Israelek Irani eginiko mehatxuen aitzinean erreakzionatzeko eskatu dio Teheranek nazioarteari. «Israelgo erregimen sionista Irango instalazio nuklearren aurka egiten ari den mehatxu militarrei begira dago mundua, eta begi bistakoa da IAEAko estatutuen urraketa direla mehatxu horiek». IAEA Energia Atomikoaren Nazioarteko Agentziaren zuzendaritza batzordearen bilkuran egin ditu adierazpen horiek Irango ordezkari Ali Asqar Soltaniyehek. Hain zuzen, Benjamin Netanyahu Israelgo lehen ministroak adierazi berri du Iranen aurkako erasoa hilabete batzuen buruan egin lezaketela.
IAEAren zuzendaritza batzordea herenegun elkartu zen, Vienan, baina Solaniyehen adierazpenak atzo argitaratu zituen PressTV Irango kateak. «Egia bakarra da Iran ez dela ari arma nuklearrak egiten», adierazi zuen Teheranen ordezkariak, eta IAEAri —«zuzendaritza batzordeari bereziki»— eta NBE Nazio Batuen Erakundeko Segurtasun Kontseiluari leporatu zion mehatxuen inguruan deus ez erratea. Partxingo instalazioetan armak egiten ari diren akusazioa ere irmo ukatu du Soltaniyehek. «Deusetik sortutako umekeria irrigarria da hori». IAEAk txosten batean agertu zuen susmoa. Irango Fars agentziaren arabera, gainera, AEBek eta Israelek mehatxuak egin arren ez dute Teheranen aurkako «froga argigarririk» aurkeztu, eta bi herrialde horiek suntsipen handiko armak dituztela oroitarazi du, «buru nuklearrak barne».
Israelen azken mehatxua
Soltaniyehek babesa eskatu zuen egun berean egin zituen Netanyahuk azken mehatxuak. Israelgo hiru katetan elkarrizketatu zuten, eta gaur argitaratzekoak diren arren, zati batzuk aitzinatu dituzte. Balizko erasoari buruz, hauxe: «Ez da izanen egunetako edo asteetako kontua, baina ezta urteetakoa ere. Emaitzak izan behar du arma nuklearrak Iranen eskuetatik kentzea». Hillary Clinton AEBetako Estatu idazkariaren ustez, ordea, «diplomaziarako tartea» badago oraindik.
Israelen mehatxuetatik babesteko erran dio Iranek nazioarteari
Tel Avivek IAEAko estatutuak urratu dituela dio Teheranek, eta erakunde horri isilik egotea leporatu dio
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu