Hamasek erbestean duen buruzagietako batek, Mohamed Nazalek, gaur esan du bere mugimendua prest dagoela Tel Aviveko gobernuarekin 18 hilabeteko su-etena hitzartzeko, baina ohartarazi du Israelek ez duela "tregoa epemuga jakin batekin" lortu nahi. "Su-etenaren gaineko elkarrizketek zenbait zailtasuni egin behar diote aurre, bereziki tregoaren iraupenari dagozkionak".
Beste zailtasun batzuk, Nazalen iritziz, Gazaren kontra Israelek 2006tik (Hamas bozetan nagusitu zenetik) ezarrita duen blokeoaren bukaera eta sarbideen irekiera da, bai Israelekin bai Egiptorekin. Damaskon erbesteratuta bizi den Hamaseko kidearen esanetan, Egiptok ez du Palestinara sartzeko Rafako sarbidea ireki nahi balizko hitzarmen baten lehenbiziko fasean, eta, aitzitik, Hamasen eta Al Fataren kontrolpeko kabinetearen arteko akordioa lortu ondoren irekiko lukeela adierazi du.
Israelgo estatura sartzeko pasabideei dagokienez (Al Muntar-Karni, Kerem Shalom, Beit Hanun-Erez...), Nazal kexatu du Tel Avivek soilik partzialki irekiko lituzkeela.
Nolanahi ere, baikor azaldu da datozen egunetan akordioa lortzeko aukeraz. "Baina ez dadila izan edozeren truke eta palestinarren sakrifizioen kaltetan", zehaztu du.
Adierazpen horiek egin eta ordu batzuk geroago Kairora iristekoa zen Hamaseko ordezkaritza bat, Gazan duen buruzagi nagusietako batek, Mahmud al Zaharrek gidatua. Al Zahar Atzerri ministro izan da Hamasek PAN Palestinako Aginte Nazionaleko kabinetea osatu zuenean, 2006an, baina Al Fatarekiko borroka eta ezadostasunen eta AEBen, Israelen eta Europako Batasunaren esku-sartzearen ondorioz bertan behera geratu zen kabinete hura.
Al Zaharrek gidatutako ordezkaritzak Egiptoko ordezkariekin aztertuko du Israelekiko negoziazioetan zer erabaki hartu su-etena lortzeko eta hark Gazari ezarritako blokeoa bukatzeko.
Zentzu horretan, Egiptoko presidente Hosni Mubarakek gaur Parisen Frantziakoari, Nicolas Sarkozyri adierazi dio litekeena dela Hamasek eta Israelek "datorren astean" su-etena hitzartzea Gazarako. Zisjordania oraingoz negoziazio puntuetatik at dago.
Bestalde, errefuxiatu palestinarrei laguntzeko Nazio Batuek duten agentziak, UNRWAk, gaur arratsaldean jakinarazi du berriz ekin diola Gazan elikagaiak eta laguntza banatzeari, Hamasek itzuli egin dizkiolako joan den astean "bitan konfiskatu" zizkion gaiak.
Hildako bat Gazan, eta Israelgo hauteskundeak
Bitartean, bart Israelgo armadak ekintzaile palestinar bat hil du Gazako hegoaldean, Khan Junis inguruan. Jihad Islamikoak adierazi du bere taldekoa zela. Horrez gain, Israelgo armadak bi bonbardaketa egin ditu eskualdearen hegoaldean, baina biktimarik eragin gabe.
Horiek hala, bihar egingo dituzte Israelgo Legebiltzarrerako (Knesset) hauteskundeak. Kadima (agintean, koalizio gobernuan) eta Likud (oposizioan) parekatuta ageri dira inkestetan. Duela aste batzuk hiru alderdi israeldar-palestinar (Zerrenda Arabiar Batua, Raam eta Tal) debekatzeko eskatu bazuten ere, azkenean bozetan lehiatu ahal izango dira. Zerrenda Arabiar Batuak lau diputatu ditu gaur egun, eta Raam eta Talek osatutako koalizioak hiru. Horrez gain, israeldar-juduek eta israeldar-palestinarrek osatutako Hadash alderdiak (Alderdi Komunista ohia) hiru diputatu ditu. Gainerakoan, israeldar-palestinar askok eta askok Alderdi Laboristari (hau ere sionista) ematen diote botua, eta baten batek Kadimari (zentro-eskuinekoa, sionista).
Palestina
Israelekin urte eta erdiko su-etena hitzartzeko prest agertu da Hamas
Egipto ari da bitartekari lanetan, eta Hosni Mubarak presidenteak Parisen esan du litekeena dela Hamasek eta Tel Avivek Gazarako tregoa "heldu den astean" lortzea. Bitartean, bart Israelgo armadak ekintzaile palestinar bat hil du Gazako hegoaldean. Bihar egingo dituzte Israelgo Legebiltzarrerako bozak, Kadima eta Likud faborito direla eta azkenean alderdi israeldar-palestinarrak lehiatzeko aukera izanik.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu