Gutxienez bost palestinar hil zituen atzo Israelgo armadak Gazan eta Zisjordanian. Goizean Hamasen adar armatu Izzeddin Al Kassem Brigadetako ekintzaile bat hil zuen Gazan, ustez kohete bat jaurtitzera zihoala. Airetik eginiko erasoan beste lau palestinar (zibilak) zauritu zituen Israelgo armadak. Halaber, zihoazen autoari airetik misil bat jaurtita Jihad Islamikoko hiru ekintzaile hil zituzten israeldarrek, Gaza hirian. Ez dago argi zenbat zauritu eragin zituen erasoak. Zisjordanian ere hildakorik eragin zuen Israelgo armadak. Hala, Belen ondoko Tekoa kokagune judura gerturatu zen 20 urteko palestinar bat buruan borraz jota hil zuen soldadu israeldar batek. Jarraian haren aita atxilotu zuten. Iturri palestinarren esanetan, hildako gaztea adimen urrikoa zen; israeldarren arabera, ordea, soldadu bat hiltzera zihoan, laban bat eskuan zeramala.
Horrez gain, lekukoek adierazi zutenez, Israelgo armadako buldozer eta ibilgailu blindatuak Gazako Al Fajari eremuan sartu, eta hainbat etxebizitza suntsitu eta bost palestinar atxilotu zituzten.
Gazara ezin sarturik Rafako mugaren bestaldean dauden ehunka palestinarren egoera larria nabarmendu du berriz Palestinako Aginte Nazionaleko lehen ministro izandako Ismail Haniak (Hamasekoa). Haren gobernua dekretuz eta Legebiltzarraren onespenik gabe desegin zuen joan den ekainean PANeko presidente Mahmud Abbasek (Al Fatakoa). Haniaren esanetan, Egiptok muga ireki beharra du, Palestinara itzuli ezinean dauden herritarren egoera okertzen ari dela, eta nazioarteko legeriak mugimendu askatasuna babesten duela argudiatuta.
Mugaren Egiptoko aldean eta Al Arish hiriko aireportuan dauden palestinarren artean asko gaixoak eta zaharrak dira, baita umeak ere. Auzia ez politizatzeko eskatu die Haniak alderdiei. Era berean, Liga Arabiarrari galdegin dio auzian esku hartu, eta palestinarrak etxeratzeko presioa egin dezala. PSL Akademiko Palestinarren Ligak eta giza eskubideen aldeko taldeek ere auzia konpontzeko eskaera egin dute, herrialde arabiarrei eta bereziki Egiptori zuzenduta.
Palestine.Info webgunearen arabera, 30 bat palestinar hil dira muga igarotzeko zain daramaten denboran. Egiptoko Ilargi Gorriak soilik jatordu bat bermatzen die egunean ezin etxeraturik dauden palestinar horiei. «Gehienek ezin dute janaririk erosi, ezta beren umeentzako esnerik ere. Gainera, agerian ari dira lo egiten», azaldu du Unibertsitateko Ikasleen Sindikatua, Israel Boikotatzeko Kanpaina Nazionala eta Estatu Demokratiko Bakar Baterako Elkarteak zabaldutako agiriak.
Haiei jarraiki, palestinar horietako gutxienez 1.200k berehalako mediku artatzea behar dute. Horiez gain, Egipton orotara beste 30.000 palestinar daude Rafako muga noiz irekiko zain, etxera itzultzeko.
Rafako mugaren Palestinako aldearen kontrola 2005eko azaroan hartu zuen PANeko Poliziak, ordu arte Israelgo armadaren esku egon ondotik. Iazko ekainaren 25a arte ia egunero zabalik egon zen -Israelek tarteka ixten zuen-, baina ordutik hona egunen %86 itxita mantendu dute israeldarrek, segurtasun arrazoiak argudiatuta. Gainera, aurtengo ekainean Hamasen indarrek Gazako eskualdearen kontrola hartu zutenetik, erabat itxita eduki dute israeldarrek eta egiptoarrek.
Europako Batasunaren misioak Rafako muga behatu du 2005eko azarotik, baina Bruselak esan du ez dituela bere behatzaileak itzuliko Al Fataren kontrolpeko 17 Indarrak berriz mugaren kontrola hartu arte. 17 Indarra PANeko Presidentetzaren aginduetara dago.
DAHLANEN DIMISIOA. Bestalde, Al Fatak Gazan duen buru eta PANeko presidentearen segurtasun arloko aholkulari Mohammed Dahlanek dimisioa eman du. Gazan Al Fatak Hamasen aldetik jasandako porrotaren ondorioetako bat da. Dahlanek osasun arazoak argudiatu ditu kargua uzteko, belauna artatzeko Europara maiz joan beharra duela azalduta. Haatik, PANeko iturriek Haaretz egunkariari esan diotenez, Gobernuaren batzorde batek dimisioa emateko eskatu dio, ekainean Al Fatak Gazan izandako porrotaren erantzule nagusietako bat bezala jota.
Ekainean Al Fatako buruzagi militarrak kexatu ziren Abbasek ez zizkielako Hamasen indarren aurrean eusteko agindu argiak eman, eta ez zutelako buruzagitza zentralizaturik ikusi. Dahlan, Kairon (Egipto) zabilen, belauneko zauri bat sendatzen ari zela argudiatuta. Halere, ahots kritiko batzuek nabarmendu zuten ez Abbas ez Dahlan, ezta beste buruzagi batzuk ere, ez zirela Gazara gerturatu, krisi larria piztu zenean.
Horiek horrela, Hamasek poza adierazi du Dahlanen dimisioarengatik, hura «Hamasen eta batasun nazionaleko gobernu zilegiaren kontra estatu kolpea» prestatzen ari zela nabarmenduta. Dahlan etsaitzat dauka Hamasek, eta hari CIAren eta Israelen alde lan egitea leporatu izan dio urteotan.
Horren haritik, Al Fatak Hamasekin duen lehian hura laguntzeko, hari 1.000 errifle eman dizkioTel Aviveko gobernuak, haren kontrolpeko poliziak erabil ditzan.
Bestalde, PANeko presidenteak esan du espero duela Israelekiko bakeak urte baten buruan egitea. Abbasek AEBetako presidente George Bushi agindu zion 2008ko abendua baino lehen Palestinako gatazka konponduko zuela.
Belen ondoko Artas herrian kokagune baterako oinarriak jarri dituzte kolono juduek. Beren lurrak defendatzera joandako nekazari palestinarrei eraso egin diete kolonoek eta soldaduek.
LIBANON HILDAKO BAT. Tripoli ondoko Nahr el Bared errefuxiatu gune palestinarrean soldadu libanoar bat hil da, gunean gotortuta dagoen Al Fata-Al Islam talde transnazionala menperatzeko borroketan.
Israelgo armadak gutxienez bost palestinar hil ditu
Rafako muga irekitzeko eskatu dio Haniak Egiptori; Abbasen segurtasun aholkulariak dimititu du
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu