Israel sutan jarri du Nazio Batuen Erakundeko Giza Eskubideen Kontseiluak batzorde bat sortu izanak kolonia juduek lurralde palestinarretan duten eragina aztertzeko. Joan den ostegunean, Genevak batzordea sortzea onartu zuenean, «hipokritatzat» jo zuen erabakia Benjamin Netanyahu Israelgo lehen ministroak, eta atzo erantzuna gogortu zuen Tel Avivek: NBEko Giza Eskubideen Kontseiluarekin harremana etetea erabaki du.
Erakundeak «ez dauka inolako sinesgarritasunik», Avigdor Lieberman Atzerri ministroaren ustez, eta horregatik erabaki dute kontseiluarekin «zerikusirik ez izatea». Halaxe azaldu du Paul Hirschson Israelgo Atzerri Ministerioko bozeramaileak: «Giza eskubideen alorrean sinesgarritasuna galdu du kontseiluak, eta ez du merezi siriarrek eta irandarrek bezalako pertsonek osatzen duten erakunde batekin lankidetza izateak. Beste herrialdeetako giza eskubideen inguruan maisuarenak egitera joaten dira hara. Errealitatetik guztiz deskonektatuta dago».
Aurrerantzean, beraz, Israelgo ordezkariek ez dute parte hartuko kontseiluaren bileretan, eta erakundearen eskakizunei ere ez diete erantzungo. Gainera, Liebermanek erabaki du NBEko misioko kideei kolonietara sarrera ukatzea, eta PAN Palestinako Aginte Nazionalari zigorrak ezartzea aztertzen ari da. Joan den ostegunean erabaki zuten Genevan koloniak aztertzeko batzordea sortzea: 36 kidek bozkatu zuten alde, beste 10ek ez zuten bozkatu, eta kide bakarrak egin zuen kontra: AEBek. Erabakiarekin oso kritiko agertu zen Washington, eta erakundearen joera «Israelen aurkakoa» dela salatu zuen.
Israelek 1967an Zisjordania eta Jerusalem ekialdea okupatu zituenetik, 500.000 judu bizi dira lurralde palestinar horietan eraikitako 100dik gora kolonietan. Nazioarteko legediaren arabera, legez kanpokoak dira kolonia horiek, Tel Avivek kontrakoa esan arren. NBEren Giza Eskubideen Kontseiluaren misioaren helburua, hain zuzen, kolonia horien eragina aztertzea da: «Israelgo koloniek lurralde okupatuetako palestinarren eskubide zibil, politiko, ekonomiko, sozial eta kulturaletan duten eragina ikertzea». Israelen eta palestinarren arteko bake negoziazioak 2010 amaieran blokeatu ziren, besteak beste, kolonien auziagatik.
Koloniena, baina, ez da Tel Avivek NBErekin talka egiteko arrazoi bakarra. Izan ere, NBEko Arrazagatiko Diskriminazioa Ezabatzeko Batzordeak beduinoen legea ezabatzeko eskatu dio Netanyahuren gobernuari. Israelek Negev basamortuko eskualdeko 30.000 beduino Rahat, Kseifa eta Hura herrietara bidali nahi ditu. Legeak beduinoen etxebizitzen eraisketa eta behartutako lekualdatzeak onartzen ditu, eta NBEren batzordearen arabera, diskriminazioa eta jarduera arrazistak legezko egingo lituzke.
Shalabi, arriskuan
Hana Shalabi preso palestinarraren osasun egoera oso larria dela ohartarazi dute mediku eta agintari palestinarrek. Berrogei egun daramatza gose greban protesta gisa. Preso administratiboa da, eta Israelek ez dio oraindik argitu zergatik daukan preso. Atzo, hain zuzen, Shalabiren helegitea baztertu zuen Tel Aviveko auzitegi militarrak. Bere osasun egoera larria kontuan hartuta, erabaki hori «heriotza zigorra» da Shalabirentzat, Issa Qaraque Palestinako Presoentzako ministroaren esanetan. «Shalabiren bizitza arriskuan dago. Israelek badaki hori, eta Kfar Shavako ospitaleko artatze intentsiboko gunean daukate», azaldu du Qadura Fares Palestinako Presoen Klubeko presidenteak.
Bestalde, Gazan berriro itxi dute bertako zentral elektriko bakarra, erregai barik geratu direlako. Zentralak Gazako argindarraren %35 sortzen du, eta eragin handia izan du argindar etenak bai etxebizitzetan zein ospitaleetan, besteak beste. PANeko lehen ministro Salam Fayadek Hamasi egotzi dio lurraldearen erregai krisiaren errua. Hamasek soilik Egiptotik jasotzen du erregaia, baina gutxitu egin da jasotako kopurua urte hasieratik, eta argindar mozketak ohikoak izan dira azken hilabeteetan.
Israelek harremana eten du NBEko Giza Eskubideen Kontseiluarekin
Koloniak aztertzeko misioari sarrera ukatuko dio Tel Avivek, eta PANi zigorrak jartzea aztertzen ari da
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu