Palestinako Aginte Nazionalak (PAN) jakinarazi duenez, Israelgo armadak gaur Gaza (Palestina) hirian egindako bonbardaketaren eta tanke erasoaren bidez 195 lagun hil ditu gutxienez, azken zenbaketa ofizialaren arabera, eta 310 lagun zauritu -horietako batzuk oso larri aude-. Hildakoen artetik 23 behintzat, Jan Junis eta Rafa ondoko herrietan zendu dira. Hildakoen artean, Hamas erakundeko Polizia arduraduna dago: Taufiq Jaber.
Israeldar soldaduek 50 bat hegazkin eta helikoptero erabili dituzte erasotzeko. Misilak bota dituzte. Ondoren tankeekin segitu dute erasoa egiten. "Horrela segituko dugu eta, behar izanez gero, erasoa zabaldu egingo dugu", adierazi dute armadako iturriek. Ehud Barak Israelgo Gobernuko Defentsa ministroa ere gogor mintzatu da: "Bukatu da bakerako garaia, orain borrokarakoa da"; erasoan "behar bezainbeste" ariko direla hitz eman du.
"1967ko gerratik Israelek ez zuen egun batean hainbeste jende hil", adierazi du Gazako osasun taldeko buru Moawiya Hasaniek.
Palestinako Osasun Ministerioak -Zisjordanian dago- dei egin die herritarrei odola eman dezaten. Egiptok Rafa herriko pasabidea zabaldu du, zaurituak hartzeko eta haiei laguntza emateko.
Israelen eta Hamasen sei hilabeteko su-etena abenduaren 19an bukatu zen. Hamas da nagusi Gazan -Al Fata, berriz, Zisjordanian-, eta azkeneko egunetan dozenaka kohete bota ditu Israelera, hildakorik eragin gabe. "Azkeneko odol tanta isuri arte jarraituko dugu erresistitzen", esan dute gaur Hamaseko iturriek.
Mahmud Abbas PANeko presidenteak gogor salatu du erasoa, eta Israeli gelditzeko exijitu dio.
Europako gobernuek Israel kritikatu dute. Ameriketako Estatu Batuetakoa, aldiz, Hamasi zuzendu zaio, Israel gehiago eraso ez dezan eskatuz.
MunDUA
Israelek gutxienez 195 lagun hil ditu Gazan
50 bat hegazkin eta helikoptero erabiliz misilak bota ditu gaur, eta tankeekin segitu du erasoan. "Bukatu da bakerako garaia, orain borrokarakoa da", adierazi du Ehud Barak Israelgo Defentsa ministroak. Azken 40 urteetako haien erasorik gogorrena izan da. "Azkeneko odol tanta isuri arte jarraituko dugu erresistitzen", esan du Hamasek. Egipto zaurituei laguntzen ari da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu