Israelgo Gobernuak palestinar lurralde okupatuko zortzi herri eraisteko agindu du. Israelgo armadak maniobrak egiteko lekua behar duela adieraziz arrazoitu du Ehud Barak Defentsa ministroak Hebron hegoaldeko muinoan dagoen eremua lurrera botatzekoa agindua. Herri horiek Zisjordaniako 918 Tiro Gunea izeneko eremuan daude, Israelgo armadaren kontrol militarpean. Hango herritar gehienak Zisjordaniako Yatta hirira lekualdatuko dituzte, hiri horretan «etxebizitza iraunkorrak» badituztelako, Tel Aviven arabera.
Israelgo Auzitegi Gorenean duela urte asko hasitako prozesu judizialaren ondoren, Defentsa Ministerioak errefusatu egin ditu tiro eremu bihurtzeko arriskuan dauden hamabi herriek egindako eskaerak. Ministerioak Auzitegi Gorenari eskatu dio zortzi herri horiek hustea agintzeko, eta beste laurei murrizketak ezartzeko «segurtasun arrazoiengatik».
Herriak eraisteko eta jendez husteko neurriak 1.500 lagun ingururi eragingo die. Hala ere, ebakuatutako herritarrek beren abereak eremu horietan bazkatzeko aukera izango dute, «armadak maniobrarik egiten ez duenean», eta Defentsa Ministerioak adierazi du «asteburuetan eta jaiegun juduetan» itzultzen utziko diela. Murrizketak ezarriko zaizkien lau herriei dagokienez, hainbat eraikin bota beharko dituzte. Horrez gain, «armadak onartzeko moduko» hirigintza plan bat egin beharko dute, han bizitzen jarraitzekotan.
«Palestinar lurrak lapurtzea»
Giza Eskubideen babeserako erakundeek ez dute begi onez ikusi Israelgo Gobernuak emandako agindua. Hau salatu dute, hain zuzen: «Israelek ezin du palestinar lurralde okupatua maniobra militarretarako erabili», eta palestinarren «lurrak lapurtzeko» estrategia bat izatea deitoratu dute. GKE Gobernuz Kanpoko Erakundeek ere salatu dute «egoiliarren aurkako jazarpena» dela zortzi herri horiek eraistea. Yattako alkate Zahran Qabeqak, berriz, adierazi du herri horiek husteak kalte egingo diela palestinarren nekazaritza baliabideei, «Zisjordania delako hegoaldearen hornitzaile nagusia, eta hango beharren %40 asetzen dituelako».
Abbasekin negoziaziorik ez
Israelgo Atzerri ministro Avigdor Liebermanek baieztatu du PAN Palestinako Aginte Nazionalarekin ez duela akordiorik erdietsiko. Liebermanek adierazi du Mahmoud Abbasek PANeko buruzagitzan jarraitzen duen artean aurrerapen diplomatikorik ez dela egongo bi aldeen arteko negoziazioan. Palestinarren Espainiako enbaxadore Musa Odehek, aldiz, adierazi du «buruzagiaren aurkako mehatxu zuzena» direla Liebermanek Abbasi buruz esandakoak, eta espero duela nazioarteak lehenbailehen hartzea «mehatxu horri aurre egiteko» neurriak. Gaineratu du «bi estatuen arteko konponbide justua» bilatzearen aldekoa dela palestinarren jarrera.
Israelek zortzi herri palestinar eraisteko agindu du maniobra militarretarako
Giza Eskubideen babeserako erakundeek «lurrak lapurtzen aritzea» leporatu diote Tel Avivi
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu