Protestak herrialde arabiarretan

Israelgo Atzerri ministroak dio herri arabiarrak «ahultzen» ari direla

Tel Avivek Mubaraki hasieratik erakutsitako sostengua leundu duen arren, agintariak urduri daude oraindik

Erredakzioa
2011ko otsailaren 8a
00:00
Entzun
Hosni Mubaraken erregimenaren egoera ahulak ezinegona sortu du Israelen, azken 30 urteetan Tel Avivek eskualdean eduki duen aliatu nagusiena eta ia bakarra izan baita. Israelgo Atzerri ministro Avigdor Liebermanek, baina, Ekialde Hurbileko gatazkak altxamenduekin duen lotura oro ukatu du, lasaitasun mezua igorri nahian. «Palestinarren eta israeldarren gatazka Ekialde Hurbileko arazoen parte dela dioenak ihes egin nahi dio errealitateari», adierazi zuen atzo Israelgo Parlamentuan. Liebermanen ustez, «arabiar mundua ahultzen» ari dela erakutsi dute erreboltek.

Egipton gerta litekeen aldaketak Israelgo agintariak urduritu dituela, ordea, nabaria da. Benjamin Netanyahu lehen ministroak Mubaraki sostengua agertu zion erreboltaren hasieran. Istiluak indartu eta Mubaraken posizioa ahuldu ahala, Mendebaldeko herri gehienak trantsizioaren alde jarri dira. Tel Avivek ere, motelagoa eta leunagoa izan den arren, ez du hasierako jarrera mantendu. Kairoko egoerari buruz adierazpenik ez egiteko eskatu zien Netanyahuk bere ministroei. Simon Peres presidenteak, baina, Mubaraki «errespetu handia» ziotela adierazi zuen, «bakea mantentzeko egindako» lanagatik.

Netanyahuren aldaketa

Diskurtso aldaketarik nabariena iragan ortziralean egin zuen Netanyahuk. Manifestazioen bidez Egiptok «demokrazia» nahi duela adierazi duela erran zuen lehen ministroak, baina «islamismo erradikalak» boterea hartuko ote duen kezkatuta daudela aitortu zuen. AEB Ameriketako Estatu Batuen jarrerari buruz, berriz, Israelgo agintariek ez dute adierazpen ofizialik egin. Herrialdean, ordea, eztabaida bizia sortu du AEBek trantsizioaren alde hartutako jarrerak. Jimmy Carterrek Iran «galdu» zuen bezala Barack Obamak Egipto galtzeko arriskua duela uste dute analista eta kazetari israeldar anitzek.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.