Uri Avnery. Israelgo giza ekintzailea eta idazlea

«Israelek guztiz baliogabe utzi du bakearen esanahia»

Arafaten laguna izandakoa itxaropentsu da erresistentzia palestinarra berpiztu delako; hala ere, buruzagi historikoaren hitzak bere egin, eta gerta daitekeena noiz gauzatuko den iragartzerik ez dagoela dio.

ANE IRAZABAL.
Ane irazabal
Tel Aviv
2011ko abuztuaren 5a
00:00
Entzun
Israelen historia bizia da Uri Avnery (Beckum, Alemania, 1923). Palestinara 1933an iritsi zen gurasoekin, Hitlerren Alemaniatik ihesi, eta Irgun talde armatu sionistako kide izan zen gaztaroan. Gerrak, ordea, zauri psikologiko sakonak utzi zizkion, eta «sionismoaren gehiegikeriak» kritikatzeari ekin zion; Haolam Hazeh aldizkari alternatiboa sortu zuen. Legebiltzarreko kide ere izan zen hamar urtez. Eta 1993an Gush Shalom izeneko bake mugimendua eratu zuen, eta mundu zabalean bi estatuen konponbidearen bozeramaileetako bat bilakatu zen. Harrezkero, giza eskubideen defentsan, iritzi publikoa xaxatzen saiatu da. Jasser Arafat laguna gogoratu du BERRIA-ri emandako elkarrizketan.

Nolakoa da Udaberri Arabiarraren eragina Ekialde Hurbilean?

Tunisiako eta Egiptoko iraultzek izugarrizko eragina izan dute erresistentzia palestinarra berrantolatzerakoan. Nakbaren eta Naksaren urtemugak iazkoak baino askoz jendetsuagoak izan dira, baina indarkeriarik gabeko erresistentzia izan dute oinarritzat. Hori positiboa da oso; izan ere, Israelgo armadaren erasoak justifikatu ezinezko egiten ditu.

Israelgo zenbait herritar entzutetsuk eskutitz bat publikatu berri dute, Europako Batasunari Palestinako Estatu onartzeko eskatuz. Zer iruditzen zaizu?

Guztiz ados nago, biziki sinesten baitut bi estatuen konponbidean. Nolanahi ere, garrantzitsua da zenbait kontu argi azaltzea. Palestinako Estatuak 1967ko mugetan izan beharko luke, Zisjordania, Gaza eta Jordango harana barne hartuz. Jerusalem ekialdea, berriz, hiriburu eztabaidaezina litzateke. Koloniei dagokienez, guztiz hustu beharko lirateke. Gizartearen gehiengoak, zoritxarrez, ez ditu baldintza horiek onartzen, eta gobernua babesten du okupazioari eutsita.

Baina ez dirudi bi estatuen aldeko apustua bat datorrenik iheslarien itzultzeko eskubidearekin.

Teoria eta praktika bereizi behar ditugu kasu honetan. Iheslarien itzultzeko eskubidea legezkoa zein zilegi da, nazioarteko legediak babesten baitu. Baina, nire ustez, ezinezkoa da zazpi milioi palestinarren itzulera praktikara eramatea. Israelgo joera demografikoa aldatuko luke, eta hori ez du gobernu bakar batek ere onartuko. Arafatekin askotan hitz egin nuen gai horri buruz, eta jakin bazekien kopuru sinboliko batek bakarrik izango duela itzultzeko aukera. Bestetik, zaila da jakitea aukera izanez gero zenbatek erabakiko lukeen berriz ere etortzea. Oso gai mingarria da palestinarrentzat, iheslariak baitira erresistentziaren sinboloa. Iragan asteetan beren protagonismoa aldarrikatu dute, Libano eta Siriako mugetan.

Eta zergatik ez estatu demokratiko bakarra eta laikoa denentzat?

Israelek ez du inoiz bere burua itsasora botako, eta bi herrien arteko diferentziak handiegiak dira estatu bakar baten aldeko apustua egiteko. Estatu bakarrarenideiak utopia hutsa dira niretzat. Israelek estatu bat izateko eskubidea du, baita Palestinak ere, baina inolaz ere bi irla bakartu gisa. Ekialde Hurbila osatzen duten herrialdeen arteko federazioa bultzatu behar dugu; izan ere, geografiak, ekonomiak eta tradizio kulturalek hala eskatzen dute.

Israel, ordea, gero eta bakarrago dago eskualdean, eta barne arazo ugari ditu, erlijioak eskuratu duen botere politikoa kasu.

Problema larria dugu erlijioarekin. Israelgo Estatua sortu zenean, garaiko gazteek uste genuen judaismoa hamarkada batzuen buruan desagertuko zela, sionismoa mugimendu laikoa izan baitzen hastapenetik. Denborarekin, tresna politiko gisa erabili dute gobernuek; batez ere, okupazioari eusteko. Orain, eguneroko bizitza zuzentzen du judaismoak, estatu judutzat definitzen baitu Israelek bere burua. Zenbait errabino eskatzen ari dira gazte arabiarrei apartamentuak ez alokatzeko, eta errabino horiei soldata bat ordaintzen die Estatuak. Gero eta zatituagoa dago gizartea. Tel Aviv eta Jerusalem konparatu besterik ez dugu, alde laikoaren eta erlijiosoaren arteko desberdintasuna ikusteko. Dena den, ortodoxoen aldekoa da joera demografikoa, eta horrek biziki larritzen nau.

Batasun nazionaleko gobernua eratuko dute aurki Al Fata eta Hamasek. Zer irizten diozu akordioari?

Aurrerapauso garrantzitsua da. Palestinarrek inoiz baino batuago egon behar dute, eta indarra erakutsi. Izan ere, Israelek beti du aitzakiaren bat bakerik ez sinatzeko. Duela gutxira arte Benjamin Netanyahuk esaten zuen ezin zuela Mahmud Abbasekin negoziatu, ez zuelako palestinarren osotasuna ordezkatzen. Orain ere ezinezkoa dela dio, Hamas talde terroristatzat hartzen duelako. Israelek guztiz baliogabetu du bakearen esanahia.

Zer gertatuko da irailean. NBEk estatu palestinarra aitortuko al du?

AEBetako diplomazia sutsuki mobilizatu da aldarrikapena ekiditeko, hango lobby judu zein kristau sionistaren txotxongiloa baita gobernua. AEBek ez dute bakarrik geratu nahi aitorpena aurkezten bada, eta, beraz, europarrak konbentzitzen saiatu da Barack Obama. Europako Batasuneko herrialdeek erantzukizun handia izango dute; izan ere, bertako iritzi publikoak kausa palestinarra defendatzen du.

Egoera aktibatu dela dirudi...

Palestinarren erresistentzia estrategia berpiztu dela esango nuke, baina nire ia 90 urteko bihotzak ikasia du egoera berrien inguruan gehiegi ez hunkitzen. Arafatek esaten zuen igar dezakegula zer gerta daitekeen, baina inoiz ez noiz eta nola gertatuko den. Hala ere, erabaki dut oraindik ez dudala hil nahi, une interesgarriak datoz eta.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.