Gazako blokeoa hausteko Askatasunaren III. Flotillak egindako ahaleginak berea eman du, Israelek nazioarteko ekintzaileak kanporatu ondoren. Estelle ontzian zihoazen 30 ekintzaileetatik hiru israeldarrak dira, eta Shikma espetxera eraman dituzte. Gainerakoek, herrialdetik kanporatzeko aginduaren kontra helegiterik ez dutela aurkeztuko sinatu ondoren, nork bere herrira egin zuten. Aurretik, ordea, hainbat orduz espetxean izan zituzten.
Begoña Zabala euskal herritarra izan da itsasontzian Gazarantz joan diren ekintzaileetako bat, eta atzo gauean iritsi zen Madrilera. Harekin zeuden Europako lau herrialdetako bost parlamentari ere, eta dagoeneko salatu dute «legez kanpoko ekintza» izan dela Israelgo Gobernuak egindakoa, nazioarteko uretan zegoelako ontzia ekintzaileak atxilotu zituenean.
Nazioarteko legedia errespetatuz eta «modu baketsuan» egin du Israelek, ordea, ontzia porturatu eta han zeudenak atxilotzeko eta kanporatzeko prozesua. Benjamin Netanyahu lehen ministroak berak esana, eta argi utzi du 2010ean I. Flotillarekin gertatutakoarekin ez duela zerikusirik izan —bederatzi lagun hil zituzten soldaduek orduan—.
Ez da ezer apartekorik gertatu, haren ustez, baina, horrez gainera, ez du ulertzen zer dela-eta dagoen Gazan sartzeko horrelako gogoa. «Barkuan daudenek ere badakite Gazan ez dagoela krisi humanitariorik. Haien egiteko bakarra probokatzea izan da, eta Israelen izen ona zikintzea».
Netanyahuk uste du ekintzaile horientzat giza eskubideak garrantzitsuak balira Siriara joango liratekeela. Ontziak botikak, medikuntza aparatuak, porlana eta jostailuak zeramatzan.
Israelek kanporatu egin ditu III. Flotillako ekintzaileak
Atxilotuta egon ostean, nork bere herrira jo du, eta Begoña Zabalak ere bai; hiru israeldarrak espetxeratu egin dituzte
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu