Israelgo armadak 25 lagun hil ditu gutxienez Khan Yuniseko ikastetxe baten kontrako erasoan

Armadak aitortu du eraso bat egin zuela atzo inguru hartan. Ilargi Gorriak salatu du Gaza hiriburuan ez dagoela osasun artarik.

Palestinarrak, atzo Khan Yunisen hildakoen gorpuen alboan. HAITHAM IMAD / EFE
Palestinarrak, atzo, Khan Yunisen hildakoen gorpuen alboan. HAITHAM IMAD / EFE
Iosu Alberdi.
2024ko uztailaren 10a
13:10
Entzun

Gazako Osasun Ministerioak salatu du Israelgo armadak 25 lagun hil eta 53 zauritu zituela atzo, Khan Yunis hiriko ikastetxe baten kontrako bonbardaketa batean. Israelgo armadak baieztatu du inguru hartan eraso bat egin zuela «doitasun armekin», eta ikertzen ari dela gertatutakoa. Europako Batasuneko diplomaziaburu Josep Borrellek erasoa gaitzetsi du, eta su etenaren aldeko mezua berretsi.

«Gerra hegazkin batek doitasun armekin egin du eraso Hamasen adar militarreko terrorista baten kontra», adierazi du Israelgo armadak ohar bidez, eta argudio gisa erabili du hark parte hartu zuela iazko urriaren 7ko ekintzan. Gazako agintariek, baina, bestelako interpretazio bat egin dute, eta salatu dute Israel egiten ari den genozidio eta garbiketa etniko krimenen» parte dela erasoa. Izan ere, ez da izan armadak azken egunetan egindako eraso bakarra. Aste hasieran, Gaza erdialdean, Nuseirat errefuxiatu kanpalekuaren kontra egin zuen, eta familia bereko hamazazpi lagun hil zituen, tartean adingabeak. Deir al Balahen egindako beste eraso batean, berriz, emakume bat eta haren haurra hil zituzten bonbardaketan.

Iparraldean, berriz, Israelgo armadak Gaza hiriburuaren kontrako ofentsiba areagotu du, eta, horren eraginez, itxita daude eremuko ospitale nagusiak. Hala, Ilargi Gorriak salatu du dei ugari jasotzen ari direla Gaza hiritik, baina anbulantziak ezin direla bertaratu, «eremuaren arriskuaren» eta «bonbardaketen intentsitatearen» ondorioz. Armadaren esanetan, «dozenaka» miliziano hil dituzten han. Gainera, hirigunea husteko deia egin dute. «Gaza guda eremu arriskutsua izango da», diote hegazkinetatik jaurti dituzten eskuorriek.

Khan Yuniseko ikastetxearen kasuan, zerrendako agintariek azaldu dute errefuxiatu ugari zeudela, Rafahren inbasioaren ostean lekualdatuak. Horiek hala, X sare sozialean idatzitako mezu batekin heldu dio aferari Borrellek, eta, ekintzari erreferentzia eginda, adierazi du «nazioarteko zuzenbidearen urraketa oro» gaitzesten duela eta arduradunek «kontuak eman» beharko dituztela. Era berean, adierazi du ezinbestekoa dela Gazan su eten bat adostea, «harrapatuta dauden ehunka zibilei arnasa emateko, bahituak askatzeko eta laguntza humanitarioa bideratzeko».

Palestina «suntsitu» nahia

Turkiako Atzerri Ministerioaren arabera, baina, azken egunetako erasoek adierazten dute Israelek «palestinar herria suntsitu» nahi duela. Ankararen ustez, gainera, erasoek badute beste helburu bat ere: «Netanyahuren gobernua erakusten ari da sabotajea egin nahi diela su etenerako negoziazioei». Izan ere, Israelgo eta Hamaseko kideak negoziazio betean daude, bahituen askatasuna eta laguntza humanitarioaren sarrera bideratzeko.

Urriaren 7an Hamasek 1.200 lagun inguru hil zituen, eta 252 bahitu. Orduan, Israelek Gazaren kontrako eraso militarra hasi zuen: 38.200 lagun baino gehiago hil ditu Israelgo Armadak, eta 88.000 zauritu inguru utzi ditu. Horiez gain, Israelgo segurtasun indarrek beste 560 lagun hil dituzte Zisjordanian eta Jerusalem Ekialdean.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.