Israelek neurri bereziak iragarri ditu 'Ongi etorri Palestinara' kanpainarako

Nazioartetik ailegatuko diren ehunka ekintzaile etxera bueltan bidaltzeko asmoa du Tel Avivek

Erredakzioa
2012ko apirilaren 12a
00:00
Entzun
Heldu diren egunetan palestinarren eskubideen aldeko ekintzaile andana ailegatuko da Israelgo Ben Gurion nazioarteko aireportura, Zisjordanian Ongi etorri Palestinara 2012 kanpainan parte hartzeko asmoz. Kanpainaren helburua Palestinako estatua aldarrikatzea eta Israelen okupazioa salatzea da, eta astebeterako hainbat ekitaldi politiko eta kultural antolatu dituzte. Israelgo agintariek ehunka ekintzaile ailegatuko direla espero dute, gehienak Europatik, baina iragarri dute neurri bereziak hartuko dituztela horiek sartzea oztopatzeko. Gehienei Israelen sartzea debekatu eta jatorrizko herrialdera bueltarazteko asmoa dute agintariek, Israelgo Ynet agentziaren arabera.

Israelgo Poliziaren iturriek azaldu dutenez, Poliziaz gain, estatuko bertze indar militarretako kideek ere zainduko dute egunotan Ben Gurion aireportua. Yneten arabera, 650 agente ezarriko dituzte, gehienak kaleko arropaz jantzita eta armatu gabe. Iaz egin zen lehenbizikoz Ongi etorri Palestinara kanpaina; ordukoan, Israelek zerrenda beltz bat igorri zien hegazkin konpainiei, eta 342 ekintzaileri ez zieten utzi hegazkina hartzen. Ben Gurionera ailegatu ziren 120, berriz, hainbat egunez atxilotuta eduki zituzten, Israeldik bidali aitzinetik.

Hebronen, 11 atxilotu

Kanpaina hasi aitzinetik ere, tentsio giroa dago zenbait eremutan. Ma'an agentziaren arabera, Hebronen Israelgo soldaduek zazpi palestinar eta atzerriko lau ekintzaile atxilotu zituzten atzo herri matxinadei buruzko hitzaldi baten ondoren, kolono juduekin borrokan aritu zirelakoan. Israelgo armadak, berriz, Jerusalemdik ipar-ekialdera dagoen A-Ram hirian ibilgailuak sartzea eta ateratzea debekatu du, azken egunetan hiri horretan militarrei harrika egin dietela argudiatuta.

Bake negoziazioak blokeatuta daudela eta, Ekialde Hurbilerako Laukoteak —AEBek, Errusiak, Nazio Batuen Erakundeak eta Europako Batasunak— adierazpen bat egin du elkarrizketei bultzada ematearen alde.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.