Israelgo oposizioko buru Binyamin Netanyahuk onartu egin du Israelgo hegazkinak Siriaren aire eremuan sartu zirela irailaren 6an. «Erabakian parte hartu nuen hasieratik, eta nire babesa eman nion», adierazi du Netanyahuk telebista kate batean egindako agerraldian. Gobernuak ez du orain arte onartu halakorik egin izana, nahiz eta Siriak leporatu dion beren aire eremuan sartu, eta gutxienez lau bonba jaurtitzea. Damaskoko iturrien arabera, armadak tiro egin zien Israelgo hegazkinei.
Gobernuko kide diren laboristek, ordea, gezurtatu egin dituzte lehen ministro ohiaren adierazpenak. «Ez dakit hau ergelkeria, txorakeria edo sinesgarritasuna kentzeko ahalegina den», esan du Eitan Cabel laboristak.
Bestalde, Egiptok eta Siriak eskatu diote IAEA Energia Atomikoaren Nazioarteko Agentziari Israel gaitzesteko arma nuklearrak dituelako. Tel Avivek ez du inoiz onartu ez ukatu nuklearrak dituela. Herrialde arabiarrek, ordea, 200 bat bonba atomiko ezkutatzea egozten diote, eta ohartarazi dute, hori arriskutsua dela oso Ekialde Hurbilarentzat. Horiek urtero egiten diote antzeko proposamena IAEAri, baina oraingoan, Egiptok ohartarazi du pazientzia agortzen ari zaiela.
ARMA FABRIKA. Uztailean Aleppon, Sirian, leherketa izan zen arma biltegi batean. Eztandan 15 militar hil eta 50 lagun zauritu zirela esan zuten iturri ofizialek. Orain, baina, biltegian arma kimikoak egiten ari zirela zabaldu dute komunikabideek. Jane aldizkariaren arabera, biltegian Irango zientzialariek egiten zuten lan, eta Scud C misil batean mostaza gasa jartzen ari zirenean gertatu zen leherketa. Astekariaren arabera, hildakoen artean iraniarrak zeuden.
Israelgo airekoak Sirian sartu zirela onartu du oposizioko buruak
Israelgo Gobernuak gezurtatu egin ditu Binyamin Netanyahuren adierazpenak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu