«Erabaki historikoen» berri emango du gaur Mahmud Abbasek, PAN Palestinako Aginte Nazionaleko presidenteak. Arabiar Liga bi egunez bildu da Libian, palestinarren eta israeldarren arteko zuzeneko bake negoziazioez erabaki bat hartzeko. Bake prozesuarekin segitu ala ez erabakiko dute bertan. Iragan irailaren 2an hasi zituzten elkarrizketak, eta Israelek kolonietan eraikitzeko debekua luzatzeari uko egin dioenetik, kinka larrian daude. Izan ere, Abbasek ohartarazi du haiek bertan behera uzteko prest dagoela, bai kolonizazioaren segitzen badute bederen. Haatik, azken erabakia hartu aurretik, herrialde arabiarren iritzia entzun nahi du. Horiek esaten diotenaren arabera, prozesua zertan den jakinaraziko du gaur.
Negoziazioek porrot egin badute, prozesuan ez ezik PANen ere aldaketak izango dira. Hala aurreratu du Abbasek berak: Benjamin Netanyahu Israelgo lehen ministroak ez badu kolonietan eraikitzeko debekua ezartzen, negoziazioen mahaia eta PANeko presidente kargua utziko ditu Abbasek. Adituen ustez, dimisioak PANen berregituraketa ekarriko luke, eta, hortaz, baita aginte nazionalen kolapsoa ere.
Moratoria luzatzea
Israelgo prentsan egunotan zabaldu dutenez, kolonien gaineko moratoria bi edo hiru hilabetez luzatuko duen ari da aztertzen Israelgo lehen ministroa. Hori egiten badu, trukean, Jordango ibarrean soldaduak mantendu ahalko lituzkeela agindu diote AEB Ameriketako Estatu Batuek. Iturri ez-ofizialetatik zabaldutako informazio hori, dena dela, ez dute baieztatu agintariek.
Atzo hasi zuen Arabiar Ligak bilera, eta bertan eztabaidatutakoaren berri gaur dira ematekoak. Abbasek, berriz, negoziazioez duen inpresioaren berri eman zien atzo herrialde arabiarren ordezkariei.
Israelgo armadak Hamaseko bi ekintzaile hil zituen atzo, Hebronen (Zisjordania). Hildakoak Nashat al Karmi eta Mamun Al Natsha dira, Al Kasam Brigadetako kideak. Israelek hainbat lagun ere atxilotu zituen.
Israelek koloniak amaitzen ez baditu, dimisioa emango du Abbasek
Bake prozesuarekin zer egin erabakiko du gaur Arabiar Ligak; Israelek Hamaseko bi ekintzaile hil ditu Zisjordanian
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu