Israelgo armadak 25 urteko gazte bat hil du gaur tiroz Zisjordanian, Hamran; aurreko astean beste bat hil zuten kontrol postu berean. Kaldun Samudi zuen izena hildakoak, eta Maan albiste agentziaren arabera, presaz zihoala hurbildu da kontrolera. Soldadu batzuk ikaratu eta ihes egin dute, baina batek gelditzeko oihukatu eta tiro egin dio. Gaztea ez da berehalakoan hil, eta biluztu ondoren, odolusten utzi dute soldaduek. Armadak orduan inguruak itxi ditu, eta Ilargi Gorriko anbulantziek gerturatu ere ezin izan dute egin.
Israelek bere bertsioa eman du, esanez "Ala handia da" oihukatuz hurbildu zaiela gaztea soldaduei, "eskuetan aizto bat eta bi lehergai zituela". Zisjordniako Tubas herriko gobernadoreak, ordea, Marwan Tubasik, Israelen bertsioa gezurtatu du.
Aurreko astean, urtarrilaren 2an, kontrol postu berean beste gazte bat hil zuten soldaduek, "eskuetan zeraman freskagarria arma bat zela uste zutelako", ondoren emandako azalpenen arabera. Bi egun lehenago, emakume bat hil zen protesta batzuetan parte hartzen ari zela, soldaduek botatako gasa arnastuta. Atzo ere 66 urteko gizon bat hil zuten soldaduek, eta herenegun, beste bi palestiniar hil zituzten. Bart soldadu israeldar bat hil da, eta lau zauritu dira, soldadukide batek nahi gabe tiro eginda.
Mundua
Israelek gazte bat hil du Zisjordanian; aurreko astean beste bat hil zuen kontrol postu berean
Kontrolera presaka hurbildu denean egin dio tiro soldadu batek. Azken hiru egunetan Israelek hil duen laugarren palestinarra da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu