Israelek ohartarazi du erantzun egingo duela Bulgariako erasoagatik

Iranek ukatu egin du atentatuarekin zerikusirik duela, eta «ekintza terrorista guztiak» gaitzetsi ditu

Erredakzioa
2012ko uztailaren 20a
00:00
Entzun
Herenegun zortzi lagunen heriotza eragin zuen Bulgariako atentatuagatik erantzun egingo dutela ohartarazi du Danny Ayalon Israelgo Atzerri ministrordeak. Erantzun «diplomatikoa eta operatiboa» emango dutela zehaztu du, nahiz eta neurriz jokatuko dutela adierazi duen. Froga guztiak «Iranera begira» daudela gaineratu du Ayalonek. «Ezagutzen ditugu euren taktikak eta azpiegiturak, eta batik bat ezagutzen dugu israeldarrak hiltzeko haien jarrera tematia. Oso garrantzitsua da nazioarteak Iran salatzea eta bakartzea, irandar batek berak ere munduan zehar bidaiatu ez dezan». Israelgo turistak zeramatzan autobus bati eraso zioten, eta sei turista, gidaria eta erasotzailea bera hil ziren.

Benjamin Netanyahu Israelgo lehen ministroak ere ildo beretik jo du, eta Hezbollahi egotzi dio atentatua. Erakundea «Iranen beso luzea» dela gaineratu du. «Iran terrorismo olatuaren atzean dago; terrorismoaren esportatzaile nagusia da». Teheranek, ordea, ukatu egin du herenegun Bulgariako Burgas hiriko erasoarekin zerikusirik duela. «Irango Errepublika Islamikoak, terrorismoaren biktima denak, gaitzetsi egiten ditu helburu politikoak lortzeko herritar errugabeen bizitzak arriskuan jartzen dituzten ekintzak, eta gizagabetzat jotzen ditu», adierazi du Irango Atzerri Ministerioko eledunak. Salaketa faltsuak egitea egotzi dio Tel Avivi, eta Libanon eta Palestinan errugabeak hiltzea egotzi dio Israeli, baita Irango zientzialari nuklearrak hiltzea ere.

Erasotzailearenirudiak

Bulgariako Barne Ministerioak ustez erasoa burutu zuen lagunaren irudiak argitaratu ditu, eta lekukoei Poliziarekin harremanetan jartzeko eskatu die, erasotzailearen identitatea argitzeko. «36 urte inguruko pertsona bat da, turisten antzera jantzia, eta aireportuko terminalean pasieran ageri dena», azaldu du Tvsetan Tvsetanov Bulgariako Barne ministroak. Erasotzailearen arropen artean AEBetako gidabaimen faltsu bat atzeman dutela jakinarazi du.
Gaiak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.