Siria

Israelgo armadaren hegazkin bat eta drone bat bota dituela dio Siriak

Tel Avivek ukatu egin ditu Damaskok esandakoak, eta zehaztu du goizaldean bi misil jaurti dituela Golango gainetara, bezperan Siariatik botatako artilleria jaurtigai bati erantzunez.

Jubata herria, Golango gainetan. Herritik gertu erori dira misilak. ATEF SAFADI / EFE
2016ko irailaren 13a
08:11
Entzun

Ez dago argi zer gertatu den. Soilik azken orduetan hainbat misil bota dituztela Golango gainetara, bai Siriaren kontrolpeko lurretara eta baita Israelek okupatutakoetara ere. Jaurtiketen ostean, heldu dira salaketak. Siriako Gobernuak zabaldu du Israelgo armadaren hegazkin bat eta drone bat bota dituela goizaldean. Damaskoko iturrien arabera, aurretik aireko horiek bi misil jaurti dituzte Quneitra eskualdera —Siriaren menpeko Golango zatia—, eta haiei erantzunez eraso die horiei Siriako armadak.

Bestelakoa da Israelen bertsioa. Tel Avivek onartu du Siriak bere hegazkinei eraso diela, baina ukatu du bota dituela. Aldiz, zehaztu du atzo iluntzean artilleria jaurtigai bat bota zutela Israelen aldera, eta horregatik jaurti zituztela bi misil Siriara. Ordea, Damaskoren esanetan, Quneitra eskualdean dauden matxinoak "adoretzea" izan da Tel Aviven misilen helburua, Siriako armadari eraso eginez.

Israel eta Siriaren arteko harremana okertu egin da 2011n gerra hasi zenetik, eta Golango gainetan gertatzen diren aurrez aurrekoak dira horren erakusgarri. Israelek 1967an okupatu zituen gainak, eta 1981ean bereganatu.

Su-etena, aurrera

Indarrean da asteburuan AEBek eta Errusiak sinatutako su-etena, eta, iturri ofizialen arabera, ez da erasorik izan azken orduetan. Ordea, oposizioko taldeek kritikatu egin dute akordioa, eta salatu eurak "ahultzea" duela helburu. Kaleratutako oharrean, baina, ez dute zehaztu menia betetzeko asmorik duten edo ez.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.