Israelek kanpaina bat abiarazi du, NBEk Palestina ez dezan onartu estatu gisa

Netanyahuren Likud bozetara eskuin muturrarekin aurkeztuko dela iragarri ostean jakin da

Amagoia Gurrutxaga Uranga.
2012ko urriaren 27a
00:00
Entzun
Barack Obamak itxoiteko esan zien, AEB Ameriketako Estatu Batuetako azaroaren 6ko hauteskundeak pasatu arte egoteko. Hala egitea erabaki zuten, baina behin egun hori pasatutakoan, ahalik eta azkarren aurkeztekotan eskaera. Hala nabarmendu zion herenegun bertan Mahmud Abbas Palestinako Aginte Nazionaleko buruak Catherine Ashtoni, Europako Batasuneko Atzerri Politika eta Segurtasunerako goi mandatariari. NBE Nazio Batuen Erakundeak Palestina «kide ez den estatu behatzaile» gisa onartzea, Abassen arabera, bi estatuen sorreran oinarritutako konponbidearen bermea litzateke. Beste hauteskunde batzuk jarri dizkiote traban, hala ere: urtarrilaren 22an Israelen egingo dituzten orokorrak.

Atzo Haaretz egunkariak —Israelgo Atzerri Ministerioko iturriak aipatuta— jakinarazi zuenez, Israelgo Gobernua herrialdeko hauteskundeen argudioa erabiltzen hasia da NBEk Palestinaren estatu izaera onar ez dezan. Atzerriko diplomatikoen bitartez abiarazi du kanpaina Tel Avivek, Palestina NBEn sartzeko eskaera azarotik aurrera bozka eta onar daitekeelako jakitun. NBEren onespen hori, Israelgo Gobernuaren arabera, «joko arauak aldatzen dituen urratsa» litzateke, eta Tel Aviven alde bakarreko neurriak ekar ditzake. «Neurri horiek indarkeria eztanda bat edo Palestinako Aginte Nazionalaren kolapsoa ekar dezakete», zioen atzo goi mailako funtzionario batek Haaretz egunkarian.

«Lehen ministroaren bulegoan, dagoeneko, 'oraingoan ederra eman behar diegu' giroa dago», erantsi zuen iturri horrek. Eta NBEk Palestina onartzeak Benjamin Netanyahuren gaineko presioa areagotu dezake, palestinarren urratsei «behar bezala» erantzun diezaien. «Eta inkestei begira jarrita, beldur daiteke».

EBren ordezkarien aurrean agertu beharreko jarrerari buruzko agiri bat ere egina ei dauka Israelgo Atzerri Ministerioak, Haaretz-en arabera betiere. «Europako Batasunak Israelen behar politikoak kontuan izan ditzala ari gara iradokitzen» omen dio agiri horrek. Netanyahuk berak eta Atzerri ministro Avigdor Liebermanek asteazkenean Catherine Ashtoni nabarmendu ei zioten Palestina NBEn sartzeak Israelen alde bakarreko neurriak ekar ditzakeela.

Eskuin muturraren eskutik

Netanyahuk eta Liebermanek Israelgo mapa politikoa astin dezakeen berria eman zuten herenegun, urtarrilaren 22ko hauteskundeetara elkarrekin aurkeztuko direla iragarri baitzuten, Likud Beitenu izeneko alderdi sortu berriarekin. «Israelek zerrenda bakarrean oinarritutako koalizio indartsua behar du», adierazi zuen Netanyahuk alderdiaren aurkezpenean. «Segurtasun erronkei aurre egiteko» agintea eskatu zuen lehen ministroak: «Batez ere, Iranek arma nuklearrik ez lortzeko eta terrorismoa borrokatzeko».

Iragarpenak Israelgo alderdi guztien erantzuna eragin zuen. Oposizioko indar nagusiaren, Kadimaren arabera, Netanyahukzerrenda bateratua iragartzearekin bat galdu zituen hauteskundeak. «Lehen ministroak eskuineko hautesle moderatuak uxatu ditu, [Kadimako] Mofazen mesederako; eta zentroko blokea bat egitera behartu du».

Atzerri ministro ohi Tzipi Livni litzateke zentroko bloke horretako zutoinetako bat, Ehud Olmert lehen ministro ohiarekin batera, eta, haren ustez, «Israelen muinaren eta balioen etorkizunari buruzko lehia» jokatuko da urtarrileko hauteskunde orokorretan: «Muturreko estatu bakartu bat ala estatu sionista zentzudun bat, hori daukagu aukeran».

Alderdi Laboristako buru Shelly Yachimovichen ustez, Netanyahuren eta Liebermanen arteko akordioak «muturreko alderdi arrazista berri bat» sortu du, Liebermanen ildokoa betiere; eta Netanyahuren Likud alderdia «galdu» egin da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.