Israelgo armadak gutxienez hamalau lagun hil eta beste hogei zauritu ditu 24 orduan. Ostiralean hasi zen dena, Tel Aviveko hegazkinek Erresistentziarako Herri Batzordeetako buru Zuhair al-Qaisi eta eta Mahmud Hanani miliziano palestinarra eta preso ohia aire erasoz hil ostean. Atzo, etengabeko bonbardaketekin jarraitu zuen Israelek Gazan, eta, Jihad Islamikoak aitortu duenez, hamalau hildakoetatik hamar bere kideak dira, eta baita hogei zaurituetatik gehienak ere. Halere, zaurituetako batzuk zibilak dira.
Sei hilabeteko barealdia eten du Tel Avivek ostiraleko erasoarekin, eta milizia palestinarrak Israelera eskuz egindako misilak botatzen hasi dira, Jihad Islamikoak agiri bidez jakinarazi duenez. Israelen arabera, «500.000 israeldar babeslekuetan sartuta daude palestinarren bonbardaketengatik». Guztira, lau lagun zauritu dira Israelen palestinarren bonbardaketen ondorioz.
Udakoaren mendekua.
Egiptoko Gobernuak egin duen bezala, Gazan agintea duen Hamasek ere gaitzetsi egin ditu Israelen erasoak. Tel Avivek, ordea, indarkeria hauspotzea eta babestea leporatu dio alderdi palestinarrari: «Hamasek beste talde terrorista batzuk erabiltzen ditu Israelen kontra egiteko, eta horren ondorioak jasango ditu». Egiptok Zisjordanian duen enbaxadore Yasser Ozmanek, berriz, giroa baretzeko eskatu die bi aldeei, baina bereziki Tel Avivi. «Egiptok gaitzetsi egiten du Israelek fakzio palestinarren kontra egindako erasoa, eta orain arteko barealdia urratu izana salatzen du», adierazi du Ozmanek.
Israelek iazko abuztuko zortzi soldadu israeldarren hilketen erantzuletzat jotzen du Al-Qaisi —Erresistentziarako Herri Batzordeak bere gain hartu zituen erasoak—, eta orain Israelen eta Gazaren arteko mugan «eraso handi bat» prestatzen aritzea leporatu diote. Abuztukoaren ostean, indarkeria bolada gogorra piztu zen Gazan irailean, eta, guztira, 29 palestinar eta israeldar bat hil ziren, bederatzigarren israeldarra hain zuzen ere.
Israelen aire erasoek indarkeria bolada berria piztu dute Gazan
Gutxienez hamalau lagun hil dituzte Tel Aviveko hegazkinek, eta beste hogei zauritu
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu