EKIALDE HURBILEKO GATAZKA

Israelek hesi zati bat botako du, Hagaren kritika eragotzi nahian

Zisjordaniako Baka al Sharkia eta Zeita herriak zatitzen dituen 8 kilometroko horma eraistekoa da gaur

Erredakzioa
2004ko otsailaren 22a
00:00
Entzun
Nazio Batuen Erakundearen Batzar Nagusiaren aginduz, Nazioarteko Zigor Auzitegiak bihar aztertuko du Hagan (Herbehereak) Zisjordaniatik banatzeko Israel eraikitzen ari den hesiaren legezkotasuna. Eta Tel Aviveko gobernua deseginarazten hasiko da, gaur bertan, hesi horren zati bat. PAN Palestinako Aginte Nazionalak, berriz, «haserre egun» izendatu du nazioarteko auzitegiaren saio hasierako eguna.

Zisjordanian kokatutako Baka al-Sharkia eta Zeita herriak bitan zatitzen eta inguruetako milaka bizilagun banatzen dituen banaketa hesiaren 8 kilometroko zati bat desegiten hasiko dira gaur, Israelgo Gobernuaren aginduz. Desegite honen kostua, 8 milioi dolar ingurukoa izango dela kalkulatuta izan da. Askoren ustez, ekimen honekin, Ariel Sharonen gobernuak malgutu nahi du Nazioarteko Zigor Auzitegiak banaketa hesiaren legezkotasunaz har lezakeen kontrako jarrera. Alabaina, Israrelgo Defentsa Ministerioko eledun Rachel Niedak-Askhenazik ziurtatu zuen atzo banaketa hesiaren zati txiki honen deseginaraztea orain dela 6 hilabete ebatzi zela.Nolanahi ere, desegiteak ez dio eragin handirik ekarriko Israelek «segurtasun hesitzat» jotzen duen eraikinari. Izan ere,guztira 730 kilometroko luzera izango duen hesi honen eraikitzen jarraitzeko asmoari eusten dio Sharonen gobernuak. Horiek horrela, Palestinako Aginte Nazionalak «haserre egun» bezala jo du biharko eguna, hain zuzen ere, Hagan kokatuta den Nazioarteko Zigor Auzitegia eraikuntza honen legezkotasuna aztertzen hasiko den eguna. Auzi honetara ordezkaririk ez igortzea erabaki du Israelgo Gobernuak, eta Ameriketako Estatu Batuek ere jarrera berdina hartu dute, Tel Avivekiko elkartasunez. Nazioarteko Zigor Auzitegiak gaitzespen iritzi bat ematen badu ere banaketa hesiari buruz, jarrera honek ez du ezertara behartuko Nazio Batuen Erakundea.Gaitzeste bat aldarrikatzea, haatik, garaipen politikoa izango litzateke palestinarrentzat. «Konfiantza osoa daukagu Nazioarteko Auzitegiaren zuzenbide legean», aditzerat eman zuen atzo Jasser Arafat PANeko presidentearen aholkulari Abu Rudeinak. Honen iritzian, «galduta daukan guduka bat darama Israelek, zeren eta, berea ez den lurralde batean ezin baitu hesirik eraiki; hori eginez gero, nazioarteko legeak eta araudiak hausten ditu». Bere aldetik, Nabil Shaat ministro palestinarrak, nazioarteko komunitatearen ohartarazte ahaleginez eta hesiaren zati bat desegiteaz mintzatzean zera azaldu zuen: «Geure lan tematsua ondorioak ematen hasia da, baina eutsi egin behar diogu hesia osoki desegina izango den arte».

Palestinar bat hil dute Gazan

Nazioarteko Zigor Auzitegiaren saio atarian, PANek bilera egin zuen atzo, biharko «haserre egunaren» ikuspegitik azkeneko prestaketak egiteko. Salaketa ekitaldiak, haatik, atzotik abiatu ziren banaketa hesiak kaltetzen dituen herrietako milaka biztanlek manifestazioak egin zituztelarik. Elkarretaratze kopurutsuena Nabulusen egin zen, 2.000 lagunetik gora bildu baitzen bertan. Janin, Kalkilia eta Ramalako kaleetara ere ehunka palestinar irten zen. PANen egoitzaren kokaleku den Ramalan, halaber, deiadarrek bost minutuko jarduera gelditze batera deitu zituzten herritarrak, banaketa hesiaren salaketa modura.

Gazako lurraldearen eta Israelen artean eratutako beste banaketa hesi batek, aldiz, biktima bat gehiago eragin zuen atzo, Israelgo Armadak 33 urteko palestinar bat tiroka hil baitzuen, Al-Bureikheko kanpalekutik hurbil. Tsahaleko bozeramaile batek emandako azalpenen arabera, soldaduek tiro egin zuten «segurtasun hesitik hurbiltzen ari zen susmagarri baten kontra». Heriotza honekin, 2.826 dira bigarren Intifada 2000ko irailean piztu zenetik bizia galdu duten palestinarrak.Israelgo Armada, gainerat, gogor jokatzeko baliabide berriez jabetu da, 102 F-16 gerra-hegazkinen erosketarekin. Sufa (Zurrunbiloa) izeneko erasorako hegazkin hauetatik lehenak Ramoneko base militarrera iritsi ziren herenegun. Hegazkin berri hauek urrunago ekiteko gaitasuna emango diote Israelgo Aire Armadari eta bereziki Iranerainoko joan-etorria egiteko. Gerra hegazkin hauetatik bakoitza 45 milioi dolar balio duelarik, 4.500 milioi dolar eralgiko ditu, beraz, Israelek bere Aire Armadaren bitartekoak areagotzeko.Denbora berean, Errefuxiatu Palestinarentzako Nazio Batuen Erakundeko Agentziak (UNWRA) ohartarazi du diru eskas handia daukala behar gorrian diren lurralde okupatuetako dozenaka mila palestinarrei laguntza emateko. Peter Hansen UNWRAko zuzendariak azaldu zuen herenegun, Genevan, 193 milioi dolarreko funts bat osatzea premiazkoa dela aurtengo beharrei soilik erantzuteko. Haatik, orain arte, 40 milioi dolar baino ez ditu lortu UNRWAk nazioartetik.

-

Datua





44

44 herrialdek helarazi dizkiote argurdioak Nazioarteko Zigor Auzitegiari; gehienak, haatik, epaitegiaren esku-hartzearen kontra azaldu direlarik. Liga Arabiarrak eta 17 herrialdek, Zisjordaniako banaketa hesiaren aurkako argudioak helarazi dituzte. Israelek, AEBek eta Europako Batasunak auzian parte-hartzeari uko egin diote, Hagak auzia epaitzeko eskumenik ez duela esanez.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.