan. Hildakoetatik zazpi ustezko ekintzaileak dira, eta Israelgo armadak bere gain hartu ditu hilketa horiek. Ez dago argi gainerako zazpiak zibilak ala soldaduak diren, David Adom Maguen saileko zuzendariak adierazi duenez. Armatuta zihoan talde batek autobus publiko baten eta hainbat autoren aurka tiro egin zuenean hasi zen gatazka. Eilat hiritik hogei kilometrora gertatu zen lehen erasoa; Egipto eta Jordaniako mugan dago Eliat. Hamar bat soldadu zihoazen autobusean; asko dira asteburuetan soldadutza egitetik euren etxera autobusean itzultzen direnak.

Hamasi begira

Autobusari eraso ondoren, Israelgo armadak talde armatu batekin topo egin, eta tiroketa hasi zuten. Handik gutxira, militarren autotik gertu bonba bat leherrarazi zuten. Horrekin batera, eskuz egindako misil batek auto pribatu baten aurka jo zuen. Zaurituak Eilat eta Beersheva hirietako ospitaleetara eraman zituzten, eta medikuak greban bazeuden ere, atentatuetan zauritutako lagunak artatu zituzten.

Indar Armatuen informazio bulegotik azaldu dutenez, «zazpi terroristek zibilen aurka egindako erasoaren ondotik eraso zien armadak terroristei». Benjamin Netanyahu Israelgo lehen ministroak larritzat jo ditu erasoak, eta herrialdeak «erantzun egokia» emango diela ohartarazi du prentsa ohar batean.

Ehud Barak Israelgo Defentsa ministroak erasoen atzean Hamas Palestinako erakundea egon daitekeela eman du aditzera. «Ekintza terroristen iturria Gaza da, eta guk indar betez eta sendotasunez egingo dugu haien aurka». Gazako mugako ekintzaileak Egiptoko mugatik infiltratu zirela uste dute Gobernutik. Barakek ere «ekintza terrorista larritzat» jo ditu erasoak, eta Sinain Egiptok duen kontrolaren ahultasuna erakusten dutela azaldu du.

Hamasek ez ditu erasoak bere gain hartu; dena den, erasoa goratzen dutela adierazi du Ahmad Jusef taldeko buruzagietako batek. «Helburua Israelgo soldaduak izan direlako laudatzen dugu erasoa; momentu konkretuan gertatu da. Israeldarrak egunero, gau eta egun, Gaza erasotzen ari dira». Palestinarren eta israeldarren arteko bake negoziazioak ia urtebete daramate geldirik, eta horren «ondorio logikoa goraldi militarra» dela uste du Yusefek.

Gaza uzteko deia

Israelgo indar armatuen errepresalia posibleei aurre hartuz, Hamaseko Barne ministroak sail ofizialak, kuartelak eta Gazako komandantetzak uzteko agindu die langileei. Sala Bardauil Hamaseko bozeramaileak adierazi duenez, Israelek Gazako muga Ramadaren hilabetean erasotzen badu, Hamasek indartsu erantzungo dio.

PAE Palestina Askatzeko Erakundeak erasoak gaitzetsi ditu, eta horrekin batera, Israelek Gazaren aurka egindako mehatxuak kritikatu ditu. Jaser Abed Rabo elkarteko idazkari nagusiak gogorarazi du Israelen saiakeren gainetik euren planekin jarraituko dutela; hau da, NBE Nazio Batuen Erakundean nazioarteko aitorpena lortzeko ahaleginak egingo dituztela. Saeb Erekat PAN Palestinako Aginte Nazionaleko negoziazio buruak «ekintza arduragabeak» ez egiteko dei egin dio Israelgo Gobernuari.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.