mundua

Israelen tratu txarrak salatu dituzte giza eskubideen ekintzaileek

Gazara giza laguntza eramatear zirela haren erasoa jaso eta atxilotuta egon diren 470 ekintzaile gaur heldu dira Turkiara, Israelek kanporatuta. Greziara beste 35 iritsi dira. 9 hildakoak turkiarrak dira.

2010eko ekainaren 3a
13:23
Entzun
Israelek askatu eta herrialdetik bidali ondoren, giza eskubideen 470 ekintzaile gaur goizean iritsi dira Turkiara, Istanbulera, hegazkinetan. Atxilotuta egon diren bitartean tratu txarrak jaso dituztela salatu dute: kolpeak, mehatxuak... "Orain denek mundu osoak badaki nola jokatzen duen Israelek", esan du David Segarrak. Laura Arauk: "Palestinarrek egunero bizi dute guk egun batean bizi duguna". Atzo ere antzeko adierazpenak egin zituzten ekintzaileek. Israelek, baina, gezurtatu egin ditu akusazio horiek: "Erabat faltsuak" dira Andy David Israelgo Atzerri Ministerioko bozeramaileak esan bezala. "Flotillaren probokazioaren beste zati bat da".

Israelek hildako bederatzi lagunen gorpuak ere heldu dira Turkiara, eta gaur baieztatu da zortzi turkiarrak direla, eta bederatzigarrena jatorri turkiarra duen estatubatuarra. Beste hiru ekintzaile desagerturik daude, Giza Laguntzarako Fundazioak ohartarazi duenez. Greziara beste 35 ekintzaile iritsi dira.

Nazioarteko presioari esker askatu ditu Israelek baina, horrez gainera, indarrez bere herrialdera eramandakoak legez kanpoko inmigrante bezala hartzeak egoera nahasiegia eragiten zuela-eta hartu du erabakia, inmigrazio prozedurak hilabeteak iraun baititzake.

Hain zuzen, Gazara (Palestina) giza laguntza eraman nahi zuten sei itsasontzi tirokatu zituen astelehen goizean Israelgo armadak nazioarteko uretan. Ia 700 ekintzaile zihoazen itsasontzietan, Istanbuldik irtenda, eta helikopteroz jaso zuten erasoa. 46 pertsona zaurituta daude.

Nazio Batuetako Giza Eskubideen Batzordeak erasoaren gaitzespen erabakia onartu zuen atzo, eta operazioan urratu ahal izan diren nazioarteko eskubideak aztertzeko ikerketa bideratuko du. Israelek askatasunez nabigatzeko eskubidea urratu duela esan dute, eta Gazako blokeoa amaitzeko eskatu diote.

AEB Israelen jarrera zuritzen

Israeli ikerketa egiteko eskaera leku askotatik datorkio. AEBek ere galdegin diote, baina Israelek ez dutalde independente batek gertaerak aztertzerik nahi; "goizegi" dela uste du horretarako. AEBek, hala ere, Israelekiko nazioarteko kritika taldetik aldendu nahi izan du, Israelen aldeko keinua eginez. Joe Biden predisenteordearentzat "eskubide osoa du Israelek bere segurtasun interesak babesteko". Israelek itsasontziei aldez aurretik giza laguntza iparraldean uzteko eskaintza egin ziela esan du, Nazio Batuen Erakundeak bana zezan laguntza Gazan, "baina, aukera hori izanda, zergatik jarraitu zuten aurrera?".

Arabiar Ligak azterketa eskatzeaz gainera, "Gazako blokeoarekin amaitzeko neurriak" eskatu dizkio Segurtasun Kontseiluari, Amer Mussa erakunde hoorretako idazkari nagusiaren arabera, "Segurtasun Kontseilua baita neurriak hartu behar dituena ekintzok gerta ez daitezen eta Gazaren blokeoa ez dezan onartu".

Arabiar Ligak erakunde moduan Israelekiko izan behar lituzkeen harremanez luze egin dute 22 herrietako ordezkariek, baina oso zaila dute erabaki bateratua, Israelgo eskuineko gobernuarekin batere harremanik ez izatea pentsatzen baitute batzuek, baina beste batzuk harremanak mantentzearen aldekoak dira. Egipto da herri horien artean gakoetako bat, eta herrietan bakarra Jordaniarekin batera Israelekin harreman diplomatikoak dituena. Rafako muga itxita laguntzen du Egiptok Gazaren egoera mantentzen. Rafako muga tarteka zabaltzen du, eta flotillaren gertaera izanez gero muga zabaldurik dauka, baina ez du argitu irekita mantenduko duen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.