Manifestari taldeek herenegun Kairon Israelgo enbaxadari egindako erasoa Egiptoko trantsizio prozesuan ezusteko ondorioa uztear egon zen atzo, Essam Sharaf lehen ministroak eta haren talde guztiak dimisioa aurkeztu zutelako. Kontseilu Militarreko buru Mohamed Tantaui mariskalak, ordea, ez zituen dimisio horiek onartu. Horren ordez, larrialdi legea osotasunean indarrean jartzeko agindu zuen; neurri horrek manifestazio iraultzaileak kolokan paratuko ditu aurrerantzean. Herenegungo liskarretan, berriz, hiru lagun hil ziren, milatik goiti zauritu eta hemeretzi atxilotu zituzten. Horiek hurrengo astean auzitegi militarrek epaituko dituzte.
Larrialdi legea 1981ean paratu zuen indarrean Hosni Mubarakek, bere agintaldiaren hasieran. Osama Hekal Informazio ministroak adierazi du aurrerantzean estatuko indarrek indarkeria ekintzen aurkako neurri guztiak aplikatuko dituztela, «autodefentsarako eskubidearena barne». Neurri horren aplikazioaren ondorioz, bertzeak bertze, atxilotutakoak Larrialdietarako Estatuko Auzitegira eraman ahalko dituzte. Hain zuzen, azken egunetan Tahrir plazako protestak berpiztu egin dira, manifestariek ezohiko neurriak bertan behera geldi daitezela eskatu dutelako.
Abuztuko erasoaren ondorioa
Protestak, baina, indartu egin dira, eta Israelen enbaxadaraino iritsi. Iragan hilabetean «terrorista palestinarrak» zirelakoan Israelek Egiptoko sei soldadu hil zituenetik —zaurituetako bat atzo hil zen—, Saharaf lehen ministroak ezin izan du egoera kontrolatu, gobernuak Israeli emandako erantzun demokratikoa ahulegia zela iritzi ziotelako Egiptoko herritarrek. Sharafek eta bere gobernu taldeak agintea utzi nahi izan dute, Israelgo enbaxadaren aurkako erasoa saihesteko ahulegiak izan direla onartu dutelako. Gertakari horiengatik Israelgo enbaxadoreak Tel Avivera ihes egin du, eta bi herrialdeen arteko harreman diplomatikoak zeharo gaiztotu dira.
Ortziraleko gertakariak aurrez ikusteko modukoak ziren. Aste guztian sare sozialek sustatutako zurrumurrua zabaldu da Kairon, Israelgo enbaxadaren aurkako kontzentrazio batera deituz, han berriki eraikitako pareta botatzeko asmoz. Pareta hori ehun metro luze da, eta bertze hiru metroko garaiera du. Hamabortz solairuko eraikin bat babestea zuen helburu, haren azken bi solairutan baitago Israelgo enbaxada. Pareta horrek, ordea, Egiptoko herritarren sumina piztu du azkenean. Duela aste batzuk, adibidez, gazte batek eraikinaren kanpoaldetik eskalatu zuen, behean soldaduen hilketagatik protestan ari zirenean. Egun hartan, Ahmed al Shehat gazteak Israelgo banderaren lekuan Egiptokoa jarri zuen, eta herrikideen heroi bilakatu zen. Protestarako gogoz zeudenei bidea ireki zien.
«Urduri jarri ginen. Hau ez da Palestina, hemen ez ditugu Israelgoen hormak onartzen», dio Mohamadek, 25 urteko turismoko langileak. Arratsa enbaxada ondoko borrokaldian pasatu zuen, eta atzo goizean inguruan zebilen oraindik. Arratsa «estresagarria baina zoragarria» izan zela dio. Han gertatutako ekintzez ari da. Protestan ari zirenek horma hautsi zuten, lau gaztek eraikinaren kanpoaldetik eskalatu eta Israelgo banderaren tokian Egiptokoa paratu zuten, eta, azkenean, talde batek estatuko indarrak gainditu eta enbaxada barrenera sartzea lortu zuen. Mohamadek ekintza horiek justifikatu ditu. «Armada israeldarrekin dago, ez egiptoarrekin». Yithzak Levanon enbaxadorearen ihesa aipatzean, berriz, Mohamadek irribarre egin du. «Urteetan itxaron dugu egiptoarrek palestinarren alde erantzun diplomatiko egoki bat ematea, baina hori ez da ailegatu».
Etsaiaren bandera
Israelek Kairon duen enbaxada toki gatazkatsuan dago. Ordezkaritza diplomatiko gehienak auzo lasaietan daude, Zamalek edo Garden City bezalakoetan. Israelgoa, ordea, Unibertsitateko Zubiaren bukaeran dago, Niloren mendebaldeko aldean. Egiptoar anitzek hori probokaziotzat dute, milaka lagun igarotzen baitira handik egunero, eta horiek denek etsaitzat duten herrialde baten bandera ikusten dute egunero. Gainera, egiptoarrak bizi diren eraikin baten azken bi solairuak okupatzen ditu Israelek. Horregatik, bizilagunek segurtasun kontrolak igaro behar dituzte etxera joan nahi duten aldioro. «Berdin du hemen edo han egotea, dio Ualid 35 urteko nazioarteko merkataritzako langileak. «Enbaxada hori ez dugu nahi inon Egipton. Doala infernura».
Benjamin Netanyahu Israelgo lehen ministroak atzo arratsaldean egin zuen agerraldia gertakarien inguruan mintzatzeko. Egiptorekiko bake akordioak errespetatuko dituztela berretsi zuen, baina erran zuen Kairori eskatuko diotela har ditzala enbaxada babesteko «behar bertzeko indarra duten neurriak».
Protestak herrialde arabiarretan
Israelgo enbaxadako erasoak arriskuan jarri du Egiptoko iraultza
Herrialdean agintean dagoen Kontseilu Militarrak larrialdi legea osotasunean ezarri du, salbuespen neurriak indartzekoLehen ministroak dimisioa aurkeztu du, baina militarrek ez diote onartu
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu